Soldata publikoetan %15era arteko murrizketak iragarri ditu Miguel Sanz Nafarroako presidenteak. Gobernuko kideen eta sailburuen soldatak murriztuko dituzte gehien (%15); zuzendari nagusiek eta enpresa publikoetako kudeatzaileek %10 eta %15 artean gutxiago kobratuko dute;eta, batez beste, %5 gutxiago funtzionarioek. Azken horien kasuan, murrizketak modu progresiboan egingo dituzte; hau da, gehien kobratzen dutenen soldatak proportzioan gehiago murriztuko dituztela, gutxien kobratzen dutenenak baino. Sailburuen aholkularitza gabineteetako kideei eta enpresa publikoetako langileei, Espainian adinako murrizketak ezarriko dizkietela esan du Sanzek, baina portzentajerik argitu gabe. Espainian murrizketak indarrean sartzen diren une berean sartuko dira Nafarroan ere.
Sanzen esanetan, langile gastuak gutxitzeko neurriek 55 milioi euro aurreztea ekarriko diote Nafarroako Administrazioari. Kontrara, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik hamar milioi euro gutxiago bilduko ditu Ogasunak, «eta ez dut kontuan hartu kontsumoan eta, horrenbestez, BEZan izango duten eragina». Gastuak murrizteko neurriak beharrezkotzat jo ditu Nafarroako presidenteak, baina haiekin batera inbertsioa eta enplegua sustatzeko neurriak hartu ezean, murrizketek kontsumoa eta hazkundea motelduko dituztela ohartarazi du.
Erabateko adostasuna
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek ontzat eman dituzte soldata murrizketok. UPNko Carlos Garcia Adanerok eta PSNko Roberto Jimenezek ahalegina guztien hartean partekatzearen garrantzia azpimarratu dute. CDNko Andres Burguetek ere egoki eta beharrezkotzat jo du soldatak jaistea. Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileari ere «koherentea» iruditu zaio hartutako erabakia, baina, soldatez gain, «gastu ez-produktiboak eta alferrikakoak» ere txikitzeko eskatu du, Sanferminen Museoa eta Nafarroako Erresuma pabiloia kasu.
Murrizketak
SOLDATA PUBLIKOAKPresidentea. Miguel Sanzek 81.594 euro gordin jasotzen ditu urtean. %15 murriztuta, datorren urtean 69.335 euro jasoko ditu.
Sailburuak. Gehienek, 75.533 euro gordin jasotzen dituzte urtean. Baina, badira gehiago irabazten dutenak; aurrekontu proiektuak dio Osasun sailburuak 92.939 euro jasotzen dituela. Murrizketak indarrean sartzean, %15 gutxiago kobratuko dute.
Zuzendari nagusiak. Departamenduaren arabera, soldata diferenteak dituzte. Gutxien irabazten dutenek -gehienak- 60.112 euro gordin jasotzen dituzte urtean; beste batzuek, kopuru hori eta 70.000 euro artean; eta hori baino gehiago, osasun saileko gutxi batzuek baino ez. Irabazten dutenaren arabera, %10 eta %15 artean murriztu dizkiete soldatak.
Funtzionarioak. Bost maila daude. Gutxien irabazten dutenek, ia 13.500 euro gordin kobratzen dituzte urtean; gehien irabazten dutenek, berriz, 27.000 euro inguru. Oinarrizko soldata horietaz gain, era askotako osagarriak jasotzen dituzte. Murrizketak tarteko, batez beste %5 gutxiago kobratuko dute. Murrizketak modu progresiboan egingo dituztela ziurtatu du Sanzek.