Aurten zazpigarren aldiz greba orokorra egin zuten atzo Grezian, pentsioen erreforma salatzeko. Garraioa eta administrazio publikoa erabat geratu ziren. Alabaina, protestetan espero baino jende gutxiago izan zen. GSEE sindikatuak emandako datuen arabera, lantegien %80 itxita egon ziren, eta Atenasko manifestazioan 20.000 pertsona izan ziren. Poliziaren arabera, 11.000lagun bildu ziren protestan.
Langileen ordezkariek beraiek ere aitortu zuten mobilizazio jendetsuagoak espero zituztela.«Jendea ez da kalera atera, baina lanera ere ez da joan», esan zuen ADEYI funtzionarioen sindikatuko bozeramaile batek. Garraioa geldirik egon zenez herritarrek zailtasunak izan zituztela manifestazioetara joateko zehaztu zuen.
Atenas erdigunean itxita egon zen goizetik arratsaldeko lehen orduak artean, eta auto ilara handiak sortu ziren inguruko kaleetan. Aire kontrolatzaileek ere lau orduko lanuztea egin zuten. Ondorioz, Grezia barruko nahiz nazioarteko ehunka hegaldi aldatu edo bertan behera laga zituzten. Gauza bera gertatu zen irletarako itsasontzi zerbitzuekin. Zortzi joan-etorri bertan behera utzi zituzten, eta gainerakoak gaurko atzeratu. Osasun arloan, larrialdi zerbitzuak bakarrik aritu ziren lanean normal. Kazetariek ere bat egin zuten grebarekin, eta informazio oso gutxi zabaldu zen. Haatik, denda dezenteireki zituzten.
Aurreko grebetan ez bezala, aparteko iskanbilarik ez zen izan atzo. «Modu baketsuan joan dira protestak», azaldu zuen Poliziak. Atenasko Unibertsitatearen inguruan izan zen liskar bakarretakoa. Manifestariek kalekojantzitako polizia bat zauritu zuten.
Pentsioen erreforma
Atzo goizaldean, Greziako Parlamentuak pentsioen erreformarako atariko akordioa onartu zuen. Horrek sortu zuen herritarren haserrea. Hain zuzen, erretiratzeko adina 65 urtera atzeratu nahi du, eta pentsio osoa jasotzeko 40 urte kotizatu beharko dira. Orain artean, 35 urtean lan egitearekin aski zen. Pentsioak %7 txikiagoak izatea ere nahi du Gobernuak, kontu publikoak onbideratzeko. Datorren astean, berriro izango diraprotestak, funtzionarioen pentsioen erreforma bozkatuko dutelako Parlamentuan.
Zazpigarren greba orokorra egin dute Grezian azken erreformen aurka
Sindikatuen arabera, %80ko oihartzuna izan du, baina uste baino jende gutxiago izan da manifestazioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu