Zerga politikari buruzko eztabaida «serioa eta lasaia» nahi du Sordok

Eztabaidan berdintasunaz, progresibotasunaz eta iruzurraz hitz egin behar dela uste du

jakes goikoetxea
2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Administrazioek diru premia larria dute. Diru gutxiago bildu dute, baina gastuak igo egin dira. Gero eta jende gehiagok behar ditu laguntza publikoak aurrera egiteko. Euskadiko CCOOrentzat, «premia atzeraezina» da zerga politikari eta zergetako diru bilketari buruzko eztabaida. «Eztabaida serioa eta lasaia», gehitu zuen Unai Sordo sindikatuko idazkari nagusiak.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Maite Etxaniz Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak aste honetan esan dute dirua behar dela gizarte zerbitzuen igoerari aurre egiteko. Horretarako bideak ere proposatu dituzte: zerga berriak sortzea, daudenak handitzea edo erabiltzaileak zerbitzuaren kostuaren zati bat ordaintzea.

Euskadiko CCOOk uste du zerga sistemari buruzko benetako eztabaida egiten bada bakarrik lortuko dela gizarte babesa sendotzea, krisiari aurre egiteko politikak indarrean jartzea eta ekonomia eta enplegua sustatzea.

Eta eztabaida horretan ezinbestean jorratu beharko lirateke zerga politikaren berdintasuna, progresibotasuna, iruzurra eta ekonomia ezkutua.

Horrelakorik ez zuten aipatu atzo Jose Luis Bilbaok eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bilbaok esan zuen oraindik goiz dela gizarte zerbitzuei aurre egiteko neurri zehatzak proposatzeko: «Orain garrantzitsuena gizarte gastuen iraunkortasunari buruzko eztabaida zabaltzea da». Olanok gehitu zuen eztabaida ez dela jendaurrean egin behar, «sukalde lan handia behar baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.