Europako Batasunaren bitartez ez ezik, gerra komertzialean bere karta propioekin jokatzea erabaki du Volkswagenek. Alemaniako taldeak azaldu du AEBetako Gobernuarekin akordio bat egin nahi duela bere autoek muga zerga txikiagoak izan ditzaten. Hori lortze aldera, AEBetan auto gehiago ekoiztea eta handik gehiago esportatzea eskaini dio Volkswagenek Washingtoni.
Gaur egun, VWen autoek —eta besteek— %27,5eko muga zerga ezarria dute AEBetan sartzeko; izan ere, aurretik zuten %2,5eko muga zergari martxoan Donald Trumpek jarritako %25ekoa gehitu zitzaion. Muga zerga handi hori kalte egiten ari zaie Europako, Japoniako eta Hego Koreako autogileei, eta Volkswagen ez da salbuespena: urteko lehen erdian 1.300 milioi euroren galera ekarri diote muga zergek, Oliver Blume VWeko kontseilari ordezkariak gaur azaldu duenez.
VWek badu lantegi handi bat AEBetan, Chattanoogan (Tennessee), baina AEBetan saltzen diren autoak egiten ditu batez ere, SUV motakoak. Europatik eta Mexikotik eramaten ditu AEBetan harrera ona duten bi marketako autoak, Audiak eta Porscheak, eta bi horiei dagozkien datuek nabarmen egin dute behera muga zergak handitu zirenetik. Porscheren irabazi operatiboa %91 txikitu da, eta Audirena, berriz, %74. Gaur egun, auto merkeagoak saldu arren, irabazi tartea handiagoa dute Skoda autoek (%9,5) Porsche markakoek baino (%1,9), azken horiek nabarmen garestiagoak izan arren.
Fabrika bat eraikitzen ari da
Gauzak horrela, Trumpen gobernua limurtu nahian ari da VW. Blumek onartu du AEBetako Gobernuarekin tratu berezi bat lortu nahian dabiltzala, eta hori errazteko, AEBetan «inbertsio erraldoiak» egitea eta bere ekoizpena handitzea eskaini du. Horri esker, Volkswagen gai izango litzateke AEBetan egiten dituen autoak eta furgonetak esportatzeko eta, hortaz, Trumpek hainbeste gorrotatzen duen defizit komertziala jaisteko. Iaztik, taldea fabrika bat eraikitzen ari da AEBetan, Hego Carolinan, baina han Scout markako SUVak eta furgonetak egin nahi dituzte, AEBetako merkaturako, nagusiki.
Zehazki, zera proposatu dio Blumek AEBetako Gobernuari: inbertitutako dolar bakoitzeko muga zergak dolar bat apaltzea. Autoen kasuan, markak berak dira inportatzaileak, eta, hortaz, haiek ordaindu behar dituzte muga zergak.
Esportazioen truke muga zergak apalduko lituzkeen tratu batek mesede handia egingo lieke Alemaniako beste bi autogile handiei, BMWri eta Mercedesi, dagoeneko esportatzen baitituzte AEBetan ekoitzitako autoak.
Elektrikoetan, hobeto
Egun hauetan, merkataritza tratu bat negoziatzen ari dira AEBak eta EB. Uste denez, tratu horren arabera %15eko muga zerga izango lukete EBko produktu gehienek AEBetan sartu ahal izateko. Baina ez dago batere garbi zer gertatuko den autoekin. Kopuru horren barruan sartu nahi dituzte EBk eta bereziki Alemaniak, baina Trumpek interes berezia azaldu du bere auto industria babesteko, eta horrek zaildu egiten du akordioa lortzea.
Muga zergak ez dira, ordea, VWen arazo bakarra. Alemanian bere ekoizpena erdira murriztu nahian dabil, eta horretarako Volkswagen markak 35.000 lanpostu kendu nahi ditu hurrengo urteetan, 7.500 Audik eta 1.900 Porschek. Berregituraketa kostu horien eta muga zergen ondorioz, %36,6 txikitu da taldearen irabazia 2025. urtearen lehen erdian, nahiz eta salmentei eustea lortu duen.
Azken horretan zerikusia izan dute haren auto elektrikoek. Auto horien prezioa jaitsi du Alemanian eta beste herrialde batzuetan, eta, horri esker —eta Teslak Elon Musken erruz galdutako bezeroei esker—, Europan %73 egin dute gora haren auto elektrikoen salmentek. Dagoeneko %28ko merkatu kuota du sektore horretan, auto merkatu osoan duena baino hamarren batzuk handiagoa.