Bizkaiko metalgintza ordezkaritza duten zortzi sindikatuek zortzi eguneko greba deialdi bat erregistratu dute Eusko Jaurlaritzan. Azken asteetan Bizkaiko metalgintzako patronalarekin (FVEM) izandako bost bileretan —azkenekoa asteartean izan zen— jasotako erantzunen ondoren erabaki dute deialdia egitea. Horrenbestez, egun osoko lanuzteak egitera deitu dute azaroaren 28rako eta 29rako, eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19rako. Aurreko deialdia bost egunekoa izan zen, irailaren 30etik urriaren 4ra artekoa.
Sindikatuek azaldu dutenez (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT), azkeneko bilera horietan ia ez da aurrerapausorik izan. Bost arlotako proposamenak eraman zituzten negoziazio mahaira: lan osasunaren ingurukoak, berdintasun planak, bajen elementu erregresiboa atzera botatzea, behin-behinekotasuna eta ABLEi buruzkoak eta sektore azpikontraten subrogazioaren ingurukoak. Jarrerak azken puntu horretan daude urrunen. Enpresa batek beste bat erostean langileekin dituen obligazioak mantendu beharra arautu nahi dute.
Sindikatuek eta FVEMek hamar bilerako egutegia ezarri zuten. Beste hiru daude zehaztuta hurrengo asteetarako, lehen grebaren aurretik. Bizkaiko metalgintzan ez dago lan hitzarmen orokorrik 2011z geroztik, eta egoera horrek 50.000 langileri eragiten die.