Analista guztiek espero bezala, AEBetako Erreserba Federalak puntu laurden igo zituen atzo interes tasak, %2tik %2,25eraino. Erreserba Federaleko Merkatu Zabaleko Batzordearen ustez, atzoko igoeraren ondoren ere diru politika murrizgarri eta neurrizkoak «egokia izaten jarraitzen du». Eta, beraz, Alan Greenspan buru duen erakundearen hurrengo mugimenduak ildo beretik joatea espero dute.
Izan ere, inflazioaren inguruko kezka areagotzen doa AEBetan. Inflazioak gora egin dezake energiaren eta lehengaien garestitzearekin, pixkanaka hobera doan lan merkatuarekin eta dolar ahularekin. Erreserba Federalak inflazioari eusteko bere lana ekonomiaren hazkuntza ito gabe bete behar du, eta horretarako ari da pixkanakako tasen igoerekin. Atzoko erabakiaren ondoren plazaratutako agirian «inflazioa eta epe luzerako inflazio aurreikuspenak eutsita» daudela adierazi zuen. «Energia prezioak igo egin badira ere, ekoizpena neurrian hazten ari dela dirudi», gaineratu zuen. Zenbaitek ahul ikusten duten lan merkatua «gradualki hobetzen» ari dela ere adierazi zuen AEBetako Banku Zentralak.
Merkataritza defizitaren beste errekor bat
55.464 milioi dolar. AEBetako urriko merkataritza defizitak eman zuen atzo ustekabea. Aditu eta analistek jada aurreikusten zuten hazkuntza defizitean, baina iragarritako 53.000koa baino handiagoa izan da azkenean inportazio eta esportazioen arteko aldea, aurreko hilean baino %8,9 handiagoa. AEBetarako inportazioak 153.000 milioi dolarrekoak izan ziren eta esportazioak, berriz, 98.100 milioikoak. Hamar hilabetetan, horrela, 500.500 milioi dolarreko defizita pilatu dute AEBek.
Petrolioaren prezio garestia izan da defizitaren eragile handienetako bat. Inportatutako upeleko batez besteko prezioa 41,79 dolarrekoa izan da, irailean baino %11 gehiago. Eta dolarraren truke ahulagoak ere garestitu egin ditu inportazioak. Dolar ahulagoak egin dio mesede AEBetako esportazioei, azken hamar hilabeetan aurreko urte bereko epean baino %12,8 handitu baitira. Baina, inportazioak gehiago handitu dira aldi berean, %15,6. Esportazioek dolarraren depreziazioa laster igarriko dutela uste dute zenbait adituk, bide onetik doazela, baina AEBek etengabe handitzen doazen defizit publikoari eta merkataritza defizitari batera eusteko gai izango diren kezka ez da inolaz ere desagertu.
Aurrera begira, kezkatzeko beste datu bat ikusi dute adituek. Urrian 20.000 dolarreko balioa lortu zuten Txinatik AEBetarako esportazioek. AEBeetatik Txinarako esportazioak, berriz, 3.000 milioi dolarrekoak izan ziren. Aspaldian kexu dira estatubatuarrak, Txinak yuana artifizialki mantentzen duelako merke.
Ustekaberik gabe, interes tasak %2,25era igo ditu Erreserbak
«Neurrizko» diru politika murrizgarriarekin segitu dute AEBek eta urtea puntu laurdeneko bost igoerarekin itxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu