Diru gehiagorekin eta hitz arranditsuagoekin etorri da oraingoan Europako Banku Zentrala. «Berebiziko egoerek berebiziko ekintzak behar dituzte. Ez dago mugarik euroarekiko gure konpromisoarentzat. Asmo sendoa dugu gure tresnen ahalmen guztia erabiltzeko gure agintaldian». Christine Lagarde EBZko lehendakariak txio horrekin aurkeztu du banku zentralak asteazken gauerdian erabakitakoa: EBZk zorra erosteko 750.000 milioi euroko programa bat abiatuko du. Oxigenoa iritsi da zor publikoaren merkatuetara, azken egunotan gora egindako arrisku sariek jaitsiera nabarmena izan baitute. Italiarenak, esaterako, 65 puntu galdu ditu gaur, eta Espainiarenak, 42.
Extraordinary times require extraordinary action. There are no limits to our commitment to the euro. We are determined to use the full potential of our tools, within our mandate. https://t.co/RhxuVYPeVR
— Christine Lagarde (@Lagarde) March 18, 2020
Izan ere, zor saldoa erosteko prest azalduta, EBZk zor subiranoen interes tasen gehiegizko igoera eragotzi nahi du, estatuek diru merkea izan dezaten ordaintzeko osasun sistemaren alde, lana galduko dutenen alde, eta kinka txarrean dauden enpresen alde egin behar duten gastu gehigarria.
EBZren azken mugimenduaren helburua da azken-aurreko mugimendua zuzentzea. Merkatuek ondorioztatu zuten halako shock ekonomiko bati erantzuteko apalegiak zirela banku zentraleko kontseiluak hilaren 12ko bileraren ondoren iragarritako neurriak —120.000 milioi euro handitzea zorra erosteko programa, eta bankuei nahi beste likidezia bermatzea—. Are gehiago, Lagardek huts nabarmen bat egin zuen, esan baitzuen EBZren helburua ez zela arrisku sariak txikitzea.
Komentario horrekin, inbertsore askok ulertu zuten EBZ bakarrik utziko zuela Italia. Herrialde hark zor publiko erraldoia duenez —BPGaren %135, 2,15 bilioi euro—, eta hura denez koronabirusaren krisiak gogorren jo duena, bere burua finantzatzeko arazoak izan zitzakeela interpreta zitekeen. Ondorioz, Italiaren arrisku saria 194tik 260ra igo zen. Hau da, egun bakarrean puntu erditik gora garestitu zitzaiola finantzatzea, milaka milioi batzuk egoera luzatuz gero.
Espainia eta Grezia
Koronabirusaren krisiaren bigarren foku nagusia Espainian dago, eta hura ere hasi zen arazoak izaten: arrisku saria 98tik 148ra igo zen. Finantza ahulak ditu Espainiak: %3 inguruko hazkunde sendoa izan arren hainbat urtez, ez du lortu defizita erabat kontrolpean izatea, eta zorra ozta-ozta jaisten da %100etik.
Hirugarren katebegi ahula Grezia zen, arrisku saria 229 puntutik 403ra igo baitzen egun gutxian. Edonola ere, kasu berezia da Grezia, haren zorraren zatirik handiena ESM Europako erreskate funtsarekin duelako, eta ez delako sartu EBZren zorraren erosketa programan, ez zuelako berme nahikorik. Baina muga hori eta beste batzuk alde batera uzteko aukera iradoki du EBZk: «Prest gaude gure programak moldatzeko».
Beste aldaketa batzuk
Esaldi horrek babes dezake zorraren proportzionaltasunean aldaketak egitea. Orain arte, Grezia ez beste estatu guztien zorra proportzionalki erosi du, ez dezaten akusatu herrialde bat beste bat baino gehiago laguntzeaz. Orain, baina, ezin diote leporatu hegoaldeko herrialdeen politika okerrak estaltzen ari dela, krisiak eurogune osoari eragiten baitio.
EBZren programa berriak, PEPP Pandemiaren Larrialdiko Erosketa Programa izenekoak, badu beste berritasun bat: enpresen zorra ere erosiko du EBZk, kobratze eskubideek estalitako enpresen epe motzerako zorra. Eurogunean zor korporatibo horrek 40.000 milioi euro hartzen ditu.