Déjà vu efektuarekin esnatu naiz gaur goizean. Duela urte eta erdi bezalaxe, «salbamenduaz» eta «azken aukeraz» idatzi beharko dugu, eta zeroen pilaketaren ondorioz perspektiba galarazten duten dirutzak aipatu beharko ditugu. 2008ko udazkenean, finantza mundua salbatu behar zen; 2010eko udaberrian, berriz, Europa hegoaldeko estatu batzuk eta euroa bera. Orduan eta orain, amildegiei buruzko topiko sorta azalduko da titularretan.
Orduko hartan, salbamendu planek helburu nagusia lortu zuten, hau da, finantza egitura osoa ez hondoratzea. Baina erreskateak ez zuen gaitza sendatu: banku asko oraindik kinka larrian daude, eta haiek hartutako gehiegizko arriskuen ondorioa urte luzez pagatuko dugun faktura da. Azken finean, bankuen jokabidearen ondorioetako bat besterik ez da estatuen defizita eta zorra hainbeste handitu izana.
Oraingo honetan ere salbamenduak ez du gaitza sendatuko.Hau da, Europako Batasunak, NDFk eta EBZk jarritako -edo hobe esanda, erakutsitako- diruak agian lortuko du zorrak estatu batzuk ez itotzea, baina ez du arazo nagusia -zorpetze handia- desagerraraziko. Azken hori herritarrek pagatuko dute, gizarte gastuaren murrizketaren eta zergen handitzearen bidez.
Tristea da ikustea azken hiru urteek ez dutela balio ekonomiaren arazoetako baten konponketan aurreratzeko: ekonomia erreala hondoratu zen finantza munduarekiko menpekotasun handiegia zuelako, eta, orain, euroa bera arriskuan dago finantza merkatuek erabaki dutelako estatu batzuek ezingo dutela zorra pagatu. Orduan eta orain, merkatuak nagusi.
Funtsean, esan daiteke estatuek bi faktura pagatuko dituztela: lehenengoa, finantza mundua salbatzeko, eta bigarrena, beren burua finantza munduaz erreskatatzeko. Eta horrela izango da aurrerantzean ere, publikoki hainbeste salatzen duten espekulazioa mugatzen ez badute.
Eta orain, zer? Berriro ere nagusiaren erreakzioari itxaron beharko zaio. Lehen erreakzioa, esperotakoa da: burtsak eta euroak gora, eta zorraren interesak behera. Baina, auskalo, agian gaur norbaiti irudituko zaio 750.000 milioi euro ez direla asko -zorraren %10 da, azken finean-, Alemaniak arrisku gehiegi hartu dituela, defizita ez dela bizkor gutxitzen ari edo beste edozein arrazoi. Eta Europako Batasunak zaila izango du astelehen goizaldekoa baino untxi handiagoa ateratzen kapelatik.
ZORRAREN KRISIA. EUROPAREN ERANTZUNA. Untxi potoloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu