Esnatu eta kolpe batez itxi du atea. Atzo arratsaldean, ELAk eta LABek Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroari eskatu zioten Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa babesteko, harekin egindako bileretan, eta hark adierazi zuen egitasmo hori eta sindikatu abertzaleek egindako gainerako proposamenak «kariñoz» aztertuko zituela. Bada, gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, baztertu egin du SMI propioa legez arautzea, sindikatuek eskatu bezala.
Zalantzarako tarterik uzten ez duen esaldi batekin erantzun die Sumar alderdiko ministro eta gobernuko presidenteordeak: «Ez da egokia gure herrialdean [Espainian] soldata egitura ezberdinak sortzea». Eta gogoratu du Hego Euskal Herriko lan hitzarmenetan jasotako soldatak oro har Espainiakoak baino handiagoak direla. «Beste kontu bat da hori legez egitea».
Atzoko bileraren ostean, ELAk bere oharrean adierazi zuen Diaz prest azaldu zela araudia aldatzeko aukera aztertzeko eta erkidegoen esku uzteko gutxieneko soldataren kopurua ezartzeko eskumena; hala ere, zuhurtziaz mintzatu zen. Pauso hori emango balu, Espainiako Gorteetan gehiengoaren babesa lortze aldera babesa eskaini zion, han ordezkaritza duten Hego Euskal Herriko alderdiak «presionatzeko» horren alde egin dezaten.
«Ez da egokia gure herrialdean [Espainian] soldata egitura ezberdinak sortzea»
YOLANDA DIAZEspainiako Gobernuko Lan ministroa
Gaur esandakoekin, baina, ez dirudi Espainiako Gobernuak haien babesik beharko duenik. Gainera, egitasmoak aurrera egiteko aukera itxita, sindikatuek EAEn abiatutako herri ekinaldi legegileak indarra galduko luke. Izan ere, ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek eskaera horren bidez Eusko Legebiltzarra behartu nahi dute Espainiako Gobernuari eskumen hori —SMI propioa erkidegoek arautzekoa— eskatzera.
Hori egin ahal izateko, Espainiako Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatu beharko litzateke. Artikulu horren arabera, gutxieneko soldatak bera izan behar du Espainia osoan, eta sindikatu subiranistek zera nahi dute: Eusko Legebiltzarrak proposamen bat egin dezala artikulu hori aldatu dadila eskatzeko. Aldaketaren muina eskumen hori erkidego autonomoen esku gelditzea litzateke; hala balitz, Nafarroak ere jasoko luke ahalmen hori.
Horretarako, Madrilen ireki den zirrikitu bat baliatu nahi zuten. Espainiako Gobernuak langileen estatutua aldatzeko egitasmo bat du esku artean, bertan zehaztu dadin gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan behar duela. Sindikatu abertzaleen ustez, behin aldaketa bat eginda errazagoa litzateke bestea ere egitea.
Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako herri ekinaldi legegilearen bidez, sindikatuek legebiltzarraren babesa erabili nahi dute Espainiako Gobernua presionatzeko, soldata propioaren eskaera bere egin eta Kongresuan aurkezteko. Baina, Diazen hitzen arabera, Madrilek ez du ate hori irekitzeko asmorik.
Lan ministroak jada existitzen den aukera bat eskaini die sindikatuei: lurralde mailako hitzarmenetan negoziatzeko Espainiakoak baino handiagoak diren gutxieneko soldatak. Berak hori babestuko lukeela esan du, horretarako haren oniritzirik beharrezkoa ez den arren.
Diazek Langileen Estatutuaren 84. artikuluaren azken erreforma gogoratu du, berak sustatutakoa. Horrek hitzarmen autonomikoei lehentasuna ematen die sektoreko estatu hitzarmenen aldean, betiere horien edukia langileentzat mesedegarriagoa bada. Lan ministroak Hego Euskal Herriko sindikatuen eta patronalen teilatuan utzi du pilota, baina Confebaskek jada esan du ez duela halakorik negoziatuko. «Guk aukera hori jarri diegu mahai gainean, eta baliatu dezakete».
«Gure herri proiektua»
Yolanda Diaz Euskal Herrian izan da azkenengo bi egunetan. Sindikatuekin biltzeaz gain, Asett Arizmendiarrieta Social Economy think tank-ak antolatutako nazioarteko lehen forumean parte hartu du. Ehundik gora hizlarik parte hartu dute, eta gizarte ekonomiarekin loturiko «37 arrakasta kasu» aztertu dituzte. Urte hasieran sortu zuten Asett, hainbat erakunderen babesarekin, tartean Espainiako Gobernuarena.
Gaur aurkeztu dituzte foroaren ondorioak, eta manifestu bat sinatu dute; hain justu, horren aurkezpenean izan da Diaz. Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan adierazi du manifestu horrek jasotzen duela Espainiako Gobernuak «sinisten duen herri proiektua». «Munduko desberdintasunei aurre egiteko txertoak ekonomia soziala du izena», nabarmendu du. Lan ministroak ohartarazi du gobernu asko gaur egungo egoera baliatzen ari direla «eskubide sozialetan atzera egiteko» eta «zarata egiteko».

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu eta lehendakariordea ere han izan da. Gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.000tik gora enpresak lan egiten dutela sektore horretan, «pribatuak, publikoak, kooperatibak...». «Gizarte ekonomiarena pertsonak erdigunean jartzen dituen eta desberdintasun sozialak murrizten dituen enpresa eredua da», azpimarratu du.
Agintariok adierazpenak egiten ari ziren bitartean, udaletxearen kanpoan gizarte langile batzuek protesta egin dute, euren lan eskubideen alde egiteko eta baliabide gehiago eskatzeko.