Frankismoaren kontrako borrokan, torturak eta espetxea ezagutu zituen gaztetan Juanjo Landak (Zarautz, Gipuzkoa, 1948). Donostiako komertzio eskolan egin zituen ikasketak, eta matematiketan trebea zen. Nabarmendu du horrek asko lagundu ziola telebistako eta zinemako ekoizle lanerako. Landak iaz hartu zuen pentsiodun «izendapena», 74 urterekin, baina «saltsatan» jarraituko duela argi du. Baineteko zinema saileko aholkularia da egun.
Nola gogoratzen dituzu haurtzaroko garaiak?
Nire lehen oroitzapena 5-6 urte nituenekoa da: eskola publikora joan nintzen aurreneko egunean, etxera itzulitakoan gurasoei esan nien ez nintzela gehiago joango.
Zergatik hori?
Cara al sol kantatu behar izan genuelako eskolan sartu eta berehala. Gurasoek ez zidaten gauza handirik kontatzen. Baina, irratian abesti frankistak jartzen zituztenean, aparatua itzali egiten zuten. Fraideen eskola pribatura bidali ninduten orduan.
Frankismoaren aurkako mugimenduetan gazte sartu zinen. Lehen atxiloketa ere gazte zinela iritsi zen, ezta?
16-17 urte izango nituen lehen aldiz atxilotu nindutenean, eskuorri batzuk tartean zirela. Gero, 1966ko Aberri Egunean, Irunen [Gipuzkoa], berriro atxilotu ninduten. Eta 1968an hirugarren aldiz, 20 urte nituela, salbuespen egoera zegoela.
Hirugarren atxiloketaren ostean, kartzelan izan zinen hainbat hilabetez.
Sei hilabetez izan nintzen preso. Atxiloketa horretan, hemeretzi egun eduki ninduten inkomunikatuta, eta lehen hiru egunetan torturak sufritu nituen. Deklarazio bat sinarazi zidaten. Epaile militar baten aurrean ukatu egin nituen deklarazioan esandakoak; izan ere, torturapean sinatu nuen. Geroago, epaiketa izan nuen Madrilen, eta errugabe atera nintzen. Baina espetxean asko ikasi nuen.
Ordurako lanean zinen, 20 urte zenituela.
Bai, banketxe batean. Aurretik, Donostiako komertzio eskolan egin nituen ikasketak. Matematikazalea nintzen.
Matematikako oinarri horrek asko balio izan al dizu telebistako eta zinemako ekoizle lanetan?
Iruditzen zait baietz. Ekoizle lanean planifikatu egin behar da, taldeak egin eta antolatu, eta, horretarako, matematika jakiteak asko laguntzen du.
Gaztetatik izan zara zinemazale.
Bai, banketxean lanean hasi aurretik, zineklub baten oso zalea nintzen Zarautzen, eta nire ametsa zen Parisera joatea zinema ikastera. Baina argi ikusi nuen etxekoek ezin zutela hori ordaindu. Zinema oso maitea nuen.
1983an, Erreporteroak filmeko gidoilari, ekoizle eta aktore izan zinen. Nola sortu zen proiektua?
Iñaki Aizpuru espetxean ezagutu nuen. Berak TVErentzat egiten zuen lan, berriemaile. Haren ideia izan zen filma egitea.
1980ko hamarkadaren hasierako giro politikoa jaso zuen filmak. Gizartea etengabeko mugimenduan zegoen, ezta?
Bai. Bi protagonistek ideia desberdinak dituzte borroka armatuaren inguruan, eta urte horien errealitatea kontatzen da. Tejeroren [Antonio Tejero teniente koronela] estatu-kolpe saiakerarekin amaitzen da istorioa.
Nolatan aritu zinen aktore?
Filmerako hautaprobetan, emakumezko bi aktore eta gizonezko bi aukeratu genituen. Entseatzen hasi ginen, Ulian [Donostia], baina neska bat eta mutil bat ez ziren batere ondo konpontzen. Elkarri mokoka aritzen zirenez, zuzendariak erabaki zuen haiekin ez jarraitzea, eta esan zidan gidoia ondo ezagutzen nuela, eta ea egingo ote nuen pertsonaia. Baietz esan nuen, ez dakit nola. Kritika gogorrenak ez zizkioten aktoreen arloari egin.
Kritika txar batzuk iritsi ziren, ordea.
Gogoratzen dut pelikulaz ez zutela oso ondo hitz egin. Min handiena Egin-eko kritikak egin zigun.
