Uste baino zertxobait gehiago jasoko du Gipuzkoako Ogasunak

Arabako Diputazioak MG-Rover auziagatik jasoko duen zatitik bederatzi milioi dira Gipuzkoarentzat

Erredakzioa
Donostia
2009ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Azken aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako Ogasunak iaz baino %18,1 gutxiago bilduko du aurten. Datuak txarrak direla aitortu du Pello Gonzalez diputatuak, baina azken aurreikuspenetan kalkulatu baino %1,5 gehiago jasoko dutela dio, urrian %19,6 gutxiago bilduko zutela espero baitzuten. Errenta zergan, sozietate zergan eta BEZean nabaritu dutela igoera azaldu du. Horrez gain, Arabako Diputazioak lagunduko dio Gipuzkoari kontuak itxuratzen.

Aurten itzuliko dio Espainiako Zerga Agentziak Arabari MG-Rover auziagatik zor dion zorraren zati bat, 456 milioitik ehun hain zuzen. EAEn zerga bidez lortzen diren sosak banatzeko arrisku partekatuko sistema bat dago martxan, Ekarpen Legean oinarritzen dena. Koefiziente jakin batzuen arabera, diru guztia Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien artean banatzen da. Horri jarraituta, Gipuzkoari ehun milioitik bederatzi dagozkio.

Ogasunak egindako aurreikuspenen aldaketak udalei ere eragingo die. 2009ko kanpainan 106 milioi euro itzuli beharko zituztela uste zen. Gonzalezen arabera, urte amaieran datuak betetzen badira, 103 milioi bueltatuko dituzte.

Ekonomia iraunkorra

Espainiako Gobernuak berriki onartu duen Ekonomia Iraunkorraren Legeari buruz ere hitz egin du Gonzalezek. Haren esanetan, antzeko neurriak «aspalditik» daude indarrean Gipuzkoan, eta batzuetan «ahalegin ekonomiko handiagoa» ere egiten dela gaineratu du. Adibide bat jarri du Aitor Orena zerga politiketarako zuzendariak. Berrikuntzetarako kenkariak %10etik %12ra igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Gipuzkoan kopuru hori %20an dagoela azaldu du. Energia berriztagarrien erabilera sustatzeko baliabide gehiago dituela ere esan du.

Horrez gain, Europako Batzordeak opor fiskaletako dirua itzultzeko eskatu duen arren, laguntza horiek dagoeneko bueltatu dituztela dio Gonzalezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.