Javier Arrieta Idiakez. Deustuko lan zuzenbideko irakaslea

«Xake taula baten antzekoa da lan arloa»

Lan arloan mugitzen den pieza bakoitzak besteei eragiten die, Arrietaren ustez. «Ongizate estatua» izateko «ezinbestekotzat» jo du «kalitatezko enplegua» bermatzea, langile nagusienei zein gazteenei.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari dela diote datuek. Horrek lan esparruan izan dezakeen eraginaz hausnartzeko elkartu dira hainbat lagun Donostian, bi egunez —atzo eta gaur—, EHUko Uda Ikastaroen barruan. Tartean, Javier Arrieta Idiakez (Ondarroa, Bizkaia, 1976). Deustuko Unibertsitateko lan zuzenbideko irakasleak hitzaldia eman zuen atzo.

Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari da, eta langileria ere bai, ondorioz. Egungo sistema prest al dago horrek eragin dezakeenari aurre egiteko?

EAEko gizartea ingurukoen artean zaharrena da eta jaiotza tasa txikiena duena; erretiroa hartzen ari direnak gero eta gehiago dira, eta ez da ahaztu behar langabezia tasa handia dela. Horrek, noski, zuzenean eragiten du lan esparruan, Gizarte Segurantzarenpentsioen arloan. Neurri egokiak hartzen ez badira, pentsio sistema bera jokoan egon daiteke. Ezinbestekoa da neurriak hartzea.

Eta, egun, zein neurri ari dira hartzen arlo horretan?

Neurriak hartu dira, esaterako, adinean aurrera doazen langileak lan merkatuan jarraitzeko. Kasu batzuetan, borondatez egiten da, eta beste batzuetan, nahitaez. Hor kokatu behar da Espainiako Gobernuak erretiroa hartzeko adina 67 urtera luzatu izana. Bestalde, derrigorrezko erretiroa ere ezabatu egin da; gaur egun, inorentzat lan egiten duten langileak ezin dira derrigortu erretiroa hartzera eurek ez badute nahi. Hori uler daiteke diskriminaziorik ezaren ondorio gisa, baina kontuan hartu behar dugu pentsio sistemari eustea duela atzean.

Hitzaldian esan duzu sistemari eusteko baldintza garrantzitsua dela «kalitatezko enplegua» bermatzea. 55 urtetik gorako langileei dagokienez, aurrerapausorik eman al da?

Apurka-apurka ari dira urratsak egiten. Azken urteetan, Europako Batasunak eta Osasunaren Mundu Erakundeak hainbat gomendio egin dituzte, eta Espainiak 2012an 55 urtetik gorakoentzako estrategia bat jarri zuen indarrean. Anbizio handiko estrategia, gainera. Noski, orain estrategia hori paperetik ekintzetara igaro behar da, eta krisiak ez dio mesederik egin. Neurri garrantzitsu batzuk hartu dituzte, hala ere.

Zein, adibidez?

Erretiro partziala eta errelebo kontratuen aurkako jarrera nabarmendu da, adibidez. Batetik, kostu handiak eragiten dituelako eta malgua ez delako; bestetik, elkartasunik gabea izan daitekeelako belaunaldien arteko loturan. Derrigorrezko erretiroa ezabatu izana ere aurrerapausoa da, borondatezkoa bihurtu baita. Pertsona askok ez dute kotizatu pentsio duin bat izateko adina. Orain, bateragarri izan daiteke lan egitea eta pentsioa kobratzea.

Europako Batasunaren zuzentarauak, Espainiaren estrategia... aipatu dituzu. Hemengo erakundeek zer tarte daukate neurriak hartzeko?

Lan zuzenbideari dagokionez, Espainiak ditu eskumen gehienak, baina horrek ez du esan nahi hemengo erakundeek lan politika batzuk bultza ez ditzaketenik. Prestakuntzan eta enpleguan gaitasunak baditu EAEk, eta ez dira gutxiestekoak. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea (BGAE), adibidez, gure esku dagoen lanabes bat da. Enpleguko BGAE handi batzuk sortu dira, negoziazio kolektiboan lortutako akordioen bidez. Horretan sakondu behar dugu, pentsio publikoak osatze aldera.

Askotan bateraezintzat jotzen dira langile gazteentzako eta nagusienentzako politikak.

Zuhurtziaz jokatuz gero, bateragarriak dira. Xake taula baten antzekoa da lan arloa. Mugitzen den pieza bakoitzak eragiten du besteengan. Gazteen egoerak, adibidez, sistema osoan eragiten du. Gazteak gero eta beranduago txertatzen dira lan merkatuan. Gehienetan, modu prekarioan, lan bekekin, eta lan kontraturik gabeko praktikak eginez —askotan erakundeek bultzatuta—. Horrek zein onura dakarzkio sistemari? Gazte batek egonkortasunik ez badu, zailago du seme- alabak izatea. Gaztetatik lanpostu duina izatea garrantzitsua da; osasuntsuago egongo gara, gusturago, errazago identifikatuko gara sistemarekin, eta bide batez, ekarpen handiagoak ere egingo ditugu.

Zein da bidea gazteak ahalik eta azkarren sartzeko lan merkatuan?

Ezinbestekoa da hezkuntza sistema indartzea. Espainian, ordea, behin eta berriz aldatzen ari dira. Unibertsitateen kasua hor dago. Duela 10 urte Bologna sisteman sartu ginen, eta orain, badirudi aldaketak datozela. Unibertsitateak zubi lana egin behar du. Ikuspuntu teorikoa eta praktikoa bertan landu behar dira; ez hango ikasketak amaitu osteko masterrean, edo lan kontraturik gabeko praktiketan. Horrela ezin zaio orekari eutsi. Neurriak hartu behar dira egoera aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA