Keynesek aspaldi azaldu zuen: «Herritar batek mila libera zor badizkio bankuari, herritarrak arazo bat dauka. Bankuari hamar milioi libera zor badizkio, ordea, arazoa duena bankua da». Jarri euroguneko estatuak herritarraren lekuan, eta gaur egun kontinente zaharrean gertatzen ari dena laburbilduko luke istorioak. Halere, ñabardura garrantzitsu batekin: errealitateak buelta eman dio Keynesen adibideari. Eurogunearen zorra hain handia denez, hartzekodunek egon behar lukete dar-darka zorra ez kobratzearen beldurrez. Baina lasai daude, sistema eta legedia alde dituztelako eta estatu ordaintzaileak egin beharreko murrizketak egiteko prest daudelako lehentasuna zorraren ordainketa izan dadin.
Krisia piztu aurretik, 2007an, BPGarekiko %66ko zor publikoa zeukan euroguneak. Iaz, berriz, %92,6ra igota zegoen. Hau da, euroguneak hamar euro produzitu baditu, bederatzi ditu zor. Ekonomistek beti nabarmentzen dute garrantzitsuena ez dela zorraren kopuru osoa, hura pagatzeko gaitasuna baizik. Baina behin maila bat gaindituta, praktikan ezinezko bihurtzen da zor guztia ordaintzea. Hala uste du, behintzat, Juan Torres Lopez Sevillako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedradun eta Los Amos del Mundo (Espasa) liburuaren egilekideak. «Segurtasun osoz, lehenago edo geroago, Europan kitak edo zorraren berregituraketak planteatu beharko dira».
Azkenaldian batez ere Argentinatik iritsi dira zorra ordaintzeko ezintasunari, zorraren inguruko espekulazioari eta funts putreei buruzko albisteak, baina Europan ere lehen mailako arazoa da zorrarena. Gainera, gero eta ozenago entzuten dira zorra gorrotagarritzat edo bidegabetzat jo eta ez pagatzea eskatzen duten mugimendu politiko eta sozialen ahotsak. Datuak itogarriak dira: Greziak BPGarekiko %175eko zor publikoarekin itxi zuen 2013a, Italiak %132koarekin, Espainiak eta Frantziak ia %95ekoarekin... Eta etengabe igotzen jarraitzen dute. Baina posible da zorra ez pagatzea?
Zorra tamainagatik ordainezina dela berretsi arren, planteamendu hori «egungo markoan ez da errealista», Iolanda Fresnillo PACD Zorraren Herri Ikuskaritzarako Plataformako ordezkari eta ¿Por qué no debemos pagar la deuda? (Icaria) liburuaren egilekidearen ustez. «Orain ezin da zorra pagatzeari utzi ondorio larririk izan barik, bai ekonomiarentzat bai oinarrizko zerbitzuentzat. Zorra ordaintzen ez baduzu eta ez baduzu beste ezer aldatzen, berehala ixten dira merkatuen iturriak». Besteak beste, pentsio sistema arriskuan geratuko litzateke, pentsioen funtsaren %90 zor publikoan inbertituta baitauka Madrilek.
Gauza bera dio Torres Lopezek ere. «Okerrean dago uste duena aukera dagoela gobernura iritsi eta zorra ez ordaintzea erabakita aurrera egiteko; ez du ezagutzen munduak zelan funtzionatzen duen eta txantajerako zer indar duten finantza botere handiek». Areago, gogorarazi du «Venezuela bezalako herrialde progresista batek ere» ez diola inoiz zorra pagatzeari utzi. Zorraren eremuan dabilena «krokodilo artean» dabilela nabarmendu du. «Deabruarekin jarri behar da mahaian, eta hari pultsua irabazi. Asko negoziatu behar da, inteligentzia handiarekin, eta ezkerreko esku handiarekin».
Herritarrak informatu
Zorrarena oso gai korapilatsua eta labainkorra dela aitortu dute adituek. Herritarrak ondo informatzea da edozein aldaketatarako lehen pausoa Torresen zein Fresnilloren iritziz.
Edozer aldaketa posible egiteko funtsezkotzat jotzen dute gizartea jabetzea gertatzen ari denaz, eta gizarteak berak baldintzak sortzea aldaketarako. «Herritarren %80k ez badute dei handi bat egiten 'Aski da, honaino iritsi gara' esanez, ezinezkoa izango da zorra amaitzea». Baina horretarako ezinbestekoa da herritarrek ulertzea zelan funtzionatzen duten zorrak eta banku sistemak, eta nondik datorren horrenbesteko lasta. Torresek argi du zein den egungo arazoaren jatorria: estatuak banka pribatuaren bitartez finantzatzera behartuta egotea.
Datuak jarri ditu mahai gainean hori frogatzeko. Saldo primarioari begiratuz gero —diru sarreren eta gastuen arteko aldeari, interesak kontuan hartu barik—, ia EBko herrialde guztietan egon da superabita krisi urte hauetan ere. «Defizita interesek sortzen dute. Interesak pagatzeko zorpetu behar izan direlako estatuak». Haren esanetan, EBZk krisiari aurre egiteko zuzenean estatuei eman izan balie dirua bankuei eman dien bezain merke, zor publikoa ez litzateke zeruetaraino igoko. «Espainiaren zor neurrigabearen erantzulea EBZren politika da. Banku pribatuei pagatu beharreko interesak kenduta, gaur egun Espainiaren zor publikoa %15 edo %20koa izango litzateke».
Zorra bankaren negozio bat dela salatu dute bi adituek, eta bankuen eta zorraren funtzionamendua zorra handitzeko sortuta dagoela. Baina ez da soilik ekonomista kritikoen irakurketa. Mervyn King Ingalaterrako Bankuko gobernadoreak ere aitortu zuen 2010ean: «Banka antolatzeko dauden aukera guztietatik, orain dugun sistema txarrena da, alde handiarekin».
Zor gehiegizkoaren zamak, gainera, egunerokoan du eragina. Lasta da ekonomiaren hazkunderako, eta mehatxu zuzena gizarte zerbitzuentzat. Jaurlaritzak aurten 800 milioi erabili ditu zorra pagatzeko, eta 1.132 milioiren murrizketak egin ditu. Iruñeak, berriz, 403,7 milioi pagatu ditu zorretan, eta 306 milioiko murrizketak egin ditu aurrekontuetan. Lotura zuzena da.
Herri ikuskaritza
PACDren arabera, bateraezina da gaur egungo zorra pagatzea eta giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ez urratzea. Bat-batean zorra ez ordaintzea egungo markoan irrealistatzat jota, zorraren herri ikuskaritza bat egitea proposatzen du, zorren jatorriak aztertzeko eta, hala ondorioztatzen den kasuetan, zorra bidegabetzat jotzeko. Zor gorrotagarria ez bezala—ikusi aurreko orriko gakoak—, zor bidegabea ez da kontzeptu juridiko bat: legezkoak izan arren etikoki bidegabetzat jotzen diren zorrak definitzeko erabiltzen da. Baina PACDk aldarrikatzen du ikuskaritzak batez ere gardentasun ariketa gisa eta herritarrak informatzeko balioko lukeela.
Zor bidegabeen adibideak ikusteko, gainera, ez dago urrutira jo beharrik. «Elite baten onurarako eraikitako azpiegitura handiak» dira adibiderik argienak, Fresnilloren arabera, eta AHTa nabarmendu du Euskal Herrian. «Europako Inbertsio Bankuaren kreditu ikaragarri bat dago hor praktikoki eraikuntzako enpresa jakin batzuk zuzenean erreskatatzeko».
Neurrigabeko zorraren arazoa onbideratzeko aldaketak egin egin daitezke, baina oinak lurrean izanda. «Imajinatu jende zintzoa iristen dela gobernura. Zoritxarrez hurrengo egunean zorra pagatzen jarraitu beharko luke. Baina lehenengotik jarri beharko litzateke zorra arintzeko lanean, epe laburrerako formula alternatiboak pentsatzen», Torresen ustez. Fresnillok ere nabarmendu du egungo egoeraren eta zorra ez pagatzearen artean mila aukera daudela: zerga erreforma sakon bat egitea, banku batzuk nazionalizatzea... Nolanahi ere, zorraren ikuskaritza egitearen garrantzia nabarmendu dute biek. Zor batzuen atzean dauden gehiegikeriak agerian geratzen direlako, eta zorra negoziatzerakoan hartzekodunari argudio horiek mahaiaren gainean jarrita gobernuak indar gehiago izango lukeela uste dutelako.
ZORRA: LASTA ASKATU ALA EZ
Euroguneko zor publikoa %100era iristear dago, eta herrialde gehienak zorrak itota daude. Gero eta gehiago dira zorra gorrotagarri edo bidegabetzat jo eta ez pagatzea proposatzen duten ahotsak. Posible izango litzateke?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu