Bizkaiko Ogasunak 2.590,4 milioi euro bildu ditu zergetan urteko lehen bost hilabeteotan, iaz epe horretan baino %0,2 gutxiago. Datua ez da ona, baina arindu txiki bat eman die administrazioei, apirilean %2,8 ari baitzen jaisten.
Bizkaian gertatutakoa gertatu da Araban ere: apirilean beherakada %4 zen, eta %1,66 izan da maiatzean. Gipuzkoan, berriz, kontrakoa pasa da: %8,2 handitu zen apirilera arte, eta %2,6, berriz, maiatzera arte. Gipuzkoako Aldundiak onartu zuen apirileko datua ezohikoa zela eta ezingo zitzaiola hazkunde erritmo horri eutsi.
Hiru aldundien artean 4.603 milioi euro jaso dituzte, iazko maiatzera arte baino %0,4 gehiago. Hobekuntza gertatu da apirilaz geroztik (-%0,3 zen orduan), baina administrazioen alarmek piztuta jarraitzen dute, eta batez ere Eusko Jaurlaritzarena, harentzat baitira aldundiek bildutako hamar eurotatik zazpi. Izan ere, aurten bilketa %7 handituko zela kalkulatu zuten administrazioek —886 milioi gehiago—, eta horren arabera egin zituzten aurtengo kontuak. Oraingoz, 19 milioi eskas handitu da bilketa.
Urtean zehar hazkunde horri eutsiz gero, 50 milioi handituko litzateke bilketa eta murrizketa handiak egin beharko lituzkete erakundeek. Orain arte, ordea, hitz hori tabu bihurtu dute eta zuhurtzia mezuak zabaldu dituzte. Nabarmendu duteenez, udaren amaieran ikusten da ongien urtearen bilakaera, errenta eta sozietate zergen kanpainen emaitzak jakiten direnean.
Nafarroan ere uste baino pattalago doa bilketa, eta diru sail batzuk ez gastatzeko agindua eman du Uxue Barkosen gobernuak.