Erreserba Federalak diru politikaren inguruko erabaki bat hartu eta berehala, segundo gutxitan, ateak oraindik zabalik dituzten Wall Streeteko merkatuen erreakzioa ikusteko parada dago. Gora edo behera, akzioen erosketak edo salmentak nagusi, merkatuek albistea nola hartzen duten neurtzeko aukera izan ohi da.
Atzo, atsekabez hartu zuten albistea merkatuek. Nahiz eta kiniela gehienek puntu laurden jaitsiko zituela uste izan, inbertsiogileen artean ezusterako tarte bat gordeta zegoen, banku zentralak %0,5 jaitsiko zituelakoan. Baina ez zen hori gertatu eta AEBetako korporazio handien akzioek kotizatzen duten Dow Jones indizeak behera egin zuen argi eta garbi.
Lasai bidean zihoan eguna orokorrean Wall Street aldean. Irabazian bailaran zegoen indizea, baina erlojuak 20:15 (Euskal Herrian) jotzearekin batera, 60 puntuko amildegia ezagutu zuten akzioek bost minutu eskasetan. Inbertsiogileak albistea pozik hartu ez zuten seinale.
Jakina da zehatz-mehatz irakurri ohi dituztela Erreserba Federalak kaleratutako agiria. Nonbait atzokoan ez zuten gustoko izan susperraldia oraindik etortzeke dagoela eta prezioek gora baino behera egiteko aukera dagoela, banku zentralaren arabera. Azkenik, Dow Jonesek 9.011,53 puntutan amaitu zuen eguna, %1,07 behera egin eta gero.
Europan, kontrako joera izan zen atzo. Hala ere albistea jakiterako, ateak itxita zituzten indize nagusiek, eta beraz, erreakzioa gaur etorriko da. Trantsisiozko eguna izan zen atzo, eta azken orduan, goranzko joerari eutsi zioten gehienek: Ibex-35 %1,02 igo zen, eta Parisko CAC-40k eta Londresko FTSE-100 ek %0,2 egin zuten gora, biek ala biek.>
Euroa, behera
Erreserba Federalaren neurria ez zuen ondo hartu ere euorak. Frankfurteko diru merkatuan behera egin zuen diru berriak, 16 dolar azpitik jartzeraino.
Wall Streetek atsekabez hartu du albistea
Dow Jonesek neurria jakin eta berehala, beheranzko bideari ekin zion, inbertsiogileen gustukoa izan ez den seinale
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu