Urtebetean 96.000 enplegu galdu dira Hego Euskal Herrian

Gora egin du langabeziak berriro, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan 152.000 langabe zenbatu ditu INEren azken inkestak

Ivan Santamaria.
2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Enpleguaren galerak ez du etenik: azken hamabi hilabeteetan 96.300 lanpostu desagertu dira Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Erakundeak argitaratzen duen Populazio Aktiboaren Inkestaren azken datuak ez dira onak izan, lanik gabe dauden pertsonen kopuruak gora egin baitu herrialde guztietan, Nafarroan izan ezik.

Ekaina eta iraila bitartean 4.400 langabe gehiago zenbatu zituen INEren inkestak Hegoaldean. Horrenbestez, 152.700 pertsona daude lanik gabe eta lan bila. Langabeziaren igoera ez da geratu azken hamabi hilabeteetan. Hain zuzen ere, urtearen joanean 39.100 langabe gehiago daude, INEren arabera. Kopuru horiekin langabezia tasak %11 gainditu du. Orain dela urtebete tasa orokorra ez zen %6,5era iristen.

Soilik Nafarroa libratu da langabeziaren hazkundeaz. Aurreko hiruhilekoan baino 6.300 langabe gutxiago izan ditu, eta tasa %10,4koa da. Gipuzkoa da, oraindik, %10etik behera dagoen Hegoaldeko lurralde bakarra, 200 langabe gehiago izan dituen arren. Araban eta Bizkaian nabarmen egin du gora kopuruak, eta bi herrialdeen langabezia tasa %12tik gorakoa da dagoeneko. Halaber, Araban gizonen langabezia tasak emakumeena gainditu du.

Lanpostuen galerari dagokionez, apur bat moteldu da iazko azken hilabeteetan eta aurtengo lehen txanpan zuen erritmo bizia. Hala ere, ekainetik irailera bitartean 10.500 langile gutxiago egon zirela kalkulatu du INEk.

«Eskandaluzkoa», ELArentzat

Populazio Aktiboaren Inkestan agertzen diren datuak «eskandaluzkoak» direla salatu du ELA sindikatuak, ohar baten bidez. Azken urtean egon den enplegu galeraren garrantzia azpimarratu du, batez ere. «Krisia enpleguan izaten ari den larritasuna islatzen du», sindikatuaren aburuz, eta orain arte galdu diren soldatapeko lanpostuetatik %90 baino gehiago behin-behinekoak zirela ziurtatu du.

Populazio aktiboa gutxitzearen inguruan ohartarazi du LAB sindikatuak. Krisia luzatu ahala, lana aurkitzeko itxaropena galdu eta bilatzeari uzten dioten pertsonak gero eta gehiago diren susmoa dusindikatuak. «Gerta liteke epe luzeko langabezia dena estalita geratzea». Ipar Euskal Herriko langabeziari buruz Aztikerrek egindako behin-behineko kalkuluaren berri eman du LAB sindikatuak: beste hamar mila langabe, hain zuzen ere.

UGTren irudiko, berriz, langabeziaren igoerari aurre egiteko «tresnarik onena» gizarte elkarrizketan sakontzea izango da.

Diru gehiago udalentzat

E Planaren bigarren partea onartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak.Energia berriztagarrietan, iraunkortasunean edo teknologia berrien alorrean udalerriek dituzten egitasmoak finantzatzeko, 5.000 milioi euroko funtsa sortuko da. Horren bidez, 15.000 proiektu diruz lagundu eta 200.000 lanpostu sortu nahi ditu Madrilgo gobernuak.

Aurreko funtsarekin alderatuz, lanpostu horiek «kualifikazio handiagoa» eskatuko dutela ziurtatu du Espainiako lehendakariorde Manuel Chavesek. Edonola ere, diruaren parte bat, %20, gastu korrontea ordaintzeko erabili ahalko dute udalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.