«Kalea da sanferminen berezko tokia»

Herri kanten bidez, euskara festaren erdigunean jartzea maite du Txomin Mundiñanok. Denontzako festa eredu irekia aldarrikatzen du.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Txomin, aspaldiko!», «Zu ere hemen?», «Ongi ikusten zaitut!», «Txomin!». Ezinezkoa da sanferminen erdian Txomin Mundiñano elkarrizketatzea (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1954), solasaldia dozena bat aldiz eten gabe. Denek agurtu nahi dute Arrosadiko bizilaguna, besarkatu edo bostekoa eman. Langilea, euskaltzalea, militantea eta saltsa askotako perexila da. Baina, batez ere, urteetan ingurukoen maitasuna irabazi duen auzokidea.

Noiz hasi zinen Sanferminetan Kantari egitasmoan parte hartzen?

Ufa! Bada urte mordoxka bat. Hasi zenetik, ia.

Nola ezagutu zenuen egitasmoa?

Ezagunen eta lagunen bitartez: haiekin topo egin, gustatu zitzaidan egiten zutena, eta, ordutik, ni ere hasi nintzen kantuan ateratzen. Urte hauetan oso harreman estuak eta lagun onak egin ditut kantuaren bitartez. Bada, adibidez, Txema Hidalgo izeneko lagun bat, sekulako lana egin duena Nafarroa goitik behera zeharkatuz, eta herriz herri kantu herrikoiak bilduz. Ehunka kantu zahar topatu ditu, denak Nafarroakoak, denak euskaraz.

Horiek ere abesten dituzue kalera ateratzen zaretenean?

Bai, bai. Denetarik abesten dugu. Jendeak askotan pentsatzen du kantu berriak direla, ezezagunak edo aspaldi galdutako piezak direlako, baina kantu herrikoiak dira, bertokoak, Txemak herriren batean topatuak. Ondare itzela da.

Ondarea ez ezik, euskara kalera ateratzeko modua ere bada Sanferminetan Kantari. Nola ikusten duzu euskararen presentzia?

Zaila da sanferminetan euskararentzat espazioak zabaltzea. Arrosadian badugu euskara sustatzeko talde bat, eta gauza asko antolatzen ditugu euskaldunentzat: bazkari herrikoiak, emanaldiak... Baina tokian tokiko ekimenak dira.

Etxarriarra zara sortzez. Noiz hasi zinen Iruñeko festetara etortzen?

Iruñera mugitu nintzen 14 urterekin, eta hemen egon naiz ordutik. Hala ere, aitortu behar dut urte gehienak lanean eman nituela, erretiroa hartu nuen arte.

Zertan egin izan duzu lan?

Zertan? Zertan ez! Denetarik egin izan dut: 14 urterekin, mekanikari lanetan aritu nintzen; gero, Burundesako autobusetan, kobradore; banatzailea ere izan nintzen, edariak, arrautzak eta beste hainbat gauza banatzen nituen; urte batzuk eman nituen Focsan garbitzaile [gaur egun FCC, Iruñerriko zabor bilketa eta kale garbiketa zerbitzuak esleituak dituen enpresa]; kamioi gidari ere aritu nintzen, eta baita billabesetako gidari ere. A, eta azken urteetan, Sakanako Mankomunitatean egin nuen lan!

Asko aldatzen dira sanferminak lanean ala parrandan?

Erabat. Batez ere, kalera ateratzera behartzen zaituzten lanetan. Billabesako gidari edo Focsako garbitzaile izan nintzen urteetan, adibidez, sanferminetako ia egun guztiak ematen nituen kalean lanean. Oso gogorra da, ondoan jendea parrandan dabilelako... Urte horietan, gainera, bi jai egun ematen zizkidaten, eta horietako bat peñan ematen nuen, txanda neukalako barran!

Festaren izaera herrikoia eta kaletarra aldarrikatzen duzu...

Bai, erabat. Nik beti esan izan dut festak egin behar direla kalean, hori da sanferminen berezko tokia. Jende guztiari aukera eman behar zaio ateratzeko eta ongi pasatzeko. Nik giro hori maite dut, eta festa horietan sinesten dut.

Adinarekin beste era batera ikusten dira festak?

Bai, aukera gutxiago duzu ateratzeko... beste kontu bat da. Esan ohi da festak aldatu direla, baina nik halakoei erantzuten diet: ez al gara gu aldatu garenak? Gazteei egiten zaizkien kritikak-eta... Eta guk zer demontre egiten genuen adin horrekin? Ba gauza bera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.