Wolfratexek 28 milioi maskara ekoitziko ditu hilero Bergarako lantegian

Bi lerro dituzte martxan orain, eta bederatzi langile. Abuztu amaierarako beste bi makina jarriko dituzte. 

Wolfratexeko langileak maskarak ekoizten, gaur, Bergarako lantegian. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2020ko ekainaren 18a
15:52
Entzun

Wolfratex enpresako arduradunek elkarlanaren aldarria egin dute maskarak ekoizteko Bergaran (Gipuzkoa) ireki duten lantegiaren inaugurazio ekitaldian. «Elkarlanean sinesten dugu, eta filosofia honekin jarraitu nahi dugu, ezin baititugu gure osasun beharrak beste herrialdeen esku utzi», adierazi du Ion Agirrebeña Wolfratexeko kontseilariak. Elkarlanaren ondorio baita Wolfratex bera: Lazpiur, Egile, Enbalan3 eta IDR enpresen elkarlanari esker eratu da enpresa, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute instalazioa kokatu ahal izateko. Enpresako kide bat COVID-19az gaixotu izanak eta osasun krisiak eragindako egoeran lagundu nahi izanak batu zituen lau enpresak, Aste Santuaren bueltan.  

Elkarlan horri guztiari esker, bederatzi hilabeteko lana sei astetan egin dute, eta dagoeneko martxan da lantegia, ekainaren 5az geroztik. Bi lerro dituzte oraingoz Bergarako plantan, eta bederatzi langile: 7 milioi maskara ekoizten ari dira hilean. Uda amaierarako, ordea, 28 milioi ekoitzi nahi ditu enpresak, eta horretarako beste bi makina jarriko dituzte datorren astetik aurrera; 17 lanpostu sortzea aurreikusten du enpresak. Egiten dituzten maskarak kirurgia arlokoak dira, 2R motakoak, babes handienekoak.

Euskal Herrikoak ez ezik mundu mailako bezeroak ere badituztela adierazi du Agirrebeñak; erakunde publikoak eta osasun arloko enpresa eta banatzaileak dira denak. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bateko eskaria egin dio enpresari, eta beste zortzi milioi erosiko dizkio Osakidetzak. Hala ere, Agirrebeñak adierazi du 100 milioi ere egin ditzaketela, «makinak egiteko gaitasuna eta teknologia» dutelako eta lehengaiak ere «tokikoak» direlako.

Ez da Euskal Herrian maskarak ekoizten ari den enpresa bakarra. Mondragon korporazioko Bexen Medicalek 20 milioi maskara egingo ditu Etxebarriko (Bizkaia) lantegian. Sei ekoizpen lerro dituzte martxan, eta 60 enplegu sortu dira guztira. <br />
«Gerra bat»

Arlo pribatuaren eta publikoaren lankidetza azpimarratu dute arduradun publikoek ere. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok gogora ekarri dute, esaterako, zer-nolako zailtasunak izan zituen administrazioak birusa gogorren jotzen ari zen garaian babes materiala eskuratzeko. «Gerra bat izan zen», esan du Zarraonandiak. Bada, material hori bertan ekoizteko euskal enpresek egindako apustua azpimarratu du, eta gogorarazi die Jaurlaritza «bidelagun» izango dutela aurrerantzean.

Markel Olanok ere industriak krisi egoeretan egiten duen ekarpena nabarmendu du, eta enpresen lankidetza txalotu. «Horrelako egunetan ikusten da zer funtzio duen industriak gure herrian. Lan kolektiboa izan da, auzolaneko proiektu bat, eta erakusten digu nola egin behar diren gauzak hemendik aurrera». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.