Endika Urrutia sailkatu da Kutxabank Torneoko ligaxkarako, Josetxo Ezkurrari nagusituta. Saldiasko atzelariak 23-30 irabazi zuen, sakeak garrantzi berezia izan zuen norgehiagoka batean. Hala, Endikak iazko arantza atera du: orduan, Ezkurra II.ak kanporatu zuen, 30-29 irabazita.
Partidak bi fase izan zituen. Lehendabizikoa oso berdindua izan zen, eta Ezkurra II.ak alde txikiak atera zizkion, tanto bakarra gehienetan. Biak ongi ari ziren, piloteo bikainekin; Ezkurrak sakearekin min handiagoa egiten zuen, eta Endikak, berriz, ez. 15-14koa egin eta gero, partida goitik behera aldatu zen. Endika sakearekin asmatzen hasi zen. Ordu arte, Ezkurrak sei tanto egin zituen sakearekin, eta ez zuen beste bat ere egin amaiera arte. Endikak, berriz, bi zeramatzan, eta amaieran hamabi egin zituen.
15-14kotik 16-23kora pasatu ziren, 1-9ko partzial batekin. Ezkurrak hiru tantora hurbiltzea lortu zuen, eta Endikaren bikia arazoak ematen hasi zen, baina aldeari eustea lortu zuen. Sakea berreskuratu, eta 20-28ra aldentzea lortu zuen berriz ere. Joan den urtean 26-29 irabazten joan eta gero, 30-29 galdu zuen, baina azkenean ez zen iazkoa errepikatu, eta partida bukatzea lortu zuen, 23-30. Endikak 14 tanto egin zituen piloteoan, eta 12 sakez; guztira lau pilota galdu zituen. Ezkurra II.ak 13 tanto egin zituen, eta sei sakez. Galdutakoak ere lau zituen, bi sakez eta bi piloteoan.
Orain, Endikak Barrenetxearen aurka jokatuko du, asteartean. Urrizak eta Utergak irekiko dute ligaxka, bihar.