Urtebetean %11,5 igo da Ipar Euskal Herrian lan bila ari direnen kopurua

MIGen arabera, ekonomia hazkunderik ez da izan aurten, eta sektore guztietan kezka gora doa

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
20.800 lagun ari ziren agorrilean lan bila Ipar Euskal Herrian, duela urtebete baino %11,5 gehiago. Langabezia tasa %9ra iritsi da aurtengo lehen hiruhilekoan, urte batez 0,6 puntuz emendatu baita. Gutxieneko errenta (RSA) jasotzen dutenen kopurua ere %9 igo da azken hamabi hilabeteotan, eta horietan %58,8k langabeak dira.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera sozioekonomikoa okertuz doala erakusten duten zifra beltzak aurkeztu ditu Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG). «Ez dizuet egoera liluragarri bat aurkeztuko... aireportuko mugimenduari buruzko zifretan izan ezik, beste guztietan arazoak dauzkagu», onartu du Andre Garreta MIGeko presidenteak. Argi eta garbiki aitortu du krisi finantzarioa eta ekonomikoa pairatzen ari dela Ipar Euskal Herria. Urte hasiz geroztik, hazkunde ekonomikorik ez du izan Ipar Euskal Herriak.

Geroari begira, enpresaburuen %31 kezkaturik agertzen dira, eta soilik %55ek diote konfiantzarekin begiratzen biharrari. Horra zer islatzen duen MIGek 600 enpresaburuei egin inkestak. Urte hastapenetik beldurra areagotu egin da sektore guztietan: urtarrilaz geroztik, kezkaturik direnen kopurua %17tik %30era igo da zerbitzuen sektorean, %22tik %34ra turismoan, %28tik %34ra komertzioan, %20tik %34ra eraikuntzan eta %14tik %24ra industrian.

Hori dela eta, krisi batzorde bat berriz gauzatzeko erabakia hartu du MIGek. «Zailtasunetan diren enpresaburuak ez ditugu bide bazterrean utzi nahi», Garretaren hitzetan. Hain zuzen, zailtasunei aurre egin beharra dute enpresaburu anitzek, eta horietan anitz dira enpresa hetsi behar izaten dutenak. Urte hastapenetik, 728 dira desagertu merkataritzaren eta ofizialeen sektorean. Hala eta guztiz ere, enpresa sortze gehiago dira: 2,2 enpresa sortze dira desagerpen batentzat. Iaztik langile kopurua ere jaitsi egin da: %0,7 sektore pribatuan.

Bidegabeko lehia, errudun

Elementu bat baino gehiago dira egoera ekonomiko horren oinarrian. Besteak beste, bidegabeko lehia. «Lege sozioekonomiko koherenterik gabeko Europa», erruduntzat jo du Garretak. Aterabide gisa, zergei eta sozial arloari begira, «harmonizatze politika europar» bat beharrezko dela uste du MIGeko presidenteak. Konkurrentziari aurre egiteko, enpresek «kualitatiboari, berrikuntzei eta gaitasunei» garrantzia eman behar diete. Bestalde, eskaera eskas dela azaldu du. Hain zuzen, iaztik %0,5 jaitsi da kontsumoa.

Baionako portuko mugimenduari buruzko zenbakiek ere krisi ekonomikoa baieztatzen dute. Urte hastapenaz geroztik, 2.474.758 tona garraiatu dira bertatik, iaz garai berean egindakoa baino 300.234 tona gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.