Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi eta EAJko senatari izandakoari zazpi urteko kartzela zigorra jarri diote, Glass Costa Este Salou enpresarekin loturiko auzian; hiru delitu fiskal egiteko beharrezko kolaboratzailea izatea leporatu diote —zigor bakoitzarengatik bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra—. Horrez gain, 3,2 milioi euroko isuna ordaindu beharko du, eta 1,6 milioi euro itzuli beharko dizkio ogasunari —beste zigortuarekin batera ordaindu beharko du hori—.
Bravoren bazkide Fernando Isidoro Gonzalez Enfedaqueri (Air Madrid konpainiako buru ohiari), berriz, bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri diote —akusazioek lau urte eta erdi eskatu zituzten—. Gonzalezek milioi eta erdi euroko isuna ordaindu beharko du.
Era berean, biek galdu dute laguntza publikoak lortzeko aukera eta hiru urtez onura edo pizgarri fiskalak edo Gizarte Segurantzakoak jasotzeko eskubidea.
Iazko irailean epaitu zituzten, Donostiako Zigor Epaitegian. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen Bravorentzat, eta Espainiako Estatuaren abokatuak, bederatzikoa. Fiskaltzak jarri zuen salaketa, 2009. urtean.
Epaimahaiak frogatutzat eman du Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari izan zen garaian (1995-2003) hasi zela Bravo tratu pribilegiatua ematen bere merkataritza sozietateari —2001. urtean sortutakoa— eta harekin lotutako beste batzuei, eta horrek, gerora, aukera eman ziola 2003, 2004 eta 2006ko ekitaldietan zergetan 1,6 milioi euro inguru ez ordaintzeko.
Ogasunetik Senatura
Hain justu, 2003. urtean EAJk Espainiako Senaturako zerrendetan jarri zuen, eta aukeratua irten zen; Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari kargua utzi ondorengoak dira egotzitako delituak, Madrilen senatari zen garaikoak.
Bravok baliatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996. urtean Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat (ESS) sortutako zerga erregimen berezia. Glass Costa enpresaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezarri zuen, «abantaila fiskal nabarmenak» eskuratzeko, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan. Eta onura horiek lortu zituen Glass Costaren egoitzan erregistratu ziren Gipuzkoa kanpoko beste hainbat enpresa eta norbanakoentzat ere —horien artean, Rafael Nadal tenislaria ikertu zuten—.
Glass Costak, berez, Cambrilsen (Tarragona, Herrialde Katalanak) zeukan jarduera nagusia: hotelen eta higiezinen negozioan aritzen zen. Gipuzkoako erregimen bereziaz baliatzeko, ogasunean eskaria egin behar da, eta hark begiratu behar du eskatzaileek baldintzak betetzen dituzten ala ez.
2011. urtean Pello Gonzalez Ogasuneko foru diputatuak —orduan EA alderdian zegoen— emandako datuen arabera, 2010era arte 115 ESS sortu ziren Gipuzkoan, eta 600 milioi euro aurreztu zituzten zergetan.
EAJ jopuntuan
Fiskaltzak 2007. urtean abiatu zuen ikerketa; garai hartan EAJren kudeaketarekin lotutako beste kasu batzuk azaleratu ziren, hala nola Balentziaga auzia —Mariano Camio Getariako alkate ohia zigortu zuten—, eta, geroago, De Miguel auzia —Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiak zigortu zituzten iaz, beste hamabi pertsonarekin batera—.
Halaber, Victor Bravoren izena azaldu zen haren anaia Jose Maria Bravoren aurkako auzian. Gipuzkoako Ogasunak Irunen duen ordezkaritzaren buru zela, Jose Maria Bravok hainbat urtez bereganatu egin zituen harengana jo zuten hainbat enpresak Gipuzkoako Ogasunari zor zioten dirua. Gaur egun, espetxean dago, 11 urteko zigorra betetzen.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan bi ikerketa batzorde osatu zituzten Bravo anaien kasuak aztertzeko. Bietan ondorioztatu zuten ogasuneko kontrol neurriek huts egin zutela, eta nahieran aritu zirela Bravo anaiak. Victor Bravori egotzi zioten 90eko hamarkadaren bigarren erdian Gipuzkoako Ogasunean eginiko iruzur kasuen erantzukizuna.
Bi auzi horiengatik seinalatu zuten kargudun politiko bakarra izan zen Bravo; Antton Market Ogasun diputatu ohiaren lana ere kritikatu zuten, baina bere jardunean ez zuten erantzukizun penalik antzeman. Hiru ahaldun nagusi ohik deklaratu zuten ikerketa batzordeetan.
EH Bilduren eskaera
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, EH Bilduk gogoratu du Bravorena ez dela kasu «bakan» bat, «ezta Gipuzkoako Ogasunarekin zerikusia duen lehenengo praktika irregularra ere». Azpimarratu du epaiak «argi uzten» duela «birgaitze demokratikoa» behar dela Gipuzkoan, «klase politikoaren eta erakunde eta zerbitzu publikoen lanean ari diren pertsonen ohorea berreskuratzeko».