Urriza-Larrañaga eta Matxin III-Ion dira kanpoan geratu diren bi bikoteak Binakako Txapelketaren ligaxkan. Azken jardunaldira azken bi postuetan iristen ziren eta nahiz eta Urriza-Larrañagak batengatik irabazi, kanpoan geratu dira. Matxin III eta Ionek azken postuan amaitu dute azken partiduan 22n geratu eta gero.
Ansa II.ak eta Barrenetxeak nahikoa zuten 32 tanto egitearekin eta nahiz eta partidua galdu, Urriza-Larrañagaren kontra, 39-40 finalerdietara bigarren postuan sailkatu dira. Partidua gorabeheratsua izan zen. Hasieran urdinak aritu ziren aurretik 15-8, baina gorriek buelta eman eta 34-24rekin sailkapena eskuratu zuten. Azken tantoetan urdinak berriz ere bolada onean sartu ziren eta 38-31 galtzetik 39-40ra iritsi ziren lau puntuak lortuz, nahiz eta askorako balio ez izan. Larrañaga izan zen partiduko onena 16 tantorekin, zazpi sakez. Barrenetxeak sakez hamar egin zituen.
Bigarren partiduak historiarik ez zuen izan. Gorriak, Juanenea eta Endika, jaun eta jabe izan ziren hasieratik eta 22an utzi zituzten Matxin III eta Ion. Azpeitiarrek ez zuten bere egunik hoberena izan. Juanenea eta Endika nagusi izan ziren bai atzean eta bai aurrean.
Emaitza hauekin finalerdiak erabakita geratu dira. Juanenea eta Endika, Ezkurra II eta Etxeberriaren kontra ariko dira. Bigarren finalerdian Ansa II-Barrenetxea IV, Uterga eta Azpirozen kontra.