Bizkaiko Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, urtarriletik martxora 1.578,3 milioi euro bildu ditu zergetan. Iaz baino 7,2 milioi gutxiago dira (-%0,5). Errenta zergaren bidez %0,9 gutxiago jaso du ogasunak, 640 milioi, enplegua eta kasu batzuetan soldatak jaitsi izanaren ondorioz atxikipenak %1,3 jaitsi baitira. Gora egin dute, berriz, beste bi zerga nagusiek: sozietate zergaren bidez %6 gehiago bildu dute (57 milioi), eta %7,1, berriz, BEZaren bidez (562 milioi). Urte guztirako 6.220 milioi euro biltzea aurreikusten du Bizkaiko Aldundiak.
Orain arte emaitza okerragoak eman ditu Gipuzkoak, lurralde horretan %2,2 murriztu baita zerga bilketa. Guztira 639 milioi bildu ditu ogasunak, iaz baino 14 milioi gutxiago. Errenta zergak %3,5 gutxiago eman du, eta zerga bereziak %17,4 (elektrizitatea, hidrokarburoak, tabakoak, garagardoa...). Hobera egin dute, berriz, enpresen irabazien gainekoek eta BEZak.
Urte osoan zerga bidez %4,4 gehiago biltzea espero du aldundiak, eta artean ez du baztertzen helburu horietara iristea, errenta zergan eta BEZan bilketa handitzea ahalbidetuko duten "neurri garrantzitsuak" hartu direlako. Berez, martxoa ez da hain txarra izan, otsailean bilketak zeraman %6,5eko jaitsiera 4,3 puntu hobetzea lortu delako.