Hala ere, jende asko joan zen filma ikustera aretoetara, ezta?
Ikaragarri, jende piloa. Euskaraz zen filma, ez ehuneko ehunean. Handia filmeko ekoizleetako batek esan zidan Erreporteroak izan zela 2018ra arte aretoetan gehien ikusi zen euskarazko filma; Handia-k gainditu zuen arte, alegia.
Euskal zinemaren historia errepasatzen denean, ez da askorik aipatzen Erreporteroak.
Ez da batere aipatzen, eta ez dakigu zergatik. Euskarazko lehen filmetako bat izanda, ez dut ulertzen nolatan izan den isildua.
Sona handiagoa izan zuen Ke arteko egunak filmak (1989). Bertan, Luis Goia ekoizleak manifestazioetako istiluen eszenak koordinatzeko agindua eman zizun. Nola joan zen hura?
Espainiako Poliziarekin harremanetan jarri nintzen, eta ez zuten oztoporik jarri. Santa Katalina zubiko [Donostia] istiluen eszenetan, polizia batzuk benetakoak ziren, eta manifestarien rola betetzen zutenak ere protestetara joaten zirenetakoak ziren.
Cateringa denentzat berdina al zen?
Pentsatzen dut baietz, baina denak mahai berean ez [barreak].
Grabaketak ondo joan ziren?
Arazo batzuk izan ziren, baina nahiko ondo, bai.
Antton Ezeiza zen zuzendaria. Zer diozu haren ibilbideaz?
Dezenteko nostalgia izan ohi zuen, kanpoan urte asko egin zituelako. Gizon oso adeitsua zen, ofizioa ezagutzen zuena. Euskal Herrian gauzak egiteko beharra sumatzen zitzaion.
Telebistako ekoizle gisa ETBn hasi zinen, ezta?
Bai, Funtzioa saioan. Eskola oso ona izan zen niretzat. Funtzioa zuzeneko show bat zen, orkestrak zuzenean jotzen zuen, eta osagai asko zituen. Jendeak oso gustura ikusten zuen, gainera.
1991. urtean, berriz, Bainet ekoiztetxean hasi zinen lanean.
Zalantzak izan nituen, Baineteko —garai hartan Asegarce zen— lan asko gaztelaniaz izango baitziren, eta euskararekin lotura handia bainuen...
Bainetek ekoitzitako film garrantzitsu bat Airbag (1997) izan zen. Nolako proiektua izan zen?
Oso gogorra izan zen. Madrilen grabatu genuen parterik handiena, eta filmaketa oso zaila izan zen. Bi aldiz eten behar izan genuen; Juanma Bajo Ulloa zuzendariarekin elkar ulertzea zaila zen. Grabaketak hasi eta bi astera, Satur Idarreta arte zuzendariak esan zigun bazihoala —ezin zuen gehiago, zuzendariak hark egindako lana aldatzen baitzuen—. Bestetik, bazen Suitzako ekoizle bat Madrilen. Hura ohean gelditzen zen, burua ondo estalita, arazoren bat gertatzen zenean.
Baina pelikulak sekulako arrakasta izan zuen Espainian.
Bai, hala da. Pentsa, ezagutzen ez dugun jendeak egun aipatzen digu tarteka Airbag.
Baineten, telebistako saio asko ere ekoitzi dituzu. Zeintzuk?
Denak: hasieran, Karlos Argiñanoren saioa, eta gero, Bricomanía, Decogarden eta horiek guztiak. Azken programa horiek hogei urte baino gehiago eman dituzte antenan. Produkzio zuzendari nintzela jarri genituen martxan.
Saio horien inguruan hitz egin edo idatzi denean, ez da askorik aipatu zure izena.
Ez da beharrezkoa. Niri itzalean ibiltzea gustatzen zait. Frankismo garaiko kontuengatik izango da akaso...
Pilota ere garrantzitsua izan zen Asegarceren lehen urteetan.
1992an jarri genuen martxan pilota. Asegarceko zuzendarietako batek esan zigun ea TVErentzat egin zitekeen zuzeneko emanaldi bat, eta egin genuen. Gero, Tele5n eta Atresmedia taldean ere eman genituen partidak. Pilota Espainiako estatu osoan ikus zedin nahi zuen ekoiztetxeak, eta urte batzuetan lortu zen. Baina ezin izan genuen jarraitu.
Argiñano hor atzean egoteak garrantzia izan al zuen?
