Zamaketariak kaleratzeko dekretua onartuko dute gaur

Espainiako Gobernuak ez du atzera egin, eta sektorea liberalizatzeko dekretua onartuko du, beharginek bederatzi greba egun antolatu arren. Aldeek negoziatzen jarraituko dute, hala ere

xabier martin
2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Poker partida batean bezala, Espainiako Gobernuak apustua handituko du zamaketarien auzian. Ostirala Ministroen Kontseilu eguna izaten da Madrilen, eta gaur zamaketarien sektorea liberalizatzeko dekretuari egokituko zaio txanda. Sindikatuek bertan behera utzi zituzten lanuzte deialdiak aurreko astean, Madrilek astebetez atzeratu zuelako dekretuaren onarpena, baina grebarako deialdi berriak egin dituzte jada. Oraingoan bederatzi egunetarako dira, lanuzterik gabeko lanegunak txandakatuz. Martxoaren 6an hasi eta 24ra arte luzatuko lirateke lanuzteak, eta portuen jarduera ahalik eta gehien oztopatuko lukete.

Enbidoari apustua handituz erantzuteko asmo argia dutela erakutsi dute orain arte zamaketarien sindikatuek, baina inork ez du bota oraindik hordagorik, kartak erakusteko beta baitago oraindik. Martxoaren 6ra arte, grebara deitu duten lehen egunera arte, astebete baino gehiago dago; asteartean negoziatzen jarraituko dute aldeek, dekretu horren alde oldarkorrenak apalduko lituzkeen soluzio baten bila.

LAB, Pasaiako portuan

6.150 zamaketari daude mehatxatuak, historikoki oso antolatua dagoen langile multzoa. Bilboko portuan 450 zamaketariren enplegua dago kolokan, eta Pasaiakoan beste 100 bat ingururena. Grebaren bidez, presio izugarria egin dezakete portuetan, ekonomiarentzat aldagai estrategikoak baitira portuak. Esportazioak oztopatzen hastea kasik tabua da egun, eta beharginek karta hori jokatzeko prest daude, gutxieneko zerbitzuak egitera derrigortuta egon ala ez. Edonola ere, Espainiako Parlamentuaren oniritzia behar da zamaketa sektorearen dekretua indarrean sartzeko, eta ez dago argi horretarako gehiengoa ote dagoen. Hilabete barru iritsiko litzateke dekretua parlamentura.

LABek elkarretaratzea egingo du Pasaiako portuaren sarreran gaur. Jorge Silva sindikatuko kideak dio portuei dagokien eskuduntza eskuratzea litzatekeela «soluziorik hoberena», baina ez dituela euskal alderdiak ikusten hori eskatzen, «ezta Gernikako Estatutua etengabe erreibindikatzen duen alderdi nagusia ere». LABek bat egin du lanuzteekin, baina ez da fio Madrilen negoziatzen ari diren sindikatuekin, egungo zamaketarientzat hala moduzko irtenbide bat bilatzeaz harago, atzetik datozenen baldintzak babestea nahi duelako sindikatu abertzaleak.

Astebete geratzen da lanuzteak hasteko; PPren gobernuak Europak exijitzen diona moldatzeko borondate politikoa duen erakutsiko du, eta bereari eutsiz gero kongresuan babes nahikoa ote duen legea onar dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.