Zorraren krisiak agerian utzi ditu EB Europako Batasunaren ahuleziak, eta bereziki euroa diru gisa baliatzen dutenena. Analisi horrekin bat egin du Europako Batzordeak berak, eta krisia baliatu nahi du EBko ekonomien koordinazioan aurrera egiteko. Lehen urrats gisa, proposatu du estatukideen aurrekontuak aurretik jakin ahal izatea, eta isunak handitzeko arauak betetzen ez dituztenentzat. «Argi hitz egin dezagun: isunik gabe, ez da sinesgarritasunik», esan du Jose ManuelDurao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Proposamena bidali die estatukideei,beste ohar bat itsasita daukala: «Estatuek erabaki behar dute batasun ekonomikoa nahi ote duten; ez badute nahi, diru batasunari eusteko zentzurik ez dago».
1. Egonkortasun Ituna betearaztea
Euroa ezarri zutenean, EBko kideek uste zuten parametro makroekonomiko batzuk finkatzea nahikoa izango zela epe erdira bateratasun handiagoa izateko euroguneko herrialdeen artean. Halakorik ez da gertatu eta, gainera, Egonkortasun Ituna bera ez da bete ere egiten. Iaz, krisiak eskatuta gastu publikoa puztu zenean, EBko 27 estatukideetatik bostek bakarrik bete zuten defizit publikoa BPGaren %3tik behera uzteko araua; aurten beste hiru batuko zaizkie. Zor publikoa BPGaren %60tik behera uzteko araua, berriz, 13 hausle izan zituen, horien artean EBko lau estatu handienak: Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua. «Krisiak hogei urteko emaitzak hondoratu ditu», dio Bruselak, eta salatu du herrialde batzuek ez zituztela «urte onak» baliatu kontuak orekatzeko.
Batzordeak uste du zor publikoari arreta handiagoa jarri behar zaiola, diru asko xurgatzen duelako. Proposamenen artean dago zor publikoa BPGaren %100etik gorako zorra duten herrialdeek -uneotan Greziak eta Italiak- defizitak %3tik behera eduki behar izatea, hartara gai izan daitezen zorra gutxitzeko. Halaber nahi du Bruselak estatukideek kontu publikoen orekatze betebehar gisa sartzea legedietan. Defizitaren muga gainditzen dutenen aurkako prozedurak eta zigorrak bizkortu nahi ditu, eta aukeren artean aipatu du hausleei Bateratasun Funtsa kentzea.
2. Gainbegiratzea
Kontu publikoen orekatzeaz gain, euroguneko herrialdeen politika makroekonomikoak eta lehiakortasunaren ingurukoak ere gainbegiratu behar direla uste du Europako Batzordeak, euroaren eremuaren barnean desoreka handiak ikusten dituelako. Gaur egun Eurotaldea arduratzen da azaletik politikak gainbegiratzeaz, baina Bruselak uste du gainbegiratze sakonagoa behar dela, eta EBko kide guztiei ezarri behar zaiela. Indikatzaile ekonomikoetan -lehiakortasuna, kontu korronteko balantza, lan kostuak, enplegua, zor pribatua, etxebizitzen prezioa...- helburu batzuk finkatu nahi ditu eta hortik desbideratzen direnak garaiz ohartu, egoerak eztanda egin aurretik. Euroaren eremuko herrialdeetan, gainbegiratzea bere gain hartuko luke Batzordeak, eta gobernuekin batera, proposamenak egingo lituzke «estatukide batek desorekak konpontzeko nahiko neurri hartuko ez balitu».
3. Politika ekonomikoen koordinazioa
«Aurreikuspena zuzenketa baino eraginkorragoa da», lelotzat hartuta, Batzordeak uste du kontu publikoen desbideraketak gertatu aurretik konpon daitezkeela. Ildo horretan, Europako Seihilekoa proposatu du, hau da, urteko lehen sei hilabeteetan EBko herrialdeek politika ekonomikoak koordinatzea. Nola? Egonkortasun Programak, erreforma asmoak eta aurrekontu proiektuak urtearen lehen erdian jakinarazita. Bruselak uste du horrela helburu komunak zehaztu ditzaketela, desorekak garaiz ikusieta «erronka komunei» hobeto erantzun ahal izango dietela.
4. Krisietarako estrategiak
Greziako krisiak agerian utzi du larrialdietarako estrategiak falta zaizkiola EBri, eta horiek gabe egonkortasuna arriskuan dagoela. Horregatik, Bruselak proposatu du finantza arazoak dituen estatukide bat laguntzeko prozedurak zehaztuta izatea. Laguntza, betiere, mailegu gisa iritsiko da.
ZORRAREN KRISIA. EUROPAKO BATZORDEAREN PROPOSAMENAK. Bruselak isunak handitu nahi ditu defizita gainditzeagatik
Euroguneko herrialdeen politika ekonomikoak koordinatzeko urratsak proposatu ditu Europako Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu