Alderdi guztiek onartu zuten Eusko Legebiltzarrean azpiegitura komertzial handien inguruko legea, ekainaren 27an. Bezperan, baina, Zaldunbordako Outletaren makroproiektuari baimena eman zion Hondarribiako Udalak. EAJk dekretu bidez eman zion baimena proiektu horri, eta, hurrengo egunean, alderdi horrek berak onartu zuen halako establezimenduei bidea ixten dien legea.
Koherentziaz jokatzeko eta proiektu hori geldiarazteko eskatuz, ebazpen bat aurkeztu du gaur EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk eta PSE-EEk, baina, ebazpenaren kontra bozkatu dute. Juan Carlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak bi alderdi horien jarrera salatu du: "Ez dugu ulertzen gaur Hondarribian egin nahi den eta inguruko herrietan eragin zuzena izango duen proiektu hau gelditu beharrean, aitzakiak jartzen ibiltzea".
Izagirrek ohartarazi du proiektu horrek komertzio txikiari kalte egingo diola, eta, gainera, salatu du ingurumen ikuspegitik jasangarria ez den eredu bat sakontzea dakarrela.