Vital Kutxak irabaziak %3,2 handitu ditu, eta iaz baino mailegu gehiago eman ditu

Goldman Sachs AEBetako bankuak ia 2.500 milioi euro irabazi ditu urteko bigarren hiru hilekoan

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Vital Kutxak 32,3 milioi euro irabazi ditu urteko lehen sei hilabeteotan, iaz epe berean baino %3,2 gehiago. Krisia gorabehera, mailegu kopuru handiagoa eman du Arabako aurrezki kutxak.

Hedabideei igorritako agirian, Vital Kutxak ziurtatu du emaitzak «onak» direla, ekonomiak atzera egin arren hazi egin delako eta errentagarritasuna handitu duelako. Hain zuzen ere, Vital Kutxak nabarmendu du gastu orokorrak eta administraziokoak %0,85 murriztea lortu duela, etahorri esker sei puntu egin duela gora eraginkortasun indizeak, %40,09raino.

Gainera, berankortasunaren hazkundea geratzea lortu du. Ekainaren amaieran %2,38an zegoen, aurrezki kutxetako haren lehiakideen erdian, gutxi gorabehera. Aktibo zalantzatsuen estaldura ere handitu du, eta jasotzeko ziur ez dagoen kredituen %103 betetzeko adina diru utzi du albo batera.

Beste finantza erakunde batzuk ez bezala, Vital Kutxak ez du maileguen iturria itxi. Kontrara, ekainaren amaieran 6.746 milioi euro utziak zizkien familiei eta enpresei, duela urtebete baino %4,6 gehiago. Are gehiago, %5,27, handitu dira etxebizitzak erosteko emandako maileguak. Araban bi hipoteka mailegutatik bat aurrezki kutxak ematen du. Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, urte hasieratik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emandako maileguen %67 eman ditu Vital Kutxak. Kapitala ere sendotu du Arabako aurrezki kutxak: ondarearen eta aktiboen arteko ratioa %8,53koa da.

Goldman Sachsen marka

Vital Kutxaren emaitzen antzekoak izan dira BBKrenak ere. Joan den astean jakinarazi zuenez, 185,5 milioi euro irabazi ditu urtarriletik ekainera, aurreko urtean baino %5,1 gehiago. BBK-k ere lortu du berankortasunaren igoera geratzea -%2,23an dago- eta maileguan utzitako dirua %5,1 handitu du.

Beste maila bateko irabaziak izan ditu Goldman Sachsek, urteko bigarren hiru hilekoan 3.440 milioi dolar (2.460 milioi euro) irabazi baititu. Urteko lehenengoan beste 1.660 milioi dolarreko mozkinak izan zituen. Diru sarrerak inoizko handienak izan ziren, 13.800 milioi dolarrekoak.

«Merkatuak ahul dauden arren eta ekonomiak erronka handiak izan arren, gure emaitzek erakusten dute finantza merkatuetan baldintzak hobetzen ari direla eta askotariko bezeroak ditugula», nabarmendu du Lloyd Blankfein bankuko buruak.

Hain zuzen ere, Financial Times-ek astelehenean kaleratu zuenez, Goldman Sachseko buruek 700 milioi dolar arteko akzioak saldu zituzten joan den udazkenean eta neguan, Lehman Brothersek porrot egin ondoren. Salmenta susmagarri horren zati handi bat gertatu zen Goldman Sachsek AEBetako Gobernuaren laguntzarekin ari zenean lanean. Bereziki susmagarria da bankuko buruek akzioak galdu izana Goldman Sachsek lehen aldiz dirua galdu zuela jakinarazi ondoren, eta akzioak behea jo zuenean, otsailaren erdialdera. Duela hilabete itzuli zuen bankuak 10.000 milioi dolarreko laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.