Europako Batasunak beste urtebete emango dio Espainiari defizit publikoa barne produktu gordinaren %3tik behera uzteko. Trukean, Madrilgo agintariek gastu publikoa murrizteko eta zerga bilketa handitzeko neurri gehiago hartu beharko dituzte. Gainera, oso litekeena da orain arteko estrategiari beste ziaboga bat egin eta banku txar bat sortu behar izatea, finantza erakundeek pilatu dituzten lurzoruak, erdi egindako etxeak eta etxebizitzak bildu eta saltzen joateko.
Europako Batasuneko finantza ministroek gaurko bileran dute onartzekoa Espainiari luzapena ematea. Hala balitz, bigarren aldia izango litzateke aurten Espainiak denbora lortzen duela bere kontuak orekatzeko. Martxoan, EBk %5,3ko muga jarri zioten, ohartu baitziren aurretik finkatutako %4,4ra iristea ezinezkoa izango zela. Lau hilabete geroago, %5,3ko muga ere motz geratu zaio Espainiari, nahiz eta jendaurrean PPren gobernuak behin eta berriz esan duen betetzeko moduan zegoela. Muga berria %6,3koa izango da, Nazioarteko Diru Funtsak iragarritakoaren bidetik. 2011 %8,9ko zuloarekin bukatu zuen Espainiak, azken unean PPren esku zeuden erkidego batzuek desbideratze handiagoak onartu ostean.
Aurtengo helburura iritsita ere, datozen urteotan ere defizita nabarmen txikitu beharko du Espainiak: %4,5ko muga du 2013an eta%2,8koa 2014an. Muga berriek arnasa ekarriko diote Madrili, baina ez zaizkio doan etorriko. EBko bazkideek behartuta, Mariano Raxoiren gobernuak beste murrizketa programa bat onartzekotan dago; ostiral honetan, ziur aski. Neurrien artean daude Espainiako Gobernuak orain arte baztertutakoak, hala nola BEZaren igoera, erregaiei «zerga berdea» ezartzea, langabezia saria txikitzea eta funtzionarioen lanaldia luzatzea.
Erreskatearen baldintzak
Beste puntu batean ere amore eman behar izan du Espainiak: banku txarra sortu beharko du eraikuntzako aktibo toxikoak biltzeko. «Etxegintza aktiboen kudeaketa konpainien sorrera»,Luis de Guindos Ekonomia ministroaren hitzetan. Urteak daramatzate Madrilgo gobernuek proposamen hori aztertzen, baina ez dira indarrean jartzera ausartu, Santander, BBVA eta banku handiek presio gogorrak egin dizkietelako. EBk, ordea, pisu handiagoa izan du Emilio Botinek baino, eta Espainiako bankuei 100.000 milioi arte uzteko baldintzen artean sartu du banku txarrarena.
Beste neurri bat izango da banku guzti-guztiei gutxienez %9ko kapitala eskatuko zaiela —gaur egun bost banku handiek soilik dute bete beharrekoa—. Baldintza horiek aztertu zituen atzo arratsaldean eurotaldean bildutako euroguneko finantza ministroek. Atzo eztabaidatutakoak behin betiko hilaren 20ko beste bilera batean onartzea espero da.
Espainiaren egoera ez ezik, beste herrialde batzuena ere jorratu behar zituen eurotaldeak. Greziari buruz, troikaren azken txostena zuten aztertzekoa. Ziprek bere bankuentzat eskatutako laguntza ere mahai gainean zegoen.
Irlandak, berriz, bere erreskatearen baldintzen aldaketa negoziatzeko egutegia zuen eskatzekoa. Dublinek gainetik kendu nahi du bere bankuak kapitalizatzeko zama, eta azken bileran Espainiarentzat irekitako atetik sartu nahi du bera ere.
Urtebete baldintzapean
Espainiak 2014ra arte izango du defizita %3ra jaisteko, baldin eta neurri gehiago hartzen jarraitzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu