Zapateroren Mortirolo

Iker Aranburu.
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunak, Nazioarteko Diru Funtsak eta finantza merkatuek markatutako bide orritik, murrizketekin jarraitu nahi du datorren urtean Espainiako Gobernuak. Hala erakutsi du 2011ko estatuko aurrekontuetan gastua %7,7 txikituko duela finkatuta. Beste biderik ez du, baldin eta 2013rako defizit publikoa BPGaren %3an utzi nahi badu. Tira, badira bi alternatiba, zein baino zein sinesgaitzagoak: bata, ekonomiak sekulako berpiztea izatea eta horrela zergatan diru gehiago biltzea; eta bestea, zerga sistema txukunagoa ezartzea.

Baina bide orri horretan badira aldapa pikoak: etapa gogortzen joateko, funtzionarioen eta pentsionisten protestak, greba orokorrak eta Kataluniako hauteskundeak. Eta, bukatzeko, Zapateroren Mortiroloren partikularra: aurrekontuen onarpena. Izan ere, azken etapetan Espainiako gobernuburua bakar-bakarrik geratu da tropelean. CCko eta UPNko taldekide interesatu bezain txikiak ez ditu alboan.

CiUk abandonatu egin du, eszenifikazio ikusgarriarekin: azken bultzada ematearekin batera iragarri dio azken aldia zela eta aurrekontuak onartzeko beste norbait bilatu beharko duela. Beste hitz batzuetan, ez duela Zapateroren gainbeheran berak ere erori nahi, eta are gutxiago udazkeneko bozetan Kataluniako Gobernua eskura duenean. Horien ondoren, berriro giltzarri lanari ekingo dio CiU ustezko garaileak, Madrilen PSOE zein PP egon.

Aurrekontuak aurrera egiteko hautagai bakarra geratzen zaio PSOEri: EAJ. Baina jeltzaleek ohartarazi diote aurrerantzean ez dela nahikoa izango erantzukizunaren txantaje moralarekin. Sostenguak negoziatu eta pagatu egin beharko ditu PSOEk. Kili-kolo dabilela ikusita, ez zaio merke aterako; baina alternatiba bakarra aurtengo aurrekontuak luzatzea edo bozak egitea denean...

Eta PP? Betiko moduan. Beti besteen gurpilean, asmo bakarrarekin: ahalik eta gutxien eginez etapa eta itzulia irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.