Zerbitzu publikoetarako baliabide gehiago eskatu dituzte sindikatuek Baionan

Greba egin dute funtzio publikoko eta gizarte laguntzan diharduten elkarte pribatuetako langileek, Frantziako Gobernuaren eta tokiko erakundeen «austeritate politikak» salatzeko. Berrehun pertsonak manifestazioa egin dute Baionako karriketan.

Zerbitzu publikoetako langileak, Baionako Ospitalearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Zerbitzu publikoetako langileak, Baionako Ospitalearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko maiatzaren 13a
13:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Langile eskasia eta baliabide urriak. Hori da, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuen arabera, Ipar Euskal Herriko zerbitzu publikoek gaur egun duten egoera. Egoera horren gibelean Frantziako Gobernuaren eta tokiko erakundeen «austeritate politikak» daudela salatzeko greba egin dute funtzio publikoko eta gizarte laguntzan diharduten elkarte pribatuetako langileek. Egunerokoan dituzten baldintza kaskarrak deitoratu dituzte, langileei ez ezik pazienteei ere eragiten diela azpimarratuta.

«Ditugun zailtasunak logika berberetan oinarritzen dira, eskala batean zein bestean egindako aurrekontu hautu berberetan. Gure eredu soziala zalantzan ematen duten erabaki politikoak dira: aurrekontuen austeritatea denetan, guztiarentzat, beti. Bereziki, ez dute dirua dagoen lekuan bilatzen, eta horrek desberdintasun sozialak indartzen ditu, sistematikoki. Ez da gehiago posible», adierazi dute Baionako ospitaletik Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzara egin duten manifestazioaren amaieran.

Berrehun bat pertsona elkartu dira, sindikatuek nahi baino gutxiago. Denen artean balorazioa egin beharko dutela erran du Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak, baina elkarlanean segitzera deitu du, ikasturte hasierarako mobilizazio indartsu bat antolatzeko.

Bide horretan, ondoko hilabeteetan mobilizazioa indartzera deitu dute sindikatuek «logika ekonomiko ultraliberalen menpekotasunetik» ateratzeko. «Gu ordezkatu eta defendatu beharko gintuzketen hautu politikoak dira, baina egiaz gure lorpen sozial guztiak banan-banan suntsitzen dituzte».

Osasungintza eta soziala

Baionako Ospitalean duten egoera aipatu du Marie-Pierre Etxebarne CGTko ordezkariak. «Ospitalea defizitarioa da, eta langileek pairatzen dute. Gero eta ohe gehiago ireki nahi dituzte, baina langile kopurua emendatu gabe». Osasungintzako langileen «sufrimendua» aipatu du: «Ez du nehork lan egin nahi ospitalean eta zahar etxeetan; zailtasun handiak daude sektore horietan kontratatzeko». Egoera horrek mobilizazioetan ere eragiten duela erran du: «Zerbitzuetan gutxienekoetan gaude. Ordezkari sindikalak ateratzen gara egoera salatzera, baina besteak lanean gelditzera behartuak dira».

«Paziente batez okupatzen ari zarelarik, baina badakizularik haren atzetik beste hamar dauzkazula beha, paziente horrekin hartzen duzun denbora ahal bezainbat laburtzen duzu»MARIE-PIERRE ETXEBARNECGTko ordezkaria Baionako ospitalean

Pazienteek pairatzen duten baliabide falta, Etxebarneren hitzetan: «Pazientearentzat inportantea dena da nola esku hartzen dugun, artak nola humanizatzen ditugun. Gaur egun, deshumaniazio orokor bat bada. Paziente batez okupatzen ari zarelarik, baina badakizularik haren atzetik beste hamar dauzkazula beha, paziente horrekin hartzen duzun denbora ahal bezainbat laburtzen duzu. Arta ez da hori: gizatasun handiagoa behar du. Gutxienez pazientea begietara begiratzea, 'egun on' erratea... Orain dela gutxi, erizain batek kontatu zidan ez zuela pazientea begiratzeko denborarik ere hartu, hain fite egin behar zituen gauzak. Horretan gaude».

Apiril hasieran gizarte laguntzaileek egin zuten protesta oroitarazi du Gaetan Perriere Solidaireseko kideak, baina deitoratu du egoerak ez duela hobera egin; «gero eta konplikatuagoa da». Hizpide izan ditu lansari apalak, diploma falta, zerbitzuaren kalitatearen apaltze «dramatikoa»... «Guk nahi duguna da gure lanbideei zentzua ematea, gizartean dauden pertsona zaurgarrienez okupatzen garelako: elbarrituak, migranteak, bortizkeria jasaten duten emazteak, urgentzia sozialean direnak... Pertsona horien zoriak asko kezkatzen gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.