Mariano Raxoiren helburua gobernuak ahots bakarra izatea bazen, ez du lortu oraingoz. Hilabete igaro du agintean, eta ministroen oilategiak ez du atsedenik. Atzo bertan, 2012. urterako defizit helburuak betetzeko aukerak aurrez aurre jarri zituen Cristobal Montoro Ogasun ministroa eta Soraya Saez de Santamaria presidenteordea. Ez da kasu bakarra, gobernuan zerga igoerari edo lan erreformari buruz iritzi kontrajarriak entzutea eguneroko kontu bihurtu delako.
Goizean hasi zen polemika. Financial Times Deutschland Alemaniako kazeta ekonomikoak Montorok egin zizkion adierazpenak argitaratu zituen atzo. Galderei erantzunez, ministroak uko egin zion PPko gobernuak aurtengo defizit helburua beteko duela ziurtatzeari, «betetzea ona eta desiragarria» dela argudiatu zuen arren. Espainiak Europako Batasunarekin hitzartutakoaren arabera, defizit publikoaren muga %4,4 da aurten. Montororen ustez, Zapateroren gobernuak egindako aurreikuspen «zaharkituetan» oinarritzen dira kalkulu horiek.
Mariano Raxoi presidenteak behin eta berriro agindu du defizit helburuak kosta ahala kosta beteko dituela. Hauteskundeen aurretik Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak defizita murrizteko denbora gehiago eskatuko zuela jakinarazi zuenean errieta egin zion Raxoik, eskaerak «konfiantza» higatuko zuelakoan.
Lau urtean defizit publikoa %11tik %3ra jaisteko konpromisoa hartu zuen Zapaterok EBko beste kideekin. Haatik, krisi ekonomikoaren gogortzeak oso zalantzazkoa bihurtu du helburu hori. 2011. urtean defizita %6ra mugatzea zen asmoa. Oraindik ez dago datu ofizialik, baina urte amaieran «%8 edo gehiago» izango dela adierazi izan dute gobernuko ordezkariek azken asteotan.
Defizita %8tik %4,4ra jaisteko, gastu publikotik 40.000 milioi euro inguru murriztu edo beste hainbeste diru sarrera handitu beharko lituzke Espainiak. Hori egin beharko luke, gainera, susperraldi ekonomiko baten laguntzarik gabe. Zapateroren gobernuak %2,3ko hazkundea iragarri zuen 2012. urterako. Zalantzarik gabe, beteko ez den aurreikuspen baikorra. Espainiako Gobernu berriak ez du oraindik kalkulu ofizialik egin, baina Nazioarteko Diru Funtsak %1,7ko erorketa du esku artean, ekonomiaren motelaldiak eta murrizketen zamak eraginda.
Montororen hitzek sortu zuten ekaitza baretzera atera zen Saez de Santamaria Espainiako presidenteordea, ministro kontseiluaren ondotik. Helburua ez dela aldatu eta betetzeko «borondatea eta ausardia» izango dutela agindu zuen.
Kontratuarekin bueltaka
Eguneko beste protagonista Luis de Guindos izan zen. Ekonomia ministroak Wall Street Journal egunkarian iritzi artikulua kaleratu zuen atzo. Esan zuen austeritateak eta murrizketek ez dutela alternatibarik, baina deigarriena lan erreformari buruz esandakoa izan zen. De Guindosek bi kontratu dituen sistema aldarrikatu zuen: lanaldi osoko kontratu bat eta lanaldi partziala bultzatzeko beste bat.
Ez da PPko buruzagi batek kontratu bakarra defendatu duen lehen aldia. Enpresaburu elkarteek ere aukera hori babestu izan dute. Noski, eredu horrek gaur egungo kontratu mugagabeak dituen kalte-ordainak nabarmen murriztea eskatu dute patronalek. Esaterako, hogei laneguneko ordaina ezartzea, edo txikiagoa. Gaur egun, ohiko kontratu mugagabeak 45 lan jardunaldiko kalte-ordaina du, 42 hilabeteko epemugarekin. Kontratazio mugagabea sustatzeko egiten direnetan 33 laneguneko ordaina eta 24 hilabeteko epemuga dago.
De Guindosek zuzenean esan ez bazuen ere, kontratu bakar teoriko horrek kalte-ordain txikiagoa izango luke, eta iritzi horrek zuzenean egiten du talka joan den astean lan erreformari buruz gobernuak esan zuenarekin. Jose Manuel Soria Industria ministroak ziurtatu zuen lan erreformak ez duela kaleratze kalte-ordaina jaitsiko.
Saez de Santamariak ez zuen berretsi De Guindosen proposamena aintzat hartuko duten.
Zenbat buru, hainbat aburu
Defizit helburua beteko dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak, Cristobal Montoro ministroak zalantzan jarri eta geroDe Guindosek kontratu bakarra ezarriko duen lan erreforma proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu