Oskarbi musika taldeak 60 urte beteko ditu datorren urtean, eta lortua du jada bere lekua euskal kulturaren historian. Hain zuzen ere, Euskara Donemiliagatik gurera emanaldia prestatu dute, euskararen historia kantu bidez kontatzeko. Bihar Tolosako (Gipuzkoa) Topic aretoan emango dute, 19:30ean, Lizardi elkarteak antolatuta. Ostiralean Irunen (Gipuzkoa) izango dira, Amaia antzokian. Emanaldiak antolatzen buru-belarri aritu da Oskarbi taldeko kide Joxelu Treku (Lezo, Gipuzkoa, 1949).
Euskal Herriko musika talde gutxik esan dezakete datorren urtean 60 urte beteko dituztela.
Nik uste dut euskaraz kantatzen duen talderik eta bakarlaririk ez dagoela. Benito Lertxundik bukatu berri du bere aroa, eta hortxe ibiliko zen: 60 bat urte egin ditu. Guk hurrengo urtean egingo ditugu 60 urte kantari. 1966an hasi ginen, eta hurrengo urtean disko bat aterako dugu, eta kontzertuak emango ditugu. Hori gutxienez; hortik aurrera, ikusiko dugu.
1966an Oskarbi musika taldea sortu zuten gazte haiei burutik pasatu zitzaien orain, 2025ean, hemen segituko zutela kantari?
Ez, inondik ere ez. Orduan ez ginen jabetzen zer egiten genuen, zer izango zen, eta Euskal Herria nora joango zen, ezta euskara biziko zen ere. Ibilbide bat egin dugu, eta badago nolabaiteko jarraipena.
Euskara hutsean kantatu duzue hasieratik. Zuen identitatearen marketako bat da hori?
Bai. Guk eta orduko Ez Dok Amairukoek hori erabaki genuen: euskara hutsean kantatuko genuela, eta euskal kultura eta euskara zabalduko genituela, testigantza emanez, kantu berriak eginez eta kantu herrikoiak plazaratuz eta berrituz.
Orduan, euskararen historian baduzue zuen lekua.
Bai, nik uste dut baietz. Ezaugarri horri eusten diogu. Hori beti izan da Oskarbiren identitatearen parte bat.
Hain zuzen ere, euskararen historia eramango duzue oholtzara Euskara Donemiliagatik gurera ikuskizunean.
Nik aspalditik nuen ideia hori. Guk euskarari lotutako kantu batzuk ditugu, testu zaharrak eta euskararen altxor diferenteak aipatzen dituztenak. Sarrera kantu batekin hasiko da, orain grabatu dugun kantu berrietako batekin. Gero, euskararen ibilbidea hasiko da. Jon Aizpurua aurkezlea aterako da, eta euskararen lehen arrastoak azalduko ditu, erromatarren garaikoak. Hurrengoa mila urte gerokoagoa da, eta hori Donemiliagan dago.
Glosetan.
Glosetan. Horretarako kantu bat egin dugu, eta grabatu berri dugu. Hortik hasiko da euskararen ibilbidea. 1000. urte ingurutik 1400 ingurura pasatuko gara: Lasturko Milia. Aspaldi musikatu genuen, Xirimiri diskorako. Orain berreskuratu egingo dugu, eta beste kantari batzuk izango dira, Oskarbi aldatuz joaten baita beti.
Zu hasieratik zaude taldean.
Iñaki [Maritxalar], Maite [Aizkorreta] eta hirurok gaude hasieratik, beste batek 50 urte daramatza, eta beste lau berriak dira.
«Erabaki genuen euskara hutsean kantatuko genuela, eta euskal kultura eta euskara zabalduko genituela»
Betidanik arakatu izan duzue euskararen historian?
Bai. Beti izan garenez euskarari lotuak, beti izan ditugu gure kantutegietan eta errepertorioan euskarari lotutako kantuak, euskara aldarrikatzen.
Emanaldietan igarri ahalko da grabatzen ari zareten diskoko zerbait?
Bai. Aurrerapen txiki bat da.
Zer izen edukiko du?
Ez dakigu. Egiten ari gara. Ez dugu gidoi batekin egiten; egin ahala grabatuz joango gara. Proiektu bat dugu Gipuzkoari kantuak egiteko. Euskal kantutegian herrialde guztiei buruzko kantuak daude —Bizkaia maite; Agur, Zuberoa...—, eta zergatik ez Gipuzkoari buruzkoak? Aurten, gainera, mila urte bete dira hitz hori lehen aldiz idatzi zutenetik. Oraindik ez gara entseatzen hasi, baina uste dut horiek izango direla hurrengo grabazioak. Juan Gartziak egin digu poema, eta Gipuzkoa du izena.
Kide asko izan dituzue 60 urtean. Hari bat egon da?
Nik uste dut eutsi diogula. Euskaraz kantatzen dugu, ahotsetan kantatu dugu beti, eta neska-mutilak izan gara hasieratik. Hari bati eutsi diogu: guk egindako kantuak nahiko bereziak dira. Ez dugu partiturarik egiten: melodia batetik edo poema batetik hasten gara. Musika, idatzita gutxi. Entseguan egiten dugu. Sortuz joaten gara. Kantua bukatu eta gero egiten da partitura. Hori da Oskarbiren berezitasunetako bat. Hori, kantu berrietan. Herri kantak jaso eta gure erara ere ematen ditugu: ahotsetan, beste erritmo batean...
Ez Dok Amairuren garaia mugarri bat izan da zuen ibilbidean?
Bai. Lau urte haiek garrantzitsuak izan ziren guretzat. Gu han ginen, gazteagoak. Ez Dok Amairuren kantaldiak Oskarbirekin hasten ziren, eta Oskarbirekin bukatu.
Eta izena? Zergatik jarri zenioten Oskarbi izena taldeari?
Istorio hori oso polita da. 1966an sortu genuen, frankismo betean, Pasai Antxon. Antxoko lagun baten semeari Oskarbi izena jarri nahi zioten.
Ez zieten utzi, noski.
Hori gertatu zen. Eta horregatik jarri genion taldeari Oskarbi izena. Horrela izan zen. Pertsona hori bizi da, e!
Eta nola du izena?
Aitor Aldasoro du izena. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea da gaur egun.