ZORRAREN KRISIA. FRANTZIA ETA GREZIA. Defizitaren kontrola Konstituzioko araua izatea nahi du Sarkozyk

Aurten %8ra iritsiko da defizia, eta tokian tokiko administrazioei egindako ekarpenak izoztuko dituzte

Erredakzioa
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Alemaniak iaz egin bezala, Frantziak ere Konstituzioa aldatu nahi du defizita kontrolpean mantendu ahal izateko. Muga jarri nahi dio. Gobernuaren helburua da 2016tik aurrera gastuek ez pasatzea BPG barne produktu gordinaren %0,35. Aurreikuspenen arabera, bost urtean izango du herrialdeak Maastrichteko itunak baimendu baino defizit handiagoa. Iaz, BPGaren %7koa izan zuen, eta aurten %8ra iristea espero da. Datozen urteetan kopurua nabarmen murriztuko dela dio gobernuak: BPGaren %6ra 2011n; %4,6ra 2012an; eta %3ra 2013an.

«Finantza publikoak onbideratzea ez du izan behar Gobernu baten konpromisoa, nazioarena baizik. Ezinbestekoa da iraunkorrak izatea, eta, horretarako, finantza publikoen kudeaketa aldatu behar da. Horregatik nahi dutKonstituzioa aldatzea», esan du Nicolas Sarkozy presidenteak. Haren proposamenaren arabera, Gobernu bateko kideek kargua hartzen dutenean, defizitari aurre egiteko plan bat prestatu beharko dute, eta data muga bat jarri gastu publikoa orekatzeko.

Osasun gastua behera

Bestelako neurri batzuk ere iragarri ditu presidenteak. Osasun gastua berrikustea izango da horietako bat. Hazkundea %3ra mugatuko du aurten, eta %2,9ra eta %2,8ra datozen bi urteetan. 20.200 milioi euroko zuloa izan zuen joan den urtean Gizarte Segurantzak, eta 30.000 milioikoa izango du aurten.

Eskualdeetako eta tokian tokiko administrazioei egindako ekarpenak ere izoztu egingo ditu Frantziako Gobernuak. Horri lotuta, Sarkozyk esan du gobernuari eskatu diola ikusteko nola modulatu daitezkeen ekarpen horiek. «Normala da estatuak tokian tokiko administrazioei beretzat hartu dituen neurri berberak aplikatzea. Gastua murriztera bultzatu behar ditugu», dio. Erretiroa hartuko duten 34.000 funtzionario ez ordezkatzea da beste asmoetako bat.



Gastuak murrizteko, hegazkin bakarra erabiltzen du orain Fillonek

Defizita murrizteari buruz hitz egin du Francois Fillon lehen ministroak ere. Sail bakoitzaren gastuak %10 gutxitzea proposatu du. Bere burua jarri du eginahal horren adibidetzat, iaz 2008an baino %8,5 gutxiago gastatu zuela esanez. Besteak beste, hegazkin bakarra erabiltzen du orain. Lehen, bereaz gain, beste bat eramaten zuen badaezpada ere, arazoren bat izanez gero aldatu ahal izateko. Fillonen arabera, gainerako sailak ere ari dira saiatzen. Ekonomia Sailean auto kopurua murriztu dute, eta berriek zilindroen edukiera txikiagoa dute. Bulego nagusietako funtzionarioek %7 gehiago ordaindu behar dute jangelako gastuengatik, eta argiak automatikoki itzaltzen dira gauetan. Hezkuntza Sailean, lore naturalen ordez artifizialak jarri dituzte. Lan Sailak atzerrirako bidaia batzuk ezeztatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.