Juanenea-Barrenetxea IV.ak eta Uterga-Agirrezabalak hirugarren jardunaldiko lehendabiziko bi partiduak irabazi zituzten. Garaipen horiekin Uterga da finalerdietara sartu den lehenengo erremontista eta Azpirozek eta Barrenetxeak gertu dute sailkapena. Azpirozek ezin izan zuen larunbatean jokatu eta Agirrezabalak ordezkatu zuen, baina lorturiko puntuak Azpirozi batzen zaizkio. Juaneneak eta Barrenetxeak 40-35 irabazi zieten Ansa II.ari eta Ioni txapelketa osoan jokatu den partidarik onenean. Utergak eta Agirrezabalak 40-37 irabazi zieten Matxin III.ari eta Endikari.
Uterga finalerdietara sailkatu den lehen pilotaria da, beste zortzi puntu batu baititu, eta 24 puntu ditu jada, finalerdietara pasatzeko adina. Azpirozek eta Barrenetxeak ere ia behin betiko jauzia eman dute. Agirrezabalak sei puntu batu zituen eta Azpirozek zituen hamalauei batuta 20 puntu ditu. Barrenetxeak 19 puntu ditu, eta Endikak. Atzelarien artean gauzak argiago daude, Ion hamabi punturekin geratu baita eta ezinezkoa du Azpiroz eta Barrenetxea mendean hartzea eta, asko jota, Endikarekin berdindu dezake.
Aurrelarietan Utergaren 24 puntuak alde batera utzita, Matxin III.a 18 punturekin geratu da, Juaneneak 13 puntu ditu eta Ansa hamabi punturekin geratu da. Urrizaren hamarrak eta partida bat gutxiago duela kontuan izanda, bigarren eta hirugarren postu horretarako lehia oso dago.
Emozioa eta joko ona
Partiduei dagokienez, batez ere lehenengoa nabarmendu zen. Abiada bizian jokatu zen. Ansak eta Juaneneak lehia ederra, bizia eta abiadura handian piloteatu zuten. Atzean, Barrenetxeak agindu zuen, batez ere gorrientzat partida zail jarri zenean. 22-25 galtzen zuten, baina Barrenetxeak ezinezko errebotea atera zuen eta ondoren lau tanto egin zituen jarraian, 32-27 markagailuari buelta eman eta errentak bukaerara arte mantenduz. Hernaniarrak bederatzi tanto egin zitueln sakearekin eta hamar piloteoan. Ion urrun geratu zen zenbaki horietatik. Aurrelarien artean Ansak partida bikaina jokatu zuen 19 tanto eginda eta soilik lau akatsekin..
Jaialdiko bigarren partida ez zen hain polita izan, baina bai zirraragarria. Partida oso parekatua izan zen. Matxin III.ak garaipena nahi zuen ostegunean aita izan ondoren, baina azkenean Utergak eta Agirrezabalak eskuratu zuten garaipena. Uterga nabarmendu zen erasoan 25 tantorekin, nahiz eta ohi baino akats gehiago egin zituen 10ekin, asko bi pareteko jokaldian. Hala ere, 15 gehiago batu zituen, Matxinek15 tanto eta hiru huts egin zituen. Atzelarietan Endikak, Agirrezabalak baino tanto bat gehiago batu zuen, baina ez zuen behar adina lagundu eta hori erabakigarria izan zen.