Espekulazio mota batzuren aurkako neurriak hartzen hasi dira Europako Batasuneko herrialdeak. EBko ministroek hedge funtsak hobeto kontrolatzeko akordioa lortu ostean, Alemaniak bere kasara erabaki du naked short selling deitutako operazioak -titulu baten jabe izan gabe harekin apustuak egitea- mugatzea. Europako Batzordeak Alemaniaren alde egin du, baina inor gutxik jarraitu dio. Merkatuek ere gaizki hartu dituzte haien jarduera mugatzeko saioak. Euroa 2006ko apirileko mailara jaitsi da, haren etorkizunari buruzko zalantzek jarraitzen dutelako.
Euroa «arriskuan» dagoela aitortu zuen atzo Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak.Bundestagen izan zen, zorra itzultzeko larri dabiltzanak salbatzeko 750.000 milioi euroko laguntzaren onespena eskatzen. Laguntza horren truke, hainbat herrialdek beren gastuak zorrotz gutxitzeko neurriak hartu izanaren erantzukizuna bere gain hartu zuen Merkelek: «Nik eskatuta, kontuak bizkorrago orekatzeko exijentzia inposatu zen, eta dagoeneko egin dute Espainiak eta Portugalek».
1. Zer egin du Alemaniak?
Astearte gauean, ezustean, BaNif merkatuen arautzaile alemaniarrak erabaki zuen Europako herrialdeetako zor publikoaren gaineko naked short selling operazioak debekatzea, gutxienez 2011ko martxoaren 31ra arte. Beste bi naked short selling ere debekatu ditu Berlinek: zor publikoaren gainean egiten diren Credit Default Swaps (CDS) kontratuen gainekoak -zorra ez pagatzearen aurkako aseguru baten antzekoa da- eta hamar banku eta aseguru konpainien akzioen gainekoak. Merkatuek oso gaizki hartu dute, erabakiaren atzetik oso arrazoi larriak dauden susmoa dutelako.
2. Zer da 'naked short selling'?
Epe laburreko operazio bat da. Funtsean, norbera jabe ez den titulu bat (akzio, bonu edo petrolio kontratu bat) maileguan eskatzen zaio haren jabeari, eta beste norbaiti saltzen zaio prezio jakin batean. Helburua da akzio horiek handik gutxira berriro erostea, baina prezio txikiagoan. Hau da, etekina soilik lortzen da baldin eta titulu horren balioak behera egiten badu. Tituluak, edonola ere, ez dira benetan eskuz aldatzen, eta haren jabeak komisio bat jasotzen du maileguan hartu dizkionaren aldetik.
3. Arriskutsuak al dira?
Aldekoek diote ondorio onak dituztela, finantza merkatuetan likidezia ekartzen dutelako eta, hortaz, beste operazio batzuk ahalbidetzen dituztelako. Aurkakoek, aldiz, espekulazio hutsa direla eta, norbaiten gainbeheraren kontura egiten direnez, okerrak direla. Hego Euskal Herrian ezin da halakorik egin errenta aldakorrean -akzioetan-, baina bai, ordea, short selling hutsa badira; hau da, norberak bere akzioekin egiten badu apustua. Hori bai, bankuen kapitalaren %0,25etik gora jokoan dagoenean, CNMV burtsaren agintaritzari jakinarazi behar zaio. Errenta finkoan -zor publikoan- zilegi dira.
4. Nor ari da operazio horietan?
Bereziki, hedge fund funtsak. Kontrol gehienei muzin egiten dieten funts espekulatiboak dira, eta haiek hartzen dute arrisku gehien.
5. Debekatzen dituzten lehen aldia al da?
Ez. 2008ko irailean, Lehman Brothersen porrotak finantza egitura osoa dardarka jarri zuenean, short selling operazioak aldi baterako debekatzea erabaki zuten SEC Estatu Batuetako burtsako agintariak eta FSA Erresuma Batukoak. Alemaniak berak galarazita izan zituen finantza sektoreko enpresen gaineko akzioen salerosketa horiek, joan den urtarrilaren 11ra arte.
6. Zergatik egin du Alemaniak bere kasara?
Ez dago garbi. Halako urratsa bat-batean hartu badute pentsatzekoa da arrazoi sakonak izango dituztela, baina lehen unean nahi zutenaren aurkako erreakzioa eragin dute. Besteak beste, EBk berriro ere deskoordinazio itxura eman duelako, eta horrek kalte egiten die euroari eta zorraren balioari. Gainera, oraingoz ez dute lortu halako neurriekin uzkur dauden herrialdeak erakartzea. Belgikak iradoki du Alemaniaren urratsak jarraitzeko gogoa duela, eta Espainia ere ez da kontra. Baina ezezko borobila eman dio Erresuma Batuak -Europako hedge fund gehientsuenek Londresen egiten dute lan-, eta Frantziak ere harrera hotza egin dio. Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroak bi arrazoi eman ditu: batetik, Frantziako zorraren gainean halako salerosketa gutxi daudela eta, bestetik, arazoak dituzten herrialdeetako zorraren merkatuei kalte egin diezaiokeela.
7. Zein ondorio ekarriko du Alemaniaren urratsak?
Ikusteko dago. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak erabat sostengatu du Alemania, eta halako neurriak hartzera gonbidatu ditu Europako Batasuneko beste herrialdeak. Uneotan estatukideetako merkatuen arautzaileek dute eskumena zenbait operazio debekatzeko, baina Durao Barrosok nahiko luke EB osorako arautzailearen esku geratzea operazio handienak. EBko gobernuburuei ildo horretatik urrats «anbiziotsuak» ez egitea leporatu die.
ZORRAREN KRISIA. EUROA KOLOKAN. Espekulazioaren aurkako neurriek burtsaren beherakada ekarri dute
'Naked short selling' operazioak debekatu ditu Alemaniak, baina EBko bazkideek ez dute neurria garbi ikusten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu