Urtebete igaro da Guillermo Dorronsoro Zedarriak iritzi taldeko zuzendariak esan zuenetik euskal industriak «aukera paregabea» zuela defentsaren sektorean. Hautsak harrotu zituen, Ukrainako gerra eta Gazako sarraskia puri-purian zirelako orduan eta armagintza eta negozioa esaldi berean lotzeak ageriko dilema etikoak sortzen dituelako. Bada, hamabi hilabete geroago, Arancha Gonzalez Laia Espainiako Atzerri ministro ohiak, hainbat enpresatako administrazio kontseiluetako kide ere badenak, antzeko mezua zabaldu du, foro berean, gainera: «Alemanian ikusi dute. Autogintza apaltzen ari da, eta sektoreko planta batzuk ekipamendu militarrak ekoizteko birmoldatu dituzte».
Gonzalez Laiak —gaur egun Nazioarteko Gaietarako Eskolako dekanoa da Parisko Sciences Po unibertsitatean— hizketa funanbulismoko ariketa bat egin du Zedarriak-ek Bilbon antolaturiko hitzaldian: nola hitz egin armagintzaz, armagintza aipatu gabe. «Defentsa» eta «disuasio» izan dira haren hitz komodinak: «Europak bere disuasio ahalmenean inbertitu behar du; hala izan ezean, harrapakin bihurtuko da. Hori gertatu zaio Ukrainari». Hori bai, nabarmendu du, eta hau izan da haren hitzaldiaren muina, Europak defentsa industria propioa garatu behar duela.
«Europak bere disuasio ahalmenean inbertitu behar du; hala izan ezean, harrapakin bihurtuko da. Hori gertatu zaio Ukrainari»
ARANCHA GONZALEZ LAIA Espainiako Atzerri ministro ohia
Bere ustea zabaltzeko, NATO sortu zeneko negoziazioak gogoratu ditu, eta zintzo esan du aliantza atlantikoan azken hitza, beti, «AEBetako jeneral batek» duela. Aipatu du aliantzaren jatorrian Europa eta AEBen arteko paktu bat egon zela, eta bertan Europak armak AEBei erostea onartu zuela: «Gure defentsa beharrak AEBen ahalmen industrialari erostea adostu genuen. Ez ziguten defentsa oparitu: adostu egin genuen». Hala ere, eta menpekotasunak menpekotasun, argi utzi du bera ez dela NATO uztearen aldekoa.
Espazioko defentsa
«Gure kontinentea defendatzearen ardura geure gain hartu behar dugu», aldarrikatu du, eta azaldu armagintzak bi erabilera izan ditzakeela: «Defentsa disuasioa da lehenbizi, baina, era berean, gero arlo zibilean erabil daitekeen teknologia ere bada». Are gehiago, planetaren mugetatik harago joan behar dela aipatu du: «Airbus, Thales eta Leonardo aeronautika enpresak bideratzen ari diren proiektua hor dago, disuasio ahalmen hori espaziora eraman ahal izateko».
Eta nola ordaindu hori? Diru publikoz, hasieran behintzat, estatuak baitira armagintza eta defentsa sistemen bezero bakarrak, eta estatu laguntzak mugarik gabe onartzen dituen sektore bat da. Halere, inbertitzaile pribatuei ere egin die dei, eta kritikatu du Europa «bere mugetatik kanpo inbertitzen duen» kontinente aberats bat dela: «Europako aurrezkiak Europako proiektuak bultzatzen jarri behar ditugu. Defentsa baliabideak eraiki behar ditugu».
«Europaren defentsa beharrak AEBen ahalmen industrialari erostea adostu genuen. NATOn azken hitza AEBetako jeneral batek du»
ARANCHA GONZALEZ LAIA Espainiako ministro ohia
Bere jarrera argudiatzeko, Gonzalez Laiak nabarmendu du AEBekiko menpekotasun militarrak beste arlo batzuetan ere egin diola kalte Europari. Ukrainako gerraren eredua jarri du: «Europak munizioa bidali dio Ukrainari, eta AEBek, adimen militarra. Adimen hori funtsezkoa izaten ari da, eta horregatik beldur ginen AEBek beren adimen militarraren jarioa etengo zuten. Horiek horrela, akordio batera iritsi ginen: ez genizkien muga zergak igo, AEBek asko igo ez zitzaten».
Araurik gabeko mundua
Behin militar kaskoa erantzita, Gonzalez Laiak errieta egin dio Europari, eta bere buruan sinetsi behar duela esan du, eta munduko beste herrialdeekin duen harremana birpentsatu behar duela. «Arauetan oinarrituriko mundu baterako prestatu zen Europa, eta orain herrialde batzuek arau horiek hautsi dituzte unilateralismoa bultzatzeko».
AEBak aipatu ditu lehenbizi, eta esan du haiekiko harremana ezin dela eten, baina haiekin lan egiteak arriskua duela. Gaineratu du EB-AEB haustura ez dela ekonomikoa, «ideologikoa» baizik, eta hori kudeatzen zailagoa dela: «Aliantza bateko kide batek beste aliantza bateko kide bat mehatxatzen duenean, aliatua izateari uzten dio». Haren ustez, Donald Trumpek Danimarkan eginiko mugimendua ez da ekonomikoa, handinahi hutsa baizik: «AEBen lurraldea handitu zuen presidente gisa gogoratua izan nahi du».
Aldaketak Zedarriak-en
Iritzi talde, ikerketa multzo, lobby liberal... Zedarriak taldeak hainbat izendapen eta kritika jaso ditu bere hamar urteko ibilbidean. Dena den, ezin zaio ukatu baduela berritzeko ahalmena Pedro Luis Uriartek sortu zuenetik. 2026an hiru kide berri sartu dira haren organo exekutiboan: Angel Markaide Eroskiko presidente ohia, Mikel Sanchez zirujaua eta Maria Jesus Conde ikerlari feminista eta enbaxadore ohia. Era berean, aurreratu du zein izango den aurtengo bere lanaren gaia: enpresen errotzea eta hura lortzeko inbertsio pribatu eta publikoa.
Txinaz mintzatzean, harekin harremana izatea ezinbestekoa dela esan du, baina salatu du Europan ez dagoela batasunik Asiako erraldoiarekiko harremanean: «Estatu bakoitza bere kasa ari da. Guztiek lortu nahi dituzte Txinak Europan egingo dituen inbertsio handiak, eta badakite baldintzetan zorroztasun gutxien duenak erakarriko dituela».
Txinarengandik ikasi
Txinarengandik asko ikasi behar dela nabarmendu du, eta gogoratu du bere garaian berak lan egin zuela Europaren eta Txinaren arteko akordioen baldintzen diseinuan. Ikasgai bezala, Txinak autogintzarekin eginikoa laburbildu du: «Akordio hori oso ona izan zen Europako autogintzarentzat. Txinak ikusi zuen ezin duela konbustio autoaren guda irabazi, eta uko egin zion. Elektrikora begira jarri zen, 2000. urtean! 25 urte daramatza hori garatzen, eta horregatik dago oso aurreratuta. Europak egokitu egin beharko du, eta hurrengo autoa zein izango den aurreikusi: autonomoa, hegalaria...».
Hitzaldian, besteak beste, Turkia eta gerra osteko Ukraina ere aipatu ditu, eta haiei batasuneko ateak irekitzeko argitasuna eta irudimena beharko dituela iragarri. Halaber, gaineratu du Europak akordioak lortzeko bere bideari eutsi behar diola. Mercosurrekin eta Indiarekin egin bezala, laster negoziazioak hasiko ditu Indonesia, Malaysia, Australia, Txile eta Singapurrekin: «Europak bere buruarengan sinetsi behar du, eta garbi eduki badela nor munduan. Ezkortasuna alboratu behar du».