Lan gatazkak

Zerbitzuen esternalizazioa geratu nahi dute Gipuzkoako hoteletako langileek

Maiatzaren 23tik 25era grebara deitu dituzte sindikatu guztiek.

ELA, CCOO, LAB eta UGTko ordezkariak, Donostian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 5a
12:41
Entzun

Bi dira grebaren arrazoi nagusiak, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek gaur Donostian azaldu dutenez. Batetik, soldata igoera dago. 2014. urtean azken lan hitzarmena iraungi zenetik erosteko ahalmena galdu dutela kontuan izanda, inflaziotik gorako soldata igoerak eskatu dituzte. Zehazki, KPI gehi %1,5 igotzea nahi dute, 2017an, 2018an eta 2019an.

Hotelek horretarako ahalmen ekonomikoa badutela uste dute. "Ez da krisian dagoen sektore bat", aldarrikatu du Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak. Sindikatuek gogorarazi dutenez, azken urteetan ostatuen betetze mailak gora egin du, eta lurraldean hogei hotel eraikitzeko asmoek erakusten dute negozioa egon badagoela.

Bigarren eskaera zerbitzuen esternalizazioari lotuta dago. Gero eta hotel gehiagok zerbitzu enpresen esku uzten dituzte hainbat lan, merkeago ateratzen zaizkielako. Badira zerbitzu batzuk kanpora atera dituzten hotelak —batez ere gela garbiketak, mantenimendua eta taberna—, baina badira harrera izan ezik gainontzeko zerbitzuak esternalizatu dituzten establezimenduak ere.

Joera orokortzen ari dela diote sindikatuek, eta kexu dira esternalizatutako zerbitzuetako langileen lan baldintzei buruz. Lanaldi luzeagoak dituzte, eta soldata txikiagoak dituzte; kasu batzuetan, hotelek zuzenean kontratatzen dituzten langileen soldaten erdia jasotzera iritsi daitezke. Zerbitzuen esternalizazioarekin amaitu nahiko lukete sindikatuek, prekaritatea bultzatzen duelako, eta gutxienekotzat jotzen dute langile horiei Gipuzkoako hoteletako ituna ezartzea.

Hitzarmena berritzeko negoziazioak urrian eten ziren, eta ordutik ez dute bilerarik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.