Bizkaiko Ogasunak 5.106 milioi euro jaso ditu urteko lehen zortzi hilabeteetan, iaz baino %1,9 gehiago. Emaitza uztailekoa baino pixka bat kaxkarragoa da, orduan %2,4 ari baitzen handitzen bilketa. Bizkaiko Ogasuna da hiruren artean diru gehien biltzen duena, biztanle gehien duen lurraldea izateaz gain han biltzen direlako zerga gehien ordaintzen duten enpresa handi gehienak ere.
Gipuzkoan, berriz. hobera egin du bilketak: uztailean %0,1 gehiago hazi zen, eta abuztuan jada %0,4ra igo da hobekuntza. Edonola ere, hura da helburua betetzetik urrutien dagoen ogasuna. Izan ere. iazko urrian egindako kalkuluak beteko badira, hiru ogasunek %1,9 gehiago jaso beharko dute aurten. Uztailera arte %1,7 gehiago ari ziren biltzen. Kopuru osoetan, 15.265 milioi euro jasoko zituztela kalkulatu zuten. Betez gero, lehen aldia izango da 15.000 milioitik gora jasotzen dutela, iaz kopuru horretatik oso gertu ibili baitziren (14.981 milioi).
Aurten, errenta zerga ematen ari da emaitzarik onena. Bizkaian %3,9 hazi da, eta Gipuzkoan, berriz, %3,1. BEZaren bilketa iazkoaren azpitik dago, eta sozietate zergak ere bilakaera negatiboa izan du aurten: 50 milioi gutxiago eman ditu Bizkaian, eta ia hogei milioi gutxiago Gipuzkoan. Bizkaiko Ogasunak azaldu duenez, iaz aurreratutako ordainketek eragin dute aurten gutxiago jasotzea.