Bruselak ez dio Europako Batasunaren erreformarako ekimena oso-osorik Alemania eta Frantzia bikotearen esku utzi nahi. Atzo, EBko ustezko agintari gorenak, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, erreformarako bere proposamenak egin zituen, «benetako batasun ekonomiko eta fiskalerako». Parisek eta Berlinek ez bezala, Bruselak ez die eurobonuei uko egiten, epe luzerako izan daitekeela onartuta ere. Epe laburrerako ere proposamen zehatza egin du, Italiaren eta Espainiaren finantzaketa premiak estaltzeko: Nazioarteko Diru Funtsari maileguak eskatzea.
Bihar arratsean Bruselan hasiko den bileraren atarian, erreformarako bere proposamenak biltzen dituen gutuna bidali die Van Rompuyk EBko 27 gobernuei. Bezperan Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk iragarritako akordioaren bidetik doaz Van Rompuyrenak ere. Hau da, EBko kideek kontu publikoen oreka ziurtatzeari ematen dio garrantzia, eta gobernuei ematen die elkar kontrolatzeko ardura. Van Rompuyk uste du moldaketa hori bizkor egin daitekeela, hots, gobernuen arteko akordio batekin, parlamentuek edo balizko erreferendumek agintariei eman diezaieketen ustekabe txarrik —eta kontrol demokratikorik— gabe.
Alemaniak eurobonuei ezezko tinkoa ematen jarraitzen duen arren —Frantziaren babesarekin, orain— , epe luzera begira eurogune osorako zorra jaulkitzearen aldekoa da Van Rompuy. Aurretik, hori bai, EBk aurre- kontuen gaineko diziplina gogorra ezartzea ontzat jotzen du, Berlinek nahi duen moduan. Europako Kontseiluko presidentearen arabera, eurobonuek erakutsiko liekete espekulatzaileei eta beste inbertitzaileei euroa behin betikoa dela, eta haren gaineko presioa arintzeko balioko luke.
Epe motzerako, berriz, ontzat ikusten du Nazioarteko Diru Funtsera jotzea, eta hark ematea maileguak finantzaketa beharra duten estatu kideei. Azken asteotan ildo horretako beste proposamen bat izan da mahai gainean: EBZk debekatuta duenez estatu kide baten zorra zuzenean erostea, banku zentralak NDFri uztea, eta hark, bere aldetik, estatu kideei mailegua ematea, merkatuek interes tasa onargarriak eskaini bitartean.
Epe motzerako ere, Van Rompuyk proposatu du EFSF funtsak bere zorpetzea bikoiztu ahal izatea, eta haren ordezko finkoa, ESM izenekoa, gai izatea bankuen zorra zuzenean erosteko.
Geithenerren presioa
Eurogunearen atzeraldiak AEBei ere kalte egiten dienez, ostiralerako akordioa izan dadin presioa egiteko Europan dago Tim Geithner herrialde hartako Altxorreko idazkaria ere. Atzo Mario Draghi EBZko presidentearekin eta Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroarekin elkarrizketatu zen. Azken bilera horren ondoren, txalotu egin zuen Alemaniaren eta Frantziaren proposamena. Konponbidearen adar bat NDF izan daitekeenez, Geithnerrek agindu zuen AEBek erakunde horri laguntza emango diotela, baina ez zuen baieztatu Erreserba Federalak dirua utziko dionik.
Espainiako hurrengo gobernuburuak ere ontzat jo du Merkelen eta Sarkozyren plana. Mariano Raxoiren arabera, bere gobernuaren lehentasuna defizita txikitzea izango da, eta ildo horretatik joango da onartuko duen lehen legea: defizitaren gehienezko muga jartzeko Konstituzioari egindako aldaketa zehaztuko duen araua izango da.
Zorraren krisia. Goi bileraren atarian
Van Rompuyk ez du etsi, eta epe luzerako eurobonuak ere eskatu ditu
AEBetako Gobernuak sostengua adierazi dio Alemaniaren eta Frantziaren erreforma proiektuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu