Sakelakoaren bateria amaitutakoan, entxufatu eta kargatu. Eguneroko ekintza horren bidez gertatzen da argindar eta telefonia sektoreen arteko loturarik handiena. Berez, bi merkatuek ez dute antzekotasun handirik, baina zerbitzu hornitzaile diren enpresak maiz herritarren haserrea eragiten iaioak dira. Nor ez da haserretu bere telefonia konpainiara edozein kontsulta egiteko deitzean sailez sail igorri dutelako pazientzia amaitzeraino? Nor ez da sumindu argindar faktura begiratu eta geroz eta gehiago ordaindu behar duelako?
Biak ere sektore estrategikoak dira, ezinbestekoak. Argindarrik gabe, ekonomia erabat geratuko litzateke. Sakelakorik gabeko bizimodua ez da hain aspaldikoa, baina gaur egun ia norbanako bakoitzak berea izateak erakusten du zenbat eraldatu den gizartea.
Europako Batasunaren aginduz, 1997an, Jose Maria Aznarren Espainiako Gobernuak argindar eta telekomunikazio sektoreak liberalizatu zituen, baina pauso horrek ez ditu espero ziren fruituak eman. Liberalizazioak, ustez, prezio lehiakorrak eta zerbitzu hobea dakartzala aldarrikatu ohi dute merkatu askearen defendatzaileek. Errealitatea bestelakoa izan da.
Zerbitzuari dagokionez, herritarren erreklamazio gehien biltzen dute biek. Kontsumobide erakundearen 2012ko memoriaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzaileen arretarako erakundeetan herritarrek aurkeztutako hamar erreklamazioetatik lauk (%40) telekomunikazioekin zuten zerikusia. Telekomunikazioetan, gainera, telefonia mugikorrak eragiten du arazo gehien (batez ere kontratuaren baldintzak eta konpainiaz aldatzeak). Ondoren, ur eta argindar hornidurak dira herritarren erreklamazio gehien (%10) eragiten duten zerbitzuak.
Prezioei dagokienez, liberalizazioak ez du tarifen merkatzerik ekarri. Argindarraren kasuan, azken hamar urteetako joera goranzkoa da; telefonia mugikorrean, berriz, erosahalmen handiagoko Europako herrialde ugari baino tarifa garestiagoak daude Hego Euskal Herrian. Bai, liberalizazioak aje ugari utzi ditu. Dena den, merkatuen egiturari begiratuta, badira hamaika diferentzia argindar eta telekomunikazio sektoreen artean. Hamaika... edo zazpi. Horra nagusiak:
1. Merkatu kuotak
Argindar eta telefonia mugikorrari erreparatuta, bi merkatuak enpresa handi gutxi batzuen kontrolpean daude. Espainiako merkatuan, argindarraren %98 bost konpainia handienek saltzen dute. Iberdrolak ia merkatuaren erdia (%47) dauka, eta bere nagusigoa batez ere etxebizitzetako argindarraren salmentan oinarritzen du. Endesa da handienen artean bigarren konpainia, eta enpresen atalean lehen hornitzailea da. Gas Natural Fenosa gaineratuz gero, hirurek merkatuaren %90 dute. EDP taldea eta E.ON gaineratuta, argindarra saltzen duten konpainia txikientzat tartaren apurrak baino ez dira geratzen.
Hego Euskal Herrian, Espainian baino lehia txikiagoa dago, eta panorama nahiko etsigarria da. Ez dago merkatuaren datu osorik, baina energia berriztagarrien erregimen bereziko argindarraren salmentan, Iberdrolak %98,5 saltzen du. Horrek ez du esan nahi Iberdrolarena dela tarta osoa. EDP taldearen Naturgas Energiak bere zentralen bitartez erregimen arrunteko argindarra ekoizten eta saltzen du. Etxebizitzen eta batez ere industriako enpresen atalean, merkatu kuotaren zati bat kentzen dio. Portzentaje hori handiago edo txikiagoa izan, Iberdrola jaun eta jabe. Ez da monopolio egoera, baina ia-ia.
Telefonia mugikorrak, berriz, liberalizazioaz geroztik garapen teknologikoa handia izan du, baina apenas eman den aldaketarik orain gutxira arte. Espainiako merkatuaren %84 Movistarrek, Vodafonek eta Orangek menperatzen dute. Hiru horiei laugarren aktore garrantzitsu bat batu zaie Hego Euskal Herrian, Euskaltelek %30 inguruko kuota baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Atzetik, distantzia handiarekin, Yoigo dago. 2005ean sartu zen merkatuan, eta urtez urte kuota jaten joan zaie beste hirurei, batez ere Telefonicaren filialari.
Dena den, azken bi urteetan Internet bidezko operadore birtualen agerpenak irauli du merkatua. Hor datza argindar sektorearekiko diferentzia. Argindarrean lehiakide txikiei apurrak geratzen bazaizkie, telefonia mugikorrean %11ko merkatu kuotak 713 milioi euroko negozio bolumena mugitzen du urtebetean. Tartaren zati esanguratsu horrek, berez, epe luzera merkatuko liderren nagusigoa zalantzan jartzeko aukera irekitzen du, gainera. Tarifa merkeagoak eskaintzen dituzte, eta horri esker iaz %22 merkatu ziren telefono deien eta mezuen kostua. 2005etik hona prezioek %50 behera egin dute.
2. Lehia
Epe berean, argindar tarifak %70 garestitu dira. Azken finean, merkatuan ez dago aire freskorik. Espainiako Energiaren Batzordeak irailean kaleratutako azken azterketan ondorioztatzen denez, Endesak eta Iberdrolak apenas galdu duten bezerorik. Berez, 2009ko uztailaren 1a geroztik, argindar enpresaz aldatzeak ez du inongo kosturik, baina aldaketa prozesua telefonian baino luzeagoa da. Hamar eta hogei egun artean behar dira, eta prozesu hori ez dago kontrolpean. Gainera, ia ez dago mugimendurik. Argindar faktura ulertzeko zailtasunak eta, batez ere, eskaintza hobeen eskasiak bezeroak betiko konpainiarekin jarraitzera bultzatu dituzte.
Tentsio txikiko argindarraren atalean, bezeroek aukeratu ahal dute merkatu askera jo edo Espainiako Gobernuak ezarritako Azken Baliabideko Tarifara (TUR) jo. Berez TUR tarifa gehienezko muga bat da, eta hortik gora prezioak ezartzea debekatzen du, baina muga hori enpresek erreferentzia gisa erabiltzen dute. TUR tarifaren aterkipean jarraitzen dute gehienez 10 kilowatteko potentzia duten etxebizitzek. Zortzi milioi etxe inguru.
Izan ere, etxebizitzei ez die konpentsatzen merkatu librera jauzi egiteak, eta nahiago dute gobernuen erabakien menpe geratu. Arrazoia? Merkatu libreak aukerak baino arrisku gehiago dakartza. CNEren arabera, TUR tarifarekin alderatuta, merkatu libreko eskaintzarik merkeenarekin artean 9 eta 24 euro baino ez dira aurrezten. Hots, urtean sendi batek ordaintzen duenaren %1 eta %4 artean. Ordea, merkatu librean eskaintzarik merkeenaren eta garestienaren arteko aldea urtean 150 eurokoa da. Hartara, merkatu librera jotzeak ez du inongo pizgarririk, eta bai arriskurik.
Egoera horrek ez du inongo zerikusirik telefoniarekin. Merkatu horretan aldaketak eguneroko ogia baitira. Garapen teknologikoak eta konpainiaz aldatzeko erraztasunak 2012an bost milioi bezero konpainiaz aldatzera eraman zituzten, eta iaz zazpi milioira igoko zela kalkulatzen da. Merkatuko enpresa nagusiek bezeroei 18 eta 24 hilabete artean egotera behartzen diete, eta horrek batzuetan arazoak eragiten ditu. Dena den, egun bakarrean egin daiteke aldaketa, doakoa da, eta bezeroak bere zenbakiari eusten dio. Azarotik kontratatutako enpresa berria derrigortuta dago bertan egoteko epemuga zein den zehaztera.
Merkatu mugimendu handi horrek, elkarri bezeroak kentzeko lehiak eta lehiakide berrien agerpenak tarifak hobetzera bultzatu dituzte konpainiak. Merkatua ez da handitu gainera, alderantziz baizik. Krisi aurreko urtean, konpainiek 14.150 milioi euro fakturatu zituzten; iaz, berriz, 8.500 milioi. Hots, tarta txikitu egin da, eta lehiakideak handitu.
3. Fakturaren ulergarritasuna
Telefonia mugikorrean, konpainia bakoitzak eskaintza sorta ugari ditu, eta norbere beharrak jakiteak tarifarik egokiena hautatzea errazten du. Eskaintza horietako batzuk ordutegietan oinarritzen dira, eta operadore batera edo bestera deitzeak diferentziak dakartza. Dena den, konpainiek tarifa unibertsalak eskaintzeak hautaketa erraztu du, eta faktura ulertzea ere nahiko erraza da: hainbat kontsumitu, hainbat ordaindu.
Zerikusirik ez argindarrarekin. Hasteko, faktura herritar gehienek ulertzen ez dituzten kontzeptuz beteta dator, eta horretaz ere baliatzen dira. Fakturan, berez, bi kostu zehazten dira. Bata, finkoa, kontratatutako potentziaren araberakoa; eta bestea, aldakorra, kontsumoaren araberakoa. Etxe batzuetan konpainiak berak ezartzen du potentzia, etxe horren beharraren gainetik: gerta liteke etxe batek 4,6 kilowatteko potentzia kontratatua izatea eta 3,6 kilowattekin aski izatea. Potentzia kilowatt bakoitzeko urtean 45 euro aurreztu litezke.
Beste kostua, jakina, kontsumoaren araberakoa da. Kontzeptuak ulertzea zail egiten bada, are ulergaitzagoa da ikustea ordaindutako ehun eurotik 37 baino ez direla kontsumitutakoari dagozkionak. Euren irudia garbitzeko asmoz, argudio hori baliatu dute azkenaldian. Ahazten zaie esatea, jakina, beste kontzeptu batzuei esker ehun eurotik beste 20 eta 25 euro artean jasotzen dituztela. Guztira, fakturaren %60 inguru jasotzen dute.
Baina zeintzuk dira fakturan datozen gastu gehigarri horiek? Batetik, BEZ eta argindar zergak daude, eta ehun eurotik 22 ordaintzen ditu kontsumitzaileak. Gainera, ehun eurotik 17,2 euro berriztagarrien produkzioa eta bilakaera bultzatzeko laguntzak dira.
Konpainiek faktura garestiaren errudun egiten dituzte energia berriztagarriak, baina egiazki fakturan bidesari gehiago datoz, eta gehienak eurentzat dira: adibidez, ehun eurotik 4,14 euro Endesarentzat dira —Kanaria eta Balear uharteetako herritarrei argindarra prezio berean eskaintzeko ordaintzen den gainkostua—; beste 10 euro banaketa enpresentzat, eta horien artean daude Iberdrola eta beste konpainia handiak; beste hiru euro argindar enpresentzat doa garraio kostuak finantzatzera; beste 0,89 euro energia nuklearraren inbertsioen atzerapenagatik konpainien alde ezarritako konpentsazioak dira. Azkenik, beste 2,84 euro argindar enpresekin ustez ustez dagoen zorra ordaintzera bideratzen da.
Azkenik, hori dena gutxi ez balitz, konpainiei beste kostu batzuk ere ordaintzen zaizkie. Adibidez, argindar kontagailuaren alokairua. BOE Espainiako Buletin Ofizialak zehazten du urtero: hilean 0,5 eurokoa da baldin eta kontagailu analogikoa bada, edo 0,8 kontagailu digitala bada. 2018rako etxe guztietan egon beharko du kontagailu digitalak. Kostu horren barruan dago neurgailuen mantentze zerbitzua. Polemika iturri ere bada: aditu batzuentzat hobe da banaketa enpresen esku egotea mantentze zerbitzua. Beste batzuentzat, iruzurra da oso denbora gutxian amortizatutako gailuen alokairua denbora luzez kobratzea bezeroei.
4. Tarifen ezarpena
Telefonia mugikorrean, konpainia bakoitzak ezartzen du tarifa. Bere merkataritza estrategiaren erabaki nagusia da, horren bitartez lehiatzen delako. Normalean konpainia handiek hainbat eskaintza egiten dizkiete bezeroei eta haien esku dago aukeratzea. Bezeroak kontsumitutakoa eta BEZ zerga ordaintzen ditu.
Sakelakoen teknologia egunez egun eraldatuz doanez eta oso denbora gutxian aldaketa handiak izaten direnez, puntako telefonoak erabiltzen dituzte bezeroak erakartzeko amu gisa. Normalean, bezeroak ez du telefonorik libre erosten, baizik eta nahiago du kontratuaren barruan epeka ordaindu. Urte eta erdiz edo bi urtez konpainiaren bezero izateko betebeharrarekin finantzatzen dute telefonoa konpainiek, eta jakina etekina atera.
Argindar sektorean tarifa ezartzeko mekanismoak misterioaren eta nahasmenaren arteko kategoria hartzen du. Etxebizitza gehienei Espainiako Gobernuak ezartzen die TUR tarifa, baina era berean hiru hilean behin egiten den enkante birtual baten arabera (Cesur) zehazten da. Enkantea etorkizuneko prezio aurreikuspenetan oinarritzen da, eta parte hartzen duten eragileek konpromisoa hartzen dute prezio finko batean hornituko dutela argindarra. Azalpen ofiziala da eguraldiaren gorabeheren aurrean argindarrak kostu finkoa izatea .
Merkatu birtual horretan, argindar konpainiez gain, nazioarteko inbertsio bankuek eta funtsek —besteak beste, Morgan Stanley, Goldman Sachs, Deutsche Bank eta RBS— parte hartzen dute eta apustu egin,
Zertan datza apustua? Iberiar penintsulako eguneroko merkatu elektrikoan (Mibel) ezartzen dira egiazko prezioak, eta horiek Cesur merkatukoak baino merkeagoak badira, irabazi egiten dute; eta garestiagoak badira, galdu. Edonork susma dezakeen bezala, eurak ateratzen dira ia beti irabazle: azken 18 enkanteetatik 16 irabazi dituzte. Hala, sistema horrekin argindarra espekulaziorako finantza produktu bihurtu da. Kontsumitzaile elkarteek kalkulatu dute 1.000 milioi euroko gainkostua eragiten duela urtean.
Adituek luzaroan ohartarazi dute enkantea espekulazio iturri dela eta prezioak manipulatzeko aukera ematen duela. Hori argi geratu zen azken enkantean: %29 igo zen eta gobernuak berak enkantea eten zuen. Orain sistema berria ezarriko dutela dio. Dena den, galderak airean jarraitzen du: Nolatan segitzen dute tarifek igotzen baldin eta kontsumoa jaitsi bada?
5. Kontsumoa
Hori ere bada diferentzia. Argindarra oinarrizko zerbitzua da, baina kontsumoak behera egin du nabarmen. Iaz, 2005ean adinako kontsumoa izan zen, eta 2012arekin alderatuta, kontsumoak %2,3 jaitsi zen. Kontsumo beheraka badoa ere, prezioak ez dira jaitsi, alderantziz baizik.
Telefonia mugikorra, berriz, merkatu heldua da, eta bere gehienezko ahalmenetik oso gertu dago. Merkatua liberalizatu zenean apenas zegoen sakelakorik erabiltzen zuten herritarrik, baina geroztik, etengabeko gorakada izan du, eta egun ia herritar kopurua adina telefono dago.
Hego Euskal Herrian, 16 eta 74 urte arteko 2,067 milioi herritar badaude, ia-ia denek telefono bat dute: CMTren arabera, 2,009 milioi linea daude izena emanda Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 2007tik 2012rako epean, telefonia operadoreek 416.829 bezero irabazi zituzten Hego Euskal Herrian. Argindar sektorearen kontrakoa gertatzen da, beraz. Kontsumoa gehienezko mailan dago, eta hala eta guztiz ere, tarifek iaz batez beste %22 egin zuten behera.
6. Errentagarritasuna
Hemen ere kontrako norabideak agertzen dituzte bi sektoreek, eta merkatuaren egoerak, jakina, erlazio zuzena dauka. Telefonia mugikorra duela bost urtera arte oso negozio errentagarria zen telefonia konpainientzat. Vodafone da horren lekuko. Erresuma Batuaren ondotik, etekin gehien ematen zion merkatua zen Espainiakoa. Egun, guztiz bestelakoa da egoera. Diru sarreren beherakadak eta tarifen merkatzeak ekarri du jada ez dutela hainbeste irabazten. Vodafoneren irabaziak bigarren urtez jarraian %40 behera egin dute: 206 milioi euro irabazi zituen. Operadoreak fakturatutako ehun eurotik 4,4 euro mozkina izan ziren.
Errentagarritasuna handiagoa da argindar konpainien artean. Krisiak krisi, merkatuko liderrak, Iberdrolak, iazko iraila bitarte fakturatutako ehun eurotik hamar irabazi zituen. Guztira, iraila bitartean 2.275 milioi euro irabazi zituen.
7. Europa
Europako Batasunarentzat biak dira sektore erabakigarriak, baina argindar sektorean herrialdeen interes partikularrak nagusitzen dira. Ez da gauza bera zentral nuklearren alde apustu egin duen Frantzia edo energia berriztagarrien alde dagoen Alemania. Hala Europako Batzordeak berak zehazten du «barne merkatu bateratu bat sortzea» ez dela berez helburu bat. Bruselak bai ezartzen ditu irizpide batzuk, hala nola energia berriztagarrien aldeko apustua egin dezaten.
Telekomunikazioetan eta telefonia mugikorrean, berriz, Europako Batasunak merkatu bakarra izatea nahi du 2020rako, nahiz eta 28 herrialdeen artean oso egoera desberdinak izan. Horregatik, batasuna helburu, Bruselak irailean proposamen zehatzak egin zituen kontsumitzaileen eskubideez, 4G sareaz, merkatuen arautzeaz, herrialdeen arteko telefono deiez...