Kontu publikoak. Zerga aldaketak Nafarroan

Zergarik igo gabe, 2013an diru gehiago bildu nahi du Nafarroako Gobernuak

Zuzeneko zergetan, pizgarriak urtean 602 milioi euro dira, eta horiek berregokitzea proposatu du

Lourdes Goikoetxea, parlamentuan, Barcinarekin. JAGOBA MANTEROLA/ ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zerga erreformaren eztabaida ere ate joka dago Nafarroan. Parlamentuko talde guztiak bat datoz ondorioan: Datorren urtera begira, diru sarrera gehiago bildu beharra dago. Horretarako Nafarroaren eskumen diren zuzeneko zergatan erreforma bat egitea derrigorrezkoa da, baina hor amaitzen dira adostasunak. Urtero legez, 2013ko aurrekontuaren aurreproiektuarekin batera, zuzeneko zergatan hainbat aldaketa proposatu ditu Nafarroako Gobernuak. Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak azaldu duenez, proposamen horren helburua da «zergarik igo gabe diru bilketa handitzea». Horretarako proposatzen du egungo zerga sistemak eskaintzen duen instrumentuak erabiltzea ekonomiaren jarduera bultzatzeko.

Parlamentuko Ekonomia batzordean, gobernuaren proposamenaren berri eman du Goikoetxeak. Bere hitzetan, zerga guztiak aintzat hartuta, enpresek eta herritarrek dituzten zerga pizgarriak urtean 1.441 milioi eurorenak dira Nafarroan, baina 839 milioi euro Estatuaren eskumen diren zeharkako zergei dagokie —batik bat BEZ eta tasa bereziak—. Gainontzeko pizgarrietan bai esku hartu dezake gobernuak: Errentaren gaineko Zergan 460 milioi eurorenak dira, eta Sozietate Zergan 142 milioi eurorenak. Goikoetxearen ustez, pizgarriok berregokitu egin behar dira, baina ekonomia kaltetu gabe.

Bere aldetik, PSNk, Ezkerrak, Bilduk eta Nafarroa Baik proposamen bana aurkeztu dute. Azken hiru alderdien proposamena antzekoa da, nahiz eta bakoitzak bere xehetasunak izan: Ondarearen gaineko Zerga ezartzeko gutxieneko diru kopuruak jaistea proposatzen dute; Errentaren gaineko Zergan errenta handieneko sei zerga-tarteetan tasak igotzea proposatu dute; Sozietate Zergaren zerga-tasa orokorra ere igotzea proposatzen dute. PSNk erreforma desberdina proposatzen du, baina hiru zerga horietan igoerak aurreikusten ditu ere bai.

Proposamen horien balorazio ekonomikoa egin du Goikoetxeak. Bere kalkuluen arabera, talde abertzaleek eta Ezkerrak errentazergan egindako aldaketaren ondorioz, bederatzi milioi euro gehiago bildu daitezke urtean. Bestetik, Ondarearen gaineko Zergan, 28 milioi euro gehiago bildu daitezke. Sozietate Zergaren tasa orokorraren igoera ezin dela kalkulatu gaineratu du. Proposamenok kritikatu ditu, «zerga bilketa zergen igoeren bidez» handitu nahi dutelako.

UPN gutxiengoan dago, eta akordioak lortzeko «irekita» dagoela nabarmendu du Goikoetxeak. Alvaro Miranda aurreko kontseilariaren oso bestelako tonuan hitz egin du, eta gogoeta egitera gonbidatu ditu alderdiak.

NaBaiko Juan Carlos Longasek «betaurreko ideologikoak» kentzeko eskatu dio gobernuari, krisia eskariarena delako, ez eskaintzarena. «Horrela ez goaz inora. Inbertitzeko lehen baldintza da testuingurua ona izatea. Zer enpresak inbertituko du ez badu ezer salduko?». Bere hitzetan, Nazioarteko Diru Funtsak ondorioztatu berri du %1eko gastu murrizketa batek jarduera ekonomikoari %1 inguruko jaitsiera eragiten dio: «Eta zuek proposatu duzue finantzakoak ez diren gastuak %8,8 jaistea. Ematen du gogotsu ari zaretela ekonomia kaltetzen!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.