HONDARRIBIA. Proiektu erraldoia da Zaldunbordako eremuan (Hondarribia) eraiki nahi duten outlet herrixka. 100.000 metro koadrori eragiten die—«hamabi futbol zelai adina»—; horietatik, 29.000 metro koadro hartuko ditu merkataritza guneak, eta, bertan, ehun denda baino gehiago, dozenaka ostatu, eta gasolina zerbitzugune handi bat izango dira.
Proiektuaren sustatzaileek espero dute urtean bost milioi bisitari izango dituela. Zaldunborda Gelditu plataformakoek ohartarazi dute, ordea, «kalte sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak» eragingo dituela. «Jasanezina da. Herriko bizimoduari mehatxu egiten dio, mugikortasun ez-jasangarria bultzatuko du, eta lanpostu prekarioak sortuko ditu», adierazi dute.
Zaldunborda Gelditu taldea atzo aurkeztu zuten, Hondarribiko udaletxeko arkupeetan. Lekua ez zuten kasualitatez hautatu. «Alkateak eta udaleko batzuek sortu dute gatazka hau». Hondarribiko Udalak ekainaren 26an onartu zuen Zaldunbordaren hirigintza plan partziala. «Gardentasun gutxirekin eta presaka» onartu zuen alkateak dekretua, eta, gainera, Eusko Legebiltzarra merkataritza gune handiak mugatzear zegoela. «Alkateak aitortu digu bezperan onartu zutela, bestela ilegala izango zelako».
Hondarribiko dendari, ostalari, talde ekologista eta herritar batzuek sortu dute plataforma, eta 60 lagunen babesa dute. Gipuzkoako (Irun, Errenteria...), Nafarroako (Bidasoa) eta Lapurdiko (Hendaia...) eragile batzuekin harremanak izan dituzte. «Hau lurrikara bat da; hau da epizentroa, baina proiektu honen eragina askoz handiagoa izango da».
Zaldunborda Gelditu taldea sortu dute Hondarribian
Merkataritza gune erraldoia eraikitzeko proiektuari «neurrigabea eta absurdoa» iritzi diote; «jasanezina da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu