Urtebeteko su etena AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerran

Elkarri jarritako neurririk gogorrenak urtebetez bertan behera utziko dituztela adostu dute Donald Trumpek eta Xi Jinpingek, Hego Korean egindako bileran.

Xi Jinping eta Donald Trump aurrez aurre gaurko bileran. TXINAKO GOBERNUA
Xi Jinping eta Donald Trump aurrez aurre, gaurko bileran. TXINAKO GOBERNUA
Irune Lasa.
2025eko urriaren 30a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilkura mezu elektroniko bat izan zitekeen, adostutakoei begiratuta; finean, beste luzapen bat izango da AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialik gordinena eragozteko. Baina irudiek, keinuek, adierazpenek badute garrantzia, eta sei urteren ostean Xi Jinpingek eta Donald Trumpek aurrez aurre elkarri begiratzeak ere bai.

Ordu eta erdi inguru iraun du Trumpek eta Xik Busanen, Hego Korean, egindako bilkurak. Argazkirako lehen hartu-emanean, irribarretsu eta berritsu agertu da Trump; irribarretsuegi eta berrietsuegi, Xik erakusten zuen irribarre barearen eta aho itxiaren ondoan.

Edonola ere, tratu adeitsuan eta elkarren alabantzan egin dituzte elkarrizketa mahaiko adierazpenak. Xik azaldu du bi liderrek hiru aldiz hitz egin dutela telefonoz azken urtean, eta hainbat gutun trukatu dituztela. Txinako presidenteak Gazako gatazkan egindako ekarpena eskertu dio Trumpi.

Ateak itxi direnean zer gertatu den ezin jakin, baina, aditu gehienen ustetan, Xik zera emango zion aditzera presidente estatubatuarrari: «Molda gaitezen ondo». Tentsio eta arma erakuste guztien ondorengo baretze bat, guztien hobe beharrez.

Su etena

Akordioei begiratuta, aurretik haien negoziatzaileek adostutakoa berretsi dute AEBetako eta Txinako presidenteek, eta oinarri-oinarrian urtebeteko su etena hitzartu dute merkataritza gerrarako.

G4eihHpXoAAp3wD
Trump eta Xi, bilera aurreko argazkian. TXINAKO GOBERNUA

Gerra horren kronologia asko laburtuz, gogoratu behar da Pekinek berehala erantzun ziola Trumpek apirilean bere muga zerga neurrigabeekin piztutako gatazkari, baina, gero, 90 eguneko bi luzapen ezarri zituzten lehen liskar haiek baretzeko eta negoziazioei bide emateko.

Kontua da azken luzapena azaroan amaitzekoa zela, AEBek Txinari neurri komertzial gehiago ezartzen jarraitu zutela —itsasontzi txinatarren gaineko tasetan eta konpainien zerrenda beltzean, besteak beste—, eta Pekinek, gogaituta, konfrontazioa beste koska bat areagotzea erabaki zuela urriaren 9an: lur arraroen gaineko esportazioei lizentzia zorrotzagoak ezarri zizkien, eta, funtsean, oinarrizko lur arraroen hornikuntza eten estatubatuarrei. Txinak hortzak erakutsi zizkien AEBei, eta letagin luzeak dituela frogatu, gainera.

Tentsioa baretzeko asmoz

Orain, tentsioa baretu egin da neurri batean. Txinak onartu du lur arraroen lizentzia horien ezarpena urtebetez atzeratzea. AEBetako soja erosteko prest ere azaldu da, eta hori gai delikatua zen Trumpentzat.

AEBek, berriz, %10era murriztuko dituzte fentaniloarengatik jarritako muga zergak. Itsasontzi txinatarrentzako tasak urtebetez bertan behera uztea ere ametitu du Trumpek, eta, Txinaren arabera, AEBek hitzeman du urtebetez ez duela ezarriko %50eko araua deiturikoa.

Irail amaieran iragarri zuten AEBek arau hori, eta, haren bidez, zabaldu egin zuten «segurtasun arrazoiengatik» AEBetako gaiak erostea mugatua edo debekatua duten konpainien zerrenda beltza. Hala, Huawei eta beste zenbait enpresa ez ezik, haien filialak ere zerrendan sartzen ziren.

SOUTH KOREA USA CHINA DIPLOMACY
Trump eta Xi elkar agurtzen, bileratik atera ostean. YONHAP / EFE

Orain urtebetez etengo den neurri horrek sutan jarri zuen Txina —hortik lur arraroen jokaldia—, herrialdearen apustu garbia baita teknologia aurreratuenetan AEBekiko duen tartea txikituz joatea.

Ildo horretan, Trumpen arabera, gaurko bileran ez dute hitz egin Txinari Nvidiaren eta SMCIren txip aurreratuenak erostea eragozten dioten kontrolak kentzeaz, baina ez dago zalantzarik Pekinentzat gaia oso garrantzitsua dela oraindik ere.

Apirilean hurrengoa

Beharbada txip horiek hizpide izango dira Trumpen eta Xiren arteko hurrengo bileran. AEBetako presidenteak iragarri du Pekinera bisita egingo duela datorren apirilean.

Duela sei urte ez bezala, gaurko Busango bileraren ostean Trumpek eta Xik ez dute prentsaurreko bateraturik egin. Eta irteerako argazkia ere ez da bereziki alaia izan. Bileraren ostean, AEBetara itzultzeko hegaldian, bilera «bikaina» izan dela esan du Trumpek, «12koa 1etik 10erako eskalan». Txinako Gobernuaren adierazpenaren tonua ere baikorra izan da. Xiren ustez, normala da munduko bi ekonomia nagusiek noizean behin tirabirak izatea. Edonola ere, bi aldeek «lezioak ikasi» dituztela uste du.

Eta lezio horien artean dago AEBek denbora gehiago behar dutela Txinako lur arraroen menpekotasunetik askatzeko; eta, beste aldean, Txinak denbora gehiago behar duela erdieroaleetan eta adimen artifizialean duen atzerapena apaltzeko. Bi herrialdeen norgehiagoka eta azpiko tentsioa —baita militarra ere— ez baitira desagertu.

Hala ere, bi aldeei datorkie ondo su eten luzeago bat helburu horiek lortzeko, nahiz eta Trumpen aldakortasunak edonoiz jar ditzakeen hankaz gora gauza guztiak. Baina bitartean, dirudienez, elkarrekin ondo moldatuz joatea da onena bientzat, Trumpentzat eta Xirentzat.

PROBA NUKLEARRAK

Xi Jinpingekin biltzeko Hego Koreara bidean zela, Donald Trumpek post bat argitaratu du Truth Social bere sare sozialean: «Gerra Departamentuari aginduak eman dizkiot gure arma nuklearrak probatzen hasteko, baldintza parekoetan. Prozesu hau berehala abiatuko da».

Analisten arabera, AEBetako presidentea Txinari eta Errusiari buruz ari zen «baldintza parekoak» aipatu dituenean. Dena den, ez dago argi zehazki zer probari buruz ari zen: arma nuklear bat eraman dezakeen misilen bat edo sistemaren bat probatzeaz edo ojiba nuklear bat lehertzeaz. Halako eztanda probarik ez dute egin AEBek —ezta Errusiak eta Txinak ere— 90eko urteetatik.

Txinako Gobernuak erantzun dio espero duela AEBek Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunari jarraitzea eta «seriotasunez betetzea bere betebeharrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.