Auto elektrikoak piztu du VWen motorra

Urte zail batzuen ondoren, VW taldea merkatu kuota berreskuratzen ari da, batez ere modelo elektrikoei esker. Polo elektrikoa merkaturatuko dute 2026an, prezio apalagoko autoen artean txinatarrekin lehian aritzeko.

Thomas Schafer Volkswageneko zuzendari nagusia ID Polo berria aurkezten, Munichen. ANNA SZILAGYI / EFE
Thomas Schafer Volkswageneko zuzendari nagusia, ID Polo berria aurkezten, Munichen. ANNA SZILAGYI / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko irailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago hilik, ez. Motor manipulatuen aferak kalte handia egin zion Volkswagenen izen onari, eta zulo handia eragin zuen haren finantzetan, baina ez du taldea hondoratu. Azken urteak zailak izan dira Wolfsburgeko taldearentzat, eta hori agerian geratu zen iaz, Alemanian 35.000 langile kaleratzeko prozesua hasi zuenean kostuak txikitzeko. Auto elektrikoen alde egindako apustuak emaitza kaskarrak eman dizkio hasieran, baina aurten haizea alde jartzen ari zaio. Merkatu kuota berreskuratzen ari da, eta bere modelo elektrikoen salmentak asko handitu dira. 

Ildo horretan urrats handiak egin nahi ditu datorren urtean. 2026an iritsiko da merkatuetara haren modelo arrakastatsu baten bertsio elektrikoa, Polorena. 25.000 eurotik beherako prezioa izango du, eta horrekin egin nahi die aurre kostu apaleko auto elektriko txinatarrei. Esaterako, BYD ekoizle txinatarraren Dolphin Surf autoa 23.000 euroan dago Alemanian. 

Poloz gain, beste auto berri batzuk aurkeztu ditu taldeak: Volkswagen ID Cross, Cupra Raval eta Skoda Epiq, denak elektrikoak, eta guztiak 2026an egongo dira eskuragarri.

Europan nagusi

«Europan nagusiak gara, eta hori defendatuko dugu nola edo hala», adierazi dio Thomas Schafer VW markako zuzendari nagusiak Financial Times egunkariari, modelo berrien aurkezpenari lotutako elkarrizketan. Eta gaineratu du txinatar ekoizleek gero eta zailtasun gehiago izango dituztela Europako merkatura salto egiteko.

Datuetara joaz, ACEA Europako autogileen patronalaren arabera, begi bistakoa da Volkswagenen lidergoa. Hain zuzen, aurtengo urtarriletik uztailera 1,78 milioi auto berri saldu ditu Europako Batasunean, iaz baino %3,8 gehiago. Horri esker, taldearen merkatu kuota %26,3tik %27,5era igaro da  —Volkswagen, %11,4; Skoda, %6,5; Audi, %4,7…—.

(ID_15294435) GERMANY ECONOMY INTERNATIONAL MOTOR SHOW
Audi Concept C auto elektrikoa ere aurkeztu zuten Munichen, eta 2027an merkaturatuko da. ANNA SZILAGYI / EFE

Merkatu kuota handitu izana esanguratsua da, Txinako autogileak indarrez sartu diren urte batean gertatu baita hori. Azken urtean kuota bikoiztu dute txinatarrek, eta aurten EBn matrikulatutako auto guztietatik %5,7 izan dira Txinako markenak, Schmidt Automotive Researchen ikerketaren arabera. ACEAk jaso du auto berrien %2,8 SAIC Motor (MG) eta BYD etxeenak izan direla, iaz epe berean baino %63,8 gehiago.

Auto elektrikoetan ere lidergoari eutsi dio VW taldeak. Horrela, Europan abuztuan matrikulatutako auto elektrikoen %30 izan dira harenak (%23 iaz). Igoera hori, neurri handi batean, Teslaren hondoratzeari dagokio. Elon Musk buruaren ibilbide politiko laburrak bezero potentzial asko galarazi dizkio Teslari Europan, eta salmentetan ere asko antzeman da: uztailera arte, iaz baino 60.000 auto gutxiago saldu ditu, eta haren merkatu kuota %2,1etik %1,2ra jaitsi da. Mercedesek eta BMWk ere behera egin dute elektrikoetan, eta txinatarrek, berriz, gora.  

Txina lehiatik kanporatu nahi

EB Europako Batasunak muga zerga gehigarriak ezarri zizkien Txinako auto elektrikoei 2024ko urrian. Hau da, inportatutako ibilgailu guztiek duten %10eko zerga finkoa handitu egin zitzaien txinatarrei, prezio apalei aurre egiteko: %17 handiagoa ezarri zitzaion BYDri, %18,8 handiagoa Geelyri eta %35,3 handiagoa SAICi —%45,3ko muga zerga guztira—.

Muga zergen gainetik, txinatarrek ere uste dute garrantzitsuak izango direla Europako autogintzan: «Uste dut oraindik ere tartea dugula gehiago egiteko», adierazi du Stelle Li BYDeko presidenteorde exekutiboak. Besteak beste, bateriak oso bizkor kargatzeko teknologia ekarri nahi dute Europara, eta sistema hori gai izango da 470km egiteko gaitasuna bost minututan emateko. Lik dioenez, «jokoaren arauak» aldatuko ditu.

Txinatar ekoizle handienek Europan lantegiak irekitzeko asmoa erakutsi dute, muga zergak ordaintzeari uzteko. BYDk adibidez, Hungarian eta Turkian irekiko ditu fabrikak. Baina, Europako autogintzako zuzendarien arabera, zaila izango dute Europan ekoitzita ere prezio lehiakorrak eskaintzea, energia kostuak eta langileen kostuak handiagoak direla argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.