Bai, bai, dudarik gabe. Argiñanoren eragina erabatekoa izan da. Iñaki Gurrutxagaren garrantzia ere nabarmentzekoa da.
Argiñano bera Irati filmean ageri da une batean. Zer dio berak?
Oso pozik dago filmak izan duen harrerarekin, baina iruditzen zaio bera oso gutxi agertzen dela.
Kontua da Irati-k kendu diola ikusle gehien izan duen euskarazko filmaren marka Handia-ri. Zu ekoizle aritu zara pelikulan. Pozik zaude marka horrekin?
Bai, pozik eta harro. Zinemarekin izango dudan harremanaren bukaera izan daiteke Irati. Edo ez. Baina gustura nago.
Nolako zailtasunak izan dira filmaren finantzaketan?
Arrisku handia hartu zuen Bainetek Irati egiten. Dirutza behar izan da filma egin ahal izateko. Nahiz eta laguntza publikoak izan dituen, kontuan izan bost milioi eurotik gora kostatu dela.
Diru hori guztia berreskuratu al da?
Ez, oraindik ez. Orain ikusiko dugu ea nazioarteko banaketa nola joaten den. Aretoetan 160.000 ikus-entzule inguru izan ditu. Baina oraindik ez dago banaketarik Iparraldean eta Frantzian. Hegoaldeko eta Iparraldeko zinemagintzen arteko harremana faltan sumatzen dut. Beharrezkoa da biak lotzea.
Zaila da urtero Irati-ren gisako euskarazko film bat estreinatu ahal izatea. Zer beharko litzateke halako egitasmoak sarriago egin daitezen?
Bizkaian laguntza bereziak jarri dituzte, inbertsioak lortzeko. Datorren urtean gauza bera egingo dute Gipuzkoan eta Araban. Produkzioak erakarri behar dira, baina ez da nahikoa kanpokoak ekartzea. Film garestiak egitea oso zaila da; eta euskaraz, are gehiago. Plataformek ez dituzte euskarazko lanak sustatzen, baina Euskal Herrian nahi adina istorio baditugu filmak egiteko. Euskaraz film gehiago egin behar direla iruditzen zait.
Euskarazko zinemak ba al du etorkizunik?
Izan dezake. Etorkizuna badago, baina ahaleginak behar dira. Irati Amazon Prime Videon jarri dute, eta oso ondo ibili da.
Euskarazko telebistagintzanhutsuneak ikusten al dituzu?
ETB1ek ikusle gutxi ditu. Gauza berriak egin beharko lirateke. Gazteek ez dute telebista askorik ikusten zuzenean, nahi dutenean baizik.
Eta Euskal Herria nola ikusten duzu politikoki?
Garai batean itxaropen handiak genituen. Orain ikusten da aldaketak oso mantso gertatzen direla gizartean, era guztietakoak. Esaten da gazteak ez direla inplikatzen, baina gure garaian ere gazte pilo bat ez zen inplikatzen.
Lortu dira gauza batzuk.
Bai. Adibidez, lortu zen euskarazko egunkari bat, eta hori ez zen batere erraza izan, Eusko Jaurlaritzako jendea aurka baitzegoen. Baina horri buelta eman zitzaion. Dena den, argi dut nik ez dudala ikusiko askatasuna.
Askatasuna zeri deitzen diozu, Euskal Herriaren independentziari?
Bai. Dena dela, independentzia egun ez dut ulertzen garai hartan ulertzen nuen bezala. Erabakitzeko eskubidea lortzea kostako da, baina behar-beharrezkoa da.
Iaztik pentsioduna zara ofizialki. Zertan zabiltza orain?
Gustura egoten naiz etxean, baina saltsa gustatzen zait. Jarraituko dut ilusioa pizten didaten kontuetan parte hartzen.
Baineteko filmetan laguntzen jarraituko duzu orduan?
Paul Urkijorekin lan egitea gozamena izan da; oso ondo konpondu gara. Hor jarraituko dut nik.
Juanjo Landa. Zinema eta telebista ekoizlea
«Hegoaldeko eta Iparraldeko zinemagintzak lotzea beharrezkoa da»
Duela 40 urte, 'Erreporteroak' filmeko gidoilari, ekoizle eta aktore izan zen. Hura izan zen aretoetan ikusle gehien izan zituen euskarazko pelikula, 2018an 'Handia' iritsi arte. Landak ekoitzitako 'Irati'-k ezarri du marka berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu