Osasun profesionalek zaintzan egindako orduak lan orduak direla berretsi zuen atzo Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak.
Ebazpen horrek aurrez aurre egiten du talka Europako Batzordeak irailaren amaieran egindako proposamenarekin. Izan ere, lanaldiari buruzko arautegi berria aurkeztean, Batzordeak proposatu zuen zaintzan baina «jarduerarik gabe» egindako orduak lan ordutzat ez hartzea. Esaterako, erietxe batean, gaixo baten eta bestearen zaintzaren artean lotan edo atsedenean erizainek eta sendagileek egiten dituzten orduak ez lirateke lanalditzat hartuko.Proposamen horren guztiz kontrakoa da EBko auzitegiak atzo kaleratutako epaia. Alemaniako Gurutze Gorriko zenbait sorosleren kasuari buruzko ebazpenean, epaileek ziurtatu dute lan ordutzat jo behar direla «beharren bat izanez gero langileek beraien lanpostuetan eta adi egiten dituzten orduak».Europako Batasunaren legediak legez kanpokotzat du astean 48 ordutik gorako lanaldia, baina sorosleek 49 ordukoa zuten, egunean hiru orduz zaintzan egon behar zutelako. Auzitegiak gogorarazi duenez, 48 orduko lanaldia gainditzeko modu bakarra da langileak horretarako baimena espresuki ematea.Bruselak irailean aurkeztutako proposamenak beste aukera bat ematen du denbora hori gainditzeko: lan hitzarmenaren edo industriako bi aldeeen arteko akordioa izatea.
Zaintzan igarotakoak lan orduak direla dio EBko Justizia Auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu