YPF desjabetuta, Espainiari hordagoa bota dio Argentinak

Repsoli petrolio konpainiaren %51 hartzea erabaki du Cristina Fernandez presidenteak, Espainiako enpresak ez zuelakoan inbertitzenEspainiak eta Europako Batzordeak ohartarazi diote erabakiak ondorioak izango dituela

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren mehatxuek eta Europako Batzordearen oharrek ez dute kikildu Cristina Fernandez Argentinako presidentea, eta YPF petrolio konpainiaren %51 desjabetu du. Erabakia kolpe latza da haren jabe Repsol enpresa espainiarrarentzat —%57 zuen—, bere erreserba eta diru iturri nagusietako bat kendu diolako. Baina kolpea da Espainiako Gobernuarentzat ere, indarge azaldu baita Argentinaren asmoen aurrean. Soka luzea ekar dezake auziak: Argentinaren eta EBren arteko gerra komertziala sortzeraino.

Oraingoz, EBren erantzuna laburra izan da. «Desjabetzeak oso mezu txarra bidaliko lieke inbertsiogileei, nazionalei zein atzerritarrei, eta kalte egin diezaioke Argentinako negoziorako giroari», adierazi du John Clancyk, Merkataritza gaietako bozeramaileak.

Askoz hizkera sutsuagoa erabili zuen Fernandezek bere erabakia justifikatzeko. Argentinako probintzietako gobernadoreak aurrean zituela eta jarraitzaileek txalotuta, Fernandezek nazionalizazioa justifikatu du, esanez Repsolen inbertsio faltek kalte handia egiten ziotela Argentinari, petrolioa inportatu beharrean zegoelako. «Huste politikarekin jarraituz gero, produkziorik gabe eta esploraziorik gabe, praktikoki herrialde bideragabea bihurtuko ginen; ez, ordea, baliabide gutxi izateagatik, enpresen politikengatik baizik». Haren datuen arabera, iaz «lehen aldiz YPF desnazionalizatu zenetik», Argentinak gasa eta petrolioa inportatu behar izan zuen, 10.397 milioi dolarren truke.

Argentinako presidenteak ziurtatu duenez, Repsoli 16.450 milioi dolarren irabaziak eman dizkio YPFk 1999. eta 2011. urteen artean, eta horietatik 13.246 milioi banatu zituen akziodunen artean. Tarte horretan 8.813 milioiren inbertsioak egin ditu YPFk.

Fernandezek azaldu du erregaien industriaren nazionalizazioa ez dela haiek «asmatutakoa»,eta banan-banan izendatu ditu sektorea estatuaren jabetza den estatuak, osorik —Saudi Arabia, Iran, Venezuela, Nigeria...—zein partzialki —Errusia, Norvegia, Txina...—. Gainera, YPF nazionalizatuarekin elkarlanean aritzeko deia egin zien atzerriko inbertsiogileei, joint-venture edo antzekoen bidez, betiere kontrola estatuak badu. Hori egiten du, esaterako, Venezuelak.

Argentinan inbertsioak dituzten beste multinazionalei ere oharra egin die Kirchnerrek. «Akziodunak atzerritarrak dituzten beste enpresa argentinarrek jakin dezaten eskuz esku lanean jarraituko dugula, betiere herriaren hazkundeari laguntzen badiote». Horien artean espreski aipatu du Telefonica, eta ez du aukera galdu duela gutxi arazo teknikoak izan zituela nabarmentzeko. Argentinan inbertsioak egin dituzteCAFek, Senerrek eta BBVAk—Banco Francesen jabea—.

«Etsaitasun keinua»

Fernandezek agerraldia egin eta minutu gutxira gauzatu zen nazionalizazioa. Plangintza Ministerioko funtzionarioak YPFren bulegoetara heldu ziren; oraingo zuzendariak bulegoak hustera behartu, eta konpainiaren kontrola hartu zuten. Tasazio Auzitegiak erabaki beharko du orain Argentinak zenbat pagatu behar dion Repsoli bere gain hartuko duen zatiaren truke. YPFko beste jabeak —Eskenazi familia argentinarra eta akziodun txikiak— ez dituzte desjabetuko.

Espainiako Gobernuak «etsaitasun» keinutzat jo du Argentinaren erabakia, eta hurrengo egunotan neurri «indartsuak» hartuko dituela jakinarazi du. EBri ere laguntza eskatu dio. Madrilek dio desjabetzea arbitrarioa dela, soilik Repsoli eragiten diolako. Uste duenez, Argentinari kalte egingo dio, inbertsioak uxatuko dituelako. «Erabaki penagarria da Argentinarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.