Urtea amaitzeko dirurik ez zaiola faltako berretsi du Jaurlaritzak

Kontuen inguruan «gezurretan» aritzea egotzi dio Agirre sailburuak EAJri, eta Ibarretxeren agintaldiko gastuak salatu dituGobernuaren kutxan 1.100 milioi euro daude, eta beste 4.000 milioi ditu kobratzeko

Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du likidezia arazorik, eta urtea amaitzerako konpromisoak betetzeko finantzaketa bideratuta du. Hala ziurtatu zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, aurrekontuen egoera azaltzeko agerraldian. Gobernuaren kaudimena eta gardentasuna defendatu zituen Agirrek, eta, aldi berean, EAJtik eginiko akusazioak gogor salatu zituen.

Egungo datuak eskuetan, aurtengo defizit muga murrizketa gehiagorik ezarri behar izan gabe betetzea aurreikusten du gobernuak. Uztaila arte zerga bilketa %2,4murriztu izanak kezka sortu du. Jaitsiera hori urte amaieran errepikatuko balitz, hala ere, gobernuak ez luke arazorik izango bere gain hartzeko. Ekonomia Sailaren kalkuluen arabera, aldundietatik espero baino 236 milioi gutxiago jasoko lituzke, baina Espainiarekin adostutako Finantzak Orekatzeko Planak dagoeneko 290 milioi aurrezteko neurriak jasotzen zituen.

Altxortegiaren egoerari buruz ere azalpenak eta dokumentazioa banatu zituen Agirrek. Gaur egun, kutxan, 1.100 milioi inguru dituzte gobernuak eta enpresa publiko nagusiek. Urtea amaitu bitartean, berriz, beste 4.000 milioi eskuratuko ditu Jaurlaritzak, aldundien ekarpenak, zor salmentak eta kredituak kontuan hartuta. «Geure egoera onargarria da. Ez da sekulakoa, inork ez duelako gaur egun altxortegia gainezka, baina aski da hartutako konpromisoak betetzeko», laburbildu zuen sailburuak.

Gobernuak likidezia arazorik ez duen erakusgarri, aldundiei ekarpenen ordainketan emandako atzerapenak nabarmendu zituen gobernuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei 572 milioi behar baino beranduago ordaintzeko aukera eskaini die.

«Herentzia pozoitua»

Kontu ekonomikoen xehetasunak ematearekin batera, agerraldiaren beste partea EAJren aurka egiteko baliatu zuen sailburuak. Lehenik eta behin, finantza egoera etengabe zalantzan jarri izana aurpegiratu zien jeltzaleei. «Jaurlaritza porrot eginda dagoela esan izan dute. Gezurra izateaz gain, arduragabekeria galanta da, ezin zaiolako EAEko erakunde handienari eta nagusiari halako erdeinua adierazi». Halaber, gobernuari gardentasun falta leporatu izana kritikatu zuen. «Zitalkeria da. Gobernuak ez du ezer ezkutatu behar, eta kontrakoa dioena gezurretan ari da».

Urrutiago ere jo zuen Agirrek, eta legealdiko buruhauste ekonomikoen abiapuntua Ibarretxeren azken agintaldiak utzi zion «herentzia pozoituari» leporatu zion. «Denak ez du balio, ezta hauteskunde kanpainan ere, eta are gutxiago EAJk arduraren parte handi bat izanik». Jeltzaleek «neurria galdu» zutela ziurtatu zuen sailburuak, eta zenbait datu eman zituen justifikatzeko. Besteak beste, 2005 eta 2009 urteen artean gobernuaren gastua %41 handitu zela azpimarratu zuen, baina ekonomia %12 hazi zela.

Zuzendu ezean, hazkundearen eta gastuaren arteko desoreka horrek sistema porrotera eramango zuela ziurtatu zuen Agirrek. Gogoetan ez zuen zerga bidez bildutako dirua aipatu, gastua handitu zen urte horietan sekulako gorakada izan zuena. 2005 eta 2007 urteen artean %34,8 igo ziren administrazioen finantza baliabideak, 2008an %6,8 jaitsi arte. Alegia, esku artean inoiz baino diru gehiago izan zuten administrazioek.

Kritika nagusia 2008 eta 2009 urteetan eginiko kudeaketa ekonomikoari egin dio Ekonomia sailburuak. 2008. urtean ez ziren aurreikuspenak bete, eta urtea 838 milioi euroko zuloarekin itxi zuen Ibarretxe lehendakariaren gobernuak. Hala ere, hurrengo urteko aurrekontuan gastua handitzea erabaki zuen, zerga bilketaren aurreikuspen eskuzabalean oinarrituta. Aurreikuspen trakets horrek 2.800 milioi euroko zuloa utzi zuen EAEko administrazio publikoen kontuetan, eta horren ardura EAJri leporatu zion sailburuak.

Ibarretxeren garaiko soberakinekin gertatu zena argitzen ahalegindu zen Agirre, halaber. 2008.urtea amaitu zenean 1.600 milioitik gora geratzen ziren kutxan. Haatik, Lopezek kargua hartu baino lehen Ibarretxeren gobernuak beste 1.023 milioi erabili zituen. Agirreren arabera, gobernu berriak 346 milioi baino ez zituen gastatu 2009. urtean, eta, defizita hain handia zenez, 1.050 milioi euroko aparteko zorpetzea eskatu behar izan zioten Legebiltzarrari.

Zorpetzea «kontrolpean»

Ekonomia Sailaren arabera, defizit handiena pilatu zen garaia 2008ko hasieratik 2009ko apirilera izan zen, Ibarretxe lehendakariaren agintaldiko azken hilabeteak. Gastu abiadura horri eutsiz gero, gaur egun Eusko Jaurlaritzaren zorra 10.000 milioi eurotik gorakoa izango zela azaldu zuen Agirrek, gaur egun duenaren bikoitza (5.543 milioi dira).

Zorraren interes eta amortizazioen truke, aurten, 364 milioi ordainduko ditu gobernuak, aurrekontuaren %3,5 baino gutxiago. Amortizatu ordez zorra berriro finantzatuz gero, %1,8 baino ez da. Heldu den urtean, berriz, 452 milioi izango dira. Agirreren irudiko, bere gobernuaren zorpetzeak ez du hurrengoaren egoera baldintzatuko. «2015. urterako ezingo da zor berririk jaulki. Kontuen arduradunak erabaki beharko du orduan amortizatzen duen, edo epe luzeago batean ordaintzeko zatikatzen duen».

Urkullu: «Txantxa bat da»

EAJk berehala erantzun zien Jaurlaritzatik egindako kritikei. Iñigo Urkullu EAJko presidente eta lehendakarigaiak Twitter bidez igorri zuen erreakzioa. «Gustu txarreko txantxa eta errespetu falta bat da Lopezen gobernuak zorpetzearen errua Ibarretxerenari leporatzea, hiru urte igaro eta gero».

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak ere sailburuaren aurka egin zuen, Efe albiste agentziari egindako adierazpenetan. Iturrateren ustez, «irrigarria» da erantzukizuna aurreko gobernuari egotzi nahi izatea. «Itxura asko egin arren, egia bakarra da gobernuaren zorra hamar aldiz biderkatu dela, 642 milioi eurotik 6.500 milioira, eta horrek Euskadiren etorkizuna, herritarren ongizatea eta datozen gobernuen aukerak hipotekatzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.