Zorraren krisia

Zorra berregituratuko dute

Greziaren bigarren erreskatea onartu dute euroguneko gobernuek; bankuek ere parte hartuko dute, Merkelek nahi zuen bezalaAtenasek, Lisboak eta Dublinek denbora gehiago izango dute zorra pagatzeko

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Izenez ez da berregituraketa, baina izanaz bai. Greziak bere zorra beranduago eta interes txikiagoarekin pagatzea baimendu zuten atzo gobernuburuek, baina hortaz gain, haren zorraren hartzekodun pribatu batzuek onartu egin dute beren zorra beranduago kobratzea. Erabakia garaipen politiko garbia da Angela Merkel Alemaniako gobernuburuarentzat, eta porrota, berriz, Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearentzat,kosta ahala kosta eragotzi nahi zuelako finantza merkatuek berregituraketa gisa har zezaketen edozer. Plan berria 109.000 milioi eurokoa izango da, eta horietatik 50.000 milioi sektore pribatutik etorriko dira. Bankuek kalkulatu dute zorrarekin biltzea espero zuten diruaren %20 galduko dutela.«Neurri sorta eraginkorra behar genuen, eta neurri sorta eraginkorra dugu», ziurtatu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak goi bileraren osteko prentsaurrean. Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak, berriz, eskerrak eman dizkie «Marshall plan berria» onartu zutenei. «Greziaren zorra jasangarria izan dadin bidea badaukagu orain. Greziako herriaren zama arinduko da», esan du.

Epea luzatuko dute

Duela urtebete euroguneko estatukideek Greziari emandako mailegua itzultzeko epea luzatuko dute: Atenasek gutxienez hamabost urte izango ditu zorra ordaintzeko, hasieran finkatutako zazpi eta erdien ordez. Gainera, diru horren truke Greziak pagatzen duen interes tasa jaitsi egingo dute, %4,5etik %3,5era. Neurri hori ezarriko zaie erreskatea jaso duten beste bi estatuei ere, Irlandari eta Portugali. Irlandaren kasuan enpresei ezartzen dien %12,5eko sozietate zergaren traba zegoen, baina Dublinek horri eutsi arren hari ere interesa gutxitzea onartu dute azkeneanAlemaniak eta Frantziak.

Bankuen zatia

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak emandako azalpenen arabera, Greziaren hartzekodun pribatuek —bankuek batik-bat— ere parte hartuko dute Greziaren bigarren erreskatean. Beren borondatez, 2020 bitartean itzuli behar zitzaien zorra 30 urteko bono berriengatik trukatzea onartuko dute, eta %4,5eko interesa jasoko dute horren truke. Neurri horrek hamabi puntuz jaitsiko du zor publikoak Greziaren barne produktu gordinean duen zatia. Hori bai, neurri horrek merkatuak aztora ez ditzan, euroguneko buruzagiek argi utzi nahi izan dute neurri horrek «Greziari eta soilik Greziari» eragingo diola, eta ez zaiela beste estatuei aplikatuko. «Greziaren kasua desberdina da», argudiatu du Durao Barrosok. Salbuespen horri esker gainditu dute Tricheten betoa.

Alemaniako zein Frantziako banku batzuek —haiek dira hartzekodun nagusiak— plan horretan parte hartuko dutela iragarri dute. Kalifikazio agentziek beren mehatxua bete eta neurri hori berregituraketzat jotzen badute, euroguneko herrialdeek beren bermea emango diete Greziaren zorrari EBZk herrialde hartako bankuei dirua uzten jarraitzeko aukera izan dezan.

Funtsa malgutuko dute

Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa (EFSF ingelesez) kopurua ez dute oraingoz handituko. 450.000 milioi euro dira, nahikoa Grezia, Portugal edo Irlandaren moduko herrialde txikiei laguntzeko, baina oso motz geratzen da euroguneko herrialde handi batek —Espainiak? Italiak?— laguntza behar izanez gero. Baina diru horrekin berarekin gauza gehiago egin ahal izango ditu EFSFk. Gaur egun, estatukideei uzten die dirua, baldin eta Europako Batasunaren, Europako Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren baldintzak betetzen badituzte. Erreformaren ondoren, «ezohikokasuetan» eta EBZren baimen bereziarekin, funts horrek larri dabiltzan estatuen zor publikoa erosi ahal izango du; zuzenean—jaulkitzen duen estatuari— edo zeharka —haren jabe egin den inbertitzaile pribatuari—. Halako erakunde batek zorra erosteak haren interesak jaitsi beharko lituzke, haren gainean espekulatuta irabaziak lortzeko aukerak gutxitzen direlako.

Gainera, euroguneak EFSF erabili nahi du finantza arazoak gertatu aurretik ekiditeko. Helburu horrekin, funtsak mailegu bereziak eman ahal izango dizkie salbamendu egoeran ez dauden estatukideei, eta euroguneko bankuei premiazko kapitala emateko ere erabiliko dute. «Europako NDFren baten modukoa izango da», esatera ausartu da Sarkozy.

Bidean geratu diren proposamenak

Nagusiki, bi dira. Batetik, Frantziak proposatu zuen euroguneko banku guztiei zerga berezi bat ezartzea, eta diru hori baliatzea Greziari merke mailegatzeko. Zehazki, Sarkozyk nahi zuen finantza erakunde guztiek beren aktiboen %0,0025eko tasa pagatzea, datozen bost urteotan behintzat. Haren bidez 50.000 milioi euro biltzeko itxaropena zuen. Neurri horren arazoa da berdin zamatzen dituela zor publikoaren merkatuan parte hartzen duten bankuak eta horretan diru gutxi jartzen dutenak. Adibidez, estres azterketen emaitzen arabera, BBK taldeak ez du apenas dirurik jarri zor publikoan: 3.100 milioi Espainiako zor publikoan eta hiru milioi Portugalgoan. Badden-Wuerttembergeko Landesbank edo aurrezki kutxak, berriz, 36.000 milioi ditu inbertituta 17 estatuko zorretan.

Eztabaidagai dagoen beste puntu bat eurobonoak sorrera da.Hau da, estatu bakoitzak bere zorra jaulki beharrean, haren ordez euroaren eremuko Altxor bateratu batek egitea. Eurobonoen alde mintzatu dira azkenaldian Nazioarteko Diru Funtsa eta ekonomista asko, eta EBko kide askok ere begi onez ikusiko lukete. Baina proposamenak ez du Alemaniaren galbahea igaro, orain baino gehiago pagatzeko beldur baita Berlin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.