Hamar kartel izan ziren finalistak, baina bakar batek irabazi du lehiaketa: Iruindarren etxea afixak. Sandra Nadal Vital artista iruindarrak egin du. Joseba Asiron Iruñeko alkateak iragarri du irabazlea, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. «Iruindarrentzat oso irudi ezaguna eta maitatua da, festa baino lehen, bitartean eta gero ohikoa izaten baita hirian», aipatu du Asironek. Eguneroko bizitzari keinua egiten diotela erantsi du, Nadalen artelanetan ohikoa izaten den moduan.
Nadalek Arrosadia auzoko bere aitona-amonen bizitokiaren inguruko etxe bat margotu du. Azaldu du bere artelanak bi elementu dituela: batetik, etxea, «gurea denaren eta egunerokoaren seinale» eta, bestetik, arropa, «iruindar baten identitatearen erakusle». Arropa eskegita jartzea gonbidapen bat dela azaldu du: «Arropa kalera ateraz gonbidatu nahi ditut bertakoak zein kanpokoak etortzera, hemengoak senti daitezen eta etxean senti daitezen».
Nadal artista plastikoa da. Eskuz eta geldo egindako lanaren aldeko aldarria egin du. Epaimahaiak kartelaren kalitate teknikoa nabarmendu du. Olio pinturaz egindako proposamen bat da, eta festak gertutik bizi dituztenen ohiko eszena bat transmititzen du: arropak balkoietan eta leihoetan eskegita. Nolabait, festa hasi aurreko giro hori ekartzen du gogora. Proposamen xumea izanda ere, oso iradokitzailea da.
Nadal lehiaketara aurkezten den hirugarren aldia da; horregatik esan du Asironek garrantzitsua dela behin eta berriro saiatzea. Aurten ere, irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta, berrikuntza gisa, finalista izendatu dituztenei 500na euro emango dizkiete. Iaz bezala, aurten ere adimen artifizial sortzailea erabiltzea debekatuta zegoen, baina ez dute halako kartelik identifikatu jasotako 490 proposamenen artean.
Orain bi aste aurkeztu zituzten finalistak, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta herenegun arteko epea izan dute iruindarrek gustukoena aukeratzeko; presentzialki, telefonoz eta online bozkatu ahal izan dute. 10.475 boto jaso dituzte guztira. 2019ko edizioaren atzetik, boto gehien jaso den urtea izan da. Joseba Asiron alkateak esan du oso gogotsu itxaron ohi dela kartel irabazlearen prentsaurrekoa, «sanfermin jaiak gertu daudela esan nahi duelako».