Zor merkatuek Italia eta Espainia ataka estuan jarri dituzte

Bi herrialdeak erreskatatuak izateko aukera gero eta gertuago dago, baina EBk ez du nahikoa dirurik aurreikusita bientzatEstres testek ez dute lasaitasunik ekarri, eta galerak dira nagusi burtsan bankuen artean

joxerra senar
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Estres azterketek ez dute lasaitasunik ekarri merkatuetara. Guztiz alderantziz. Gertaeren abiadura Europako agintarien erantzun ahalmena baino askoz azkarragoa doa, eta osteguneko Europako Batasuneko kontseiluaren goi bilera erabakigarriaren aurretik, Italia eta Espainia ataka estuan jarri dituzte merkatuek. Bien hamar urteko bonuen interes tasak %6tik gora jarri dira zor merkatuetan. Alemaniako bonuaren aldean herrialde batak zein besteak ordaindu behar duten diferentzia—arrisku prima deritzona— berriro ere inoizko maila handienean da: Italiarena 338 puntukoa da (hots, %3,38ko aldea) eta Espainiarena 372 puntukoa. Inork ez daki zehazki non dagoen muga hori, baina 400 punturen inguruan egon daiteke.

Europako beste herrialdeek erreskatatuak izateko tenorean jar daitezke Italia zein Espainia, baina EBren erreskate funtsean ez dago biei batera dirua maileguan emateko adina dirurik.

Egoeraren konplexutasuna ez da hor amaitzen. Europako 91 finantza erakunderen kaudimenari egindako erresistentzia azterketak kaleratu zituen ostiralean EBA Europako Bankuen Agintaritzak, eta emaitzek ondorioztatu dute bederatzi kapital gehiagoren beharrean egongo direla egoerak okerrera eginez gero; beste hamaseik ozta-ozta gainditu dute EBAk jarritako gutxieneko oinarrizko kapitalaren maila.

Emaitza horiek jakin ondorengo lehen saioa izan zuten atzo Europako burtsetan, eta inbertitzaileek aditzera eman zuten ez direla fidatzen estres test horietaz. Izan ere, Europako burtsa nagusietan %1,4 eta %2 arteko galerak nagusitu ziren: %1,44koa izan zuen Madrilgo Ibex-35k, %2,04koa Parisko CAC-40k eta %1,55ekoaFrankfurtek. Jaitsiera horiek are handiagoak izan ziren burtsan kotizatzen duten banku askoren kasuan, nahiz eta onik atera azterketan. Adibidez, Deutsche Bankek %2,9 galdu du; Societe Generalek %3,4; Unicreditok %2,4; BBVAk %2,3; Santanderrek %1,8... Aitzitik, esanguratsua izan da banku irlandarren igoera. Allied Irish Bank, zeina Irlandako Gobernuak nazionalizatuzuen, %10 igo zen atzo burtsan, azterketetan oso ondo geratu ostean.

Burtsaren gorabeherak nahikoa izan ez, eta geroz eta tentsio handiagoa dago Estatu Batuetako zor tituluen inguan. Abuztuaren 2an AEBetako Kongresuan herrialdeak zorpetzeko duen gehienezko maila handitzeko aukerari buruz bozkatuko da. Alderdi Errepublikanoak gehiengoa du ganberan, eta Barack Obamari gizarte murrizketa handiak egiteko exijitzen dio aldeko botoaren truke. Aitzitik, zorpetzeko maila hori handitzen ez bada, inoiz ikusi gabekoa gertadaiteke: 14 bilioi dolarreko zor publikoa duen herrialdeak zorraren ordainketa etetea.

Badaezpada ere, Timothy Geithner Altxorreko idazkariak baztertu egin du hipotesi hori, eta aipatu du ordainketen aukera ez dagoela eztabaidagai. Alabaina, iritzi publikoaren aurrean, errepublikanoek gaia xantaia politikorako baliatzen jarraitzen dutenez, giroa baretu ordez tentsioa handitu egin da. Merkatuen ikuspuntutik, finantza arloko Armaggedon bat jazotzeko aukera orain ez da zientzia fikzio hutsa. Horren erakusle, lehen aldiz, urre ontza 1.600 dolarren truke salerosi zen merkatuetan atzo. Inoizko preziorik garestiena. Historikoki garai gorabeheratsuetan urrea inbertitzaileen babesleku izan ohi da, eta gaur egun are gehiago. Hori islatzen du urrearen prezioak.

Europa, motel eta berandu

Urrearekiko dolarraren balioak behera egin badu, dolarrarekiko euroak behera egin du: atzo, 1,405 dolarren truke salerosi zen. Aitzitik, euroaren kotizazioa baino gehiago euroa bera dago uneotan jokoan.

Izan ere, testuinguru berezi eta zail horretan etorriko da etzi Europako Batasunaren Kontseiluaren goi bilera. Hasiera batean,Greziari bigarren mailegu bat ematea (110.000 milioi eurokoa) eta hartzekodun pribatuek mailegu horren portzentajea bat bere gain hartzea izango dute aztergai. Alemaniak, Herbehereek eta Finlandiak bilatzen dute diru horren zati «handi bat» hartzekodun pribatuek —hots, batik bat bankuek— bere gain hartzea. Die Weilt egunkariaren arabera,bankuen gaineko tasa bat izan daiteke formula sektore pribatuak Greziaren eta beste herrialde batzuen erreskatean parte hartu dezan.

Aldiz, EBZk eta beste herrialde batzuk uste dute hori zor ordainketa baten parekotzat jo dezaketela merkatuek eta Eurogunearen gaineko mesfidantza handituko dutela. EBZk proposatu du Greziaren zor tituluak berrerostea eta interes tasak jaistea, ordainketa bideragarri egiteko.

Arazoa da mesfidantza hori jada zabaldu egin dela Italiara eta Espainiara eta Greziaren gaineko bigarren erreskate baten dilema ez dela jada nahikoa. Horren jakitun, Europako Batzordeak adierazi du herrialdeen arazoei «modu zabalago» batean heldu behar zaiela. Euroguneak, zirt edo zart, zor publikoaren krisitik ateratzeko bide orri koordinatua behar du. Hala ere, oraingoz ez dago adostasunik, eta nahasmena irudikatu ez dadin Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak mezuetan «diziplinaz» jokatